NAIZ

Grebari berrekin diote Gipuzkoako erresidentzietako langileek prekarietatearekin amaitzeko

Urtarrilean hasitako Gipuzkoako erresidentzien eta eguneko zentroen hitzarmen berriaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatu du ELAk laugarren greba egunean. Sindikatuak Foru Aldundiari langileak prekarietatetik atera eta zerbitzuaren arreta hobetuko duen hitzarmearen lidergoa hartzeko eskatu dio.

Gipuzkoako erresidentzietako langileen manifestazioa.
Gipuzkoako erresidentzietako langileen manifestazioa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentruetako 5.000 langileek ekainean egindako hiru greba egunei jarraipena eman diete asteazken honetatik aurrera egingo dituzten beste hiru greba egunekin. Gaurko greba egunak jarraipen zabala izan du lan zentruetan eta langileek Gipuzkoako Plazatik hasi eta bertan bukatu den manifestazio jendetsua burutu dute.

ELAk mahai negoziatzailean %60ko ordezkaritza du eta, salatu duenez, urtarrilean hasita burutu diren negoziazio bileretan «patronalek ez dute sektorean dagoen prekaritatearekin amaituko duen inongo edukirik jarri mahai gainean».

«Izan ere, azken urteetan kontratuen partzialtasuna izugarri hazi da eta langileen %40ak borondatezkoak ez diren kontratu partzialak ditu. Egoera honek, langileen lan eta bizi baldintzak izugarri okertzeaz gain, egoiliarrei eskeintzen zaien arretaren kalitatea ere nabarmen okertu du. Enpresa pribatu eta irabazi asmorik gabe deklaratzen diren gehienek mozkinak lortu eta negozio logika batean oinarritzen den zaintza sistema eusteko bakarrik esplikatzen da egoera hau», azaldu dute.

Hau horrela, ekainaren 20an ELAk bai Aldundiarekin egindako bileran, baita ere Gipuzkoako batzar nagusietako Gizarte politiketako batzordean egindako agerraldian, sektorearen egoera azaldu eta foru aldundiari ardura politikoa hartu eta «prekaritate honekin amaituko duen hitzarmen bat ahalbideratzeko lidergotza eta bitarteko guztiak jar ditzatela» eskatu zuen.

Hitzarmen horretarako, ELAk %100eko lan jardunaldia duten kontratuak eskatzen ditu langile guztientzat, soldata arrakalarekin amaitzea eta asteko 32 lanordu ezartzea ere bai, besteak beste.

Langile guztiak bihar eta etziko greba egunetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu, baita ere zaintza publikoa, unibertsala, doakoa eta kalitatezko bat aldarrikatzen duten eragile sozial zein herritar guztiak.