
Drus mendiak duen historiarengatik eta erakarpenarengatik makina bat eskalatzaileren eta alpinisten helburu izaten jarraitzen du. Ekarpena aipatzen badugu, argi dago isuri ezberdinetan bide bat zabaltzeak esanahi handia duela. Iritzi horrekin bat dator Hugo Peruzzo: «Drusen marra bat sortzea alpiniston ametsa da».
Chamonix zaintzen duen mendi enblematiko horretan alpinista horrek ‘Le châteaux dans le ciel’ marra sortu du Yanis Cherqaouirekin eta Baptiste Obinorekin batera. Hain zuzen ere, hirukote gazte horrek lau egun (ekainaren 18tik 21era) behar izan ditu 1.000 metroko eta, gehienez, 7b+ mailako zirrikitu hori marrazteko. Druseko mendebaldeko aurpegian hasi zuten, baina, ondoren, iparraldekora lotu ziren. Kilometro luze den proposamen hori, gainera, estilo oso onean zabaldu zuten: eskalada alpinoa paraboltik jarri gabe.
Gazteok sortze prozesu horretan ondo moldatu ziren. Era askean jardun nahi zuten, baina eremu ezezagun horiek galdera ikur asko sortu zizkieten. Alabaina, oro har, lan horiek primeran egin zituzten. Drusetik ‘Le châteaux dans le ciel’-ekin besapean jaitsi bezain laster, Peruzzok bere sare sozialetan adierazi zuen atmosfera berezian jardun zutela: «Yanisen burutazioa izan zen. Esan zigun aukera zegoela iparraldeko hormaren zati tenteenean (nitxoaren goialdean) bide bat irekitzeko. Bere asmoen berri lehen aldiz kontatu zidanean, kosta egin zitzaidan proiektu hori irudikatzea. Oso pikoa eta luzea da; hortaz gain, ukitu gabe zegoen. Horrek guztiak jarduera gogor baten aurrean jartzen zigun. Zorionez, artesi bat jarraitzeko aukera zegoen. Agian, zabalegia, baina geure buruak babesteko tresneria egokia eraman genuen. Kolore ezberdinetako bidaia bertikala izan da. Eguzkiak egunero iparraldeko pareta berotzen zuenean, laino lodi batek bisita egiten zigun. Bazirudien gotorleku horrek gure agerraldia deitoratzen zuela. Atmosfera mistiko baten barruan eskalatu dugu, eta horrek geure buruei asko eskatu zien».
Lau egun
Ekainaren 17an, alpinista gazteok Rongnon aterpean igaro zuten gaua. Biharamunean, hormaren azpian jarri eta benetako lanak egiten hasi ziren. Murruaren herena patrikan zuten lehen bibaka antolatu zutenean. Bigarren eskalada egunean, berriz, elurtegi zabalera arazorik gabe heldu ziren. Denda altxatu eta hirugarren egunerako indarrak gorde zituzten; izan ere, jarduera guztiaren giltza zain zuten.
Hirukotea goizeko zazpietarako prest zegoen hiru luze gogorrenei ekiteko. Protagoniston arabera, 7a, 7a eta 7b+ mailakoak dira eta nitxoaren goialdean dagoen sabaian kokatuta daude. Sekzio gogorrenean, artesi zabal batean, ezusteko eder batekin topo egin zuten; hots, ahokatuta zegoen bloke batekin. Beren buruak babesteko bikain etorri zitzaien.
Luze horiek biribildu, soka finkatu eta dendara jaitsi ziren. Laugarren eta azken egunean, hiru luze horiek soka finkotik igo eta eskalatzen jarraitu zuten. Eguerdirako gailurrean ziren.
‘Le châteaux dans le ciel’-i dagokionez, Peruzzok esan du igo dituzten luzeak era askotakoak eta ederrak izan direla: «Arrokaren kalitatea ere bikaina izan da. Adierazi nahi dugu ere inguruko artesi batzuetan iltzeak ikusi ditugula: ziur aski ekinaldiren batean erabilitakoak. Pixka bat beherago, berriz, agian 80ko hamarraldiko artifizialeko bi luze zeharkatu ditugu».

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek
