NAIZ

Iruñerrian Voxen aurrean protesta egiteagatik bi lagun atxilotu dituzte

Otsailean Voxek Arrotxapean eta Berriozarren antolatu zituen ekitaldien aurrean protesta egiteagatik bi lagun atxilotu dituzte. Gogor oldartu ziren Polizia espainola eta Foruzaingoa bi toki hauetan Voxen izaera faxista salatzen zutenen aurka. Berriozarren atxilotutakoa arratsaldean aske geratu da.

Arrotxapean eta Berriozarren Voxek otsailean antolatu zituen ekitaldiei aurre egiteagatik izan ziren istiluengatik bi lagun atxilotu ditu Polizia espainolak Iruñerrian. NAIZek jakin ahal izan duenez, Berriozarren atxilotutako pertsona arratsaldeko lehen orduan aske geratu da.

Egun horretan, gogor oldartu ziren Foruzaingoa eta Polizia espainola protesta egin zutenen kontra eta zaurituak izan zirela salatu zuten. Asteburu berberean paratu zituen karpak Voxek etorkinen kontrako mezua zabalduz. Larunbatean Arrotxapean izan ziren eta igandean Berriozarren. Bi tokiotan jende kopuru andana bildu zen alderdi ultraeskuindarraren mezua salatzeko eta Iruñerriko bi toki horietan faxismoak ez duela tokirik aldarrikatzeko.

Polizien jarduerak, berriz, hamarnaka zauritu eragin zituen. Berriozarrera, adibidez, anbulantzia bat joan zen zaurituak artatzera eta ospitalera eramatera. Zaurituen artean hezur hautsi ugari izan ziren jaurti zituzten foam balek eta erabili zituzten porrek eraginda.

Berriozarko alkate Iker Mariezkurrena polizien agintari batekin bildu zen herri honetan izan zuten jarduera neurriz kanpokoa izan zela adierazteko.

Oraingoan, berriz, ustez polizien kargak jasan zituzten bi lagun atxilotu dituzte Iruñean. Askek jakitera eman duenez, Polizia espainolak Chinchilla kalean duen komisaldegitik pasa eta gero, epaitegira eraman dituzte.

Sortuk elkarretaratzea deitu du astearte honetan 19.30ean Berriozarko Euskal Herria plazan Polizia espainolak egindako atxiloketa hauek salatzeko.