Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad

Jaiak bai, Yala ere bai

Sanferminetako suziria jaurtitzeko unean begiak busti ohi zaizkigunoi malkoei eustea zailagoa egingo zaigu bihar eguerdian. Iruñetik mundura bidalitako mezu ozena izango da, gerrazaleen aurkako misil baketsua, herri zapaldu baten aldekoa, gizagabetasunaren kontrakoa... Mezu politikoa, jakina. Sanferminak abiatzeko ekitaldiak inoiz ez du horren zentzu sakonik hartu, esango nuke. Genozidio horren aurka dena esanda dagoen une etsigarri honetan, dena ez baitago ikusia, ezta egina ere.

Duela 20 hilabete Israelek sarraskia abiatu zuenetik askotan aipatu da naziek juduei egindakoa errepikatzen ari direla orain sionistak Gazan. Konparaketa gorrotagarria da, dudarik gabe, oso, baina ulergarria ere bada. Mundu zabalaren ikuspegitik, ordea, ezberdintasun aldagai bat dago. Duela 80 urte berandu ohartu zen nazioartea kontzentrazio esparruetan ezartzen ari zen odoluste lazgarriaz, sarraskiaz. Informazio fluxuak beste era eta beste abiadura batean hedatzen ziren. Orain, aldiz, zuzenean ikusten ari gara, egunero, gordintasun osoz; telebistan baitugu, mugikorrean, etxean. Horrek interpelazio zuzena eragiten du, eragiten digu. Gauza asko dira jokoan guretzat ere, palestinarren herriak bizirik irauteaz gain: ‘Indartsuenaren Legea’ nagusituko ote den, gehienbat, horixe baita ultraeskuinaren gorakadaren oinarri eta helburua.

Sanferminak abiatzeko ekitaldiak inoiz ez du horren zentzu sakonik hartu. Dena esanda dagoen une etsigarri honetan, dena ez baitago ikusia, ezta egina ere

Duela zenbait hilabete zabalpen handia hartu zuen nazioarteko kanpaina batek laburbildu zuenez, gure seme-alabek galdetuko digute akaso, egunen batean, Gazako genozidioaz: «Nolatan ez zenuten ezer egin?». Sanfermin hauetarako Iruñeko herritargoak egin du hautua, ez-nahikoa seguru, baina eskura zuena, behintzat. Gehiengo handiz eta inoizko parte-hartzerik handienarekin erabaki du. Ez du beste alde batera begiratu. Ezin.

Ezin? Zalantza dut galdera horren aurrean. Izan ere, Iruñean eztabaida hau barruraino sartua izan dugu azken hamarkadotan, jaiak eta aldarrikapena uztargarriak ote ziren, alegia. Riau-riauren liskarretatik hasi eta oraingo gatazketara, urtero-urtero jende multzo batek ‘Jaiak bai, borroka ere bai’ leloari eusten dio eta beste batek «¡San Fermin, San Fermin!» erantzuten du, edozein protesta alboratzeko exijituz.

Tranpatia da argudioa, jakina: festak «politizatzearen» aurka daudenek, adibidez, ikurrina ezkutatu nahi izan dute beti Udal Plazan uztailaren 6an; gogoan dut behin “Abc”ren azalean euskal ikur guztiak beltzez margotu zituztela, lotsa izpirik gabe, berdea eta gorria ezabatze aldera. ‘Apolitiko’ horiek, gainera, suziria zinegotzien eskuetan baino ez dute ikusi nahi izan (ezker abertzalekoen urtea bazen salbu, orduan txanda-pasa egiten zuten eta). Edo festagunera poliziakide armadunak sartu dituzte, nahi izan dutenean, hori ez baita politika egitea, itxuraz. Edozein kasutan, oro har, arrakastatsu samarra izan da «¡San Fermín, San Fermín!» horren irizpidea, iruindar askorentzat jaiak ‘bakean’ irautea helburua garrantzitsuena baita.

Gauzak horrela, arreta jarri diot aurtengo herri hautaketaren aurrean eskuinak izan duen erreakzioari. Gauzak igandean alda daitezke, beharbada, baina “Diario de Navarra” eta UPN, bereziki, oldarkor ez direla aritu iruditu zait. Bozketa horretan izan duten porrota nabaria da. Beren gustuko hautagaitza baten alde botoak pilatu nahian zebiltzala zabaldu zen zurrumurru gisa, eta hala izan bada, ez dute gauza handirik lortu. Men egite horren atzean bi arrazoi antzematen ditut. Batetik, iruindar gizartea garai batean beren menpe zegoen hura ez dela ulertu eta onartzen ari dira, ez dute beste erremediorik. Bestetik, jakin badakite Yala Nafarroak nabarmendu duena egia borobila dela: Gazakoa ez da kontu politikoa soilik, zinez politikoa izan arren. Gizatasun kontua da.