Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA
Entrevista
Igor Zulaika
EH Bilduko Nazioarteko Harreman eta Politika legebiltzarkidea Gasteizen

«Bere herriarekin konprometituta, aurrepausoa eman duen antolakundea ikusi dugu Kurdistanen»

PKK gerrilla kurduak armagabetze prozesuaren hasiera irudikatu du gaur esanahi handiko ekitaldi batean. Bertan izan da Igor Zulaika, EH Bilduko Nazioarteko Harreman eta Politikako kidea eta legebiltzarkidea Gasteizen, eta gertatutakoaren berri eman dio NAIZi.

Igor Zulaika, EH Bilduko Gasteizko legebiltzarkidea, PKKren zeremonia izan den lekuan.
Igor Zulaika, EH Bilduko Gasteizko legebiltzarkidea, PKKren zeremonia izan den lekuan. (NAIZ)

Igor Zulaika, EH Bilduko Nazioarteko Harreman eta Politika legebiltzarkidea Gasteizko Legebiltzarrean, PKKren armagabetze prozesuaren lekuko zuzena izan da ostiral honetan. Bertatik NAIZekin telefono bidez eginiko elkarrizketan gerrilla kurduak emandako urratsaren garrantzia nabarmendu du.

«Guretzat oso garrantzitsua zen gaur hemen egotea gure babesa helerazteko eta hautatu duten bide honetan beraien alde egongo garela adierazteko», plazaratu du.

Bere hitzetan, «kurduek aurrera eraman duten prozezuak Euskal Herrikoarekin paralelismo handiak ditu. Gaur irakurri duten adierazpena, esaterako, herri kurduari eta nazioarteko komunitateari zuzenduta dago. Hemen ikusi eta bizi izan dudanak gogora ekarri dit ETAren armagabetze eguna Baionan, bereziki errelatoaren inguruan dagoen bataila kontuan harturik».

PKKren armagabetze prozesuaren hasieraren lekuko izan zara. Lehenik eta behin, nola joan da?

Sekulako ekitaldia izan da. Komunikazioa erabat adostua eta lotuta zegoen. Sarreran mugikorrak kendu dizkigute. Megafoniatik irudirik edo bideorik ez egiteko eskatu digute, gero sare sozialetan zabaldu ez zitezen. Bi hedabide egon dira, Kurdistango ANF Firat News eta Turkiako TV8 telebista katea. Kurdistango gizarte zibilaren alboan eseri gaituzte.

Gerrilariak Yasana deritzan kobazulotik jaisten hasi dira. Kokapen historikoa da, kobazulo horretan altxamendu bat egon zen 1925ean. Agiri bat irakurri dute, turkieraz eta kurdueraz.

Ondoren, banan-banan armak soinetik kendu eta sutan jarri dituzte. Bertan zegoen jendea, nahiz eta txalorik edo adierazpenik ez egiteko agindua zuen, gerrilariak azaldu direnean txaloka hartu dituzte eta Ocalanen askatasunaren aldeko oihuak bota dituzte. Joan direnean ere txaloka hasi dira.

Euskal Herrian egon zen armagabetzearen aldean, nolabaiteko antzekotasunik edo paralelismorik ba al da?

Prozesu bakoitza mundu bat da, hori guztiok oso argi dugun zerbait da. Baina egia da, kurduek aurrera eraman duten prozezuak Euskal Herrikoarekin paralelismo handiak izan baditu. Esaterako, gaur Bakerako eta Gizarte Demokratikorako Taldeak irakurri duten adierazpena, herri kurduari eta naziorteko komunitateari zuzenduta dago.

Hemen ikusi eta bizi izan dudanak gogora ekarri dit ETAren armagabetze eguna Baionan, bereziki errelatoaren inguruan dagoen bataila kontuan harturik. Bi narratiba eraikitzeko saikerak daude. Batetik, batzuk PKKren urratsa gutxietsi eta «galdu» duela islatu nahi dute, baina ekitaldian beste gauza bat ikusi dugu; bere herriarekin konpromisoa duen eta aurrepauso bat egin nahi duen antolakunde bat ikusi dugu.

Paralelismo horretatik, Euskal Herriko prozesua nolabaiteko eredua izan dela ondorioztatu daiteke?

Ez nintzateke horrelakorik esatea ausartuko. Baina mugimendu kurduak ondo ezagutzen du Euskal Herrian emandako prozesua, eta gurea bezala, gainerako bake prozesuak ere inspirazio gisa erabiliak dira.

Guztiok begiratzen dugu besteek zer egin dute, elkarrengandik ikasteko. Ziurrenik, haiek gure prozesutik ikasi dute. Baina egin dutena haien eredu propioaren araberakoa izan da.

Nola baloratzen dugu nazioarteko komunitatearen jarrera?

Egia esan, gaur egun nazioarteko komunitatearen jarreraz hitzegitea oso zaila da, argi eta garbi gelditu baita estandar bikoitza duen komunitatea dela. Gaur hemen ordezkaritza garrantzitsu bat elkartu gara. Baina egia da ere, oso epe laburrean egin dela deialdia eta Europatik etorritako hautetsi bakarrak Alemaniako bat eta ni neu ginela. Niretzat garrantzitsuena Turkiaren aldetik jada positibotzat hartu daitekeen erantzun bat egon dela da eta hori da, hain zuzen ere, nazioarteko komunitateak bultzatu behar duena, Turkiak mugimendu honi erantzu positiboa ahalik eta lasterren ematea, alegia.

Nola baloratzen duzu bakearen alde gerrilla kurduak emandako urrats hau egungo gerra eta genozidio testuinguruan?

Irakurri duten testuan, zazpigarren paragrafoan, aipatzen duten bezala, mundu mailan gertatzen ari den faxismoaren eta zapalkuntzaren eta Ekialde Hurbilean gertatzen ari den odolustearen aurrean, herri kurduak bakea are eta beharrezkoagoa ikusten du, berdintasunean, askatasunean eta demokrazioan eraikitako eszenatoki eta bizitza bat lortzeko.

Gaurkoa sekulako pauso garrantzitsua da norabide horretan. Guretzat oso garrantzitsua zen gaur hemen egotea, gure babesa helerazteko eta hautatu duten bide honetan beraien alde egongo garela adierazteko.

Kurdistandik zer nolako mezua luzatu nahiko zenuke?

Hiru gauza nabarmendu nahiko nituzke. Batetik, garrantzitsua da Abdullah Öcalanen askatasuna ahalik eta lasterren gauzatzea. Bigarrenik, Turkiako Legebiltzarrean martxan egon beharko luke Kurdistanen etorkizuna negoziatzeko batzordea. Eta, hirugarrenik, preso politiko guztien askatasuna oso garrantzitsua izango litzateke.