
Abuztuaren 2an ospatuko den Donostiako Klasikorako taldeen zerrenda jakinarazi dute astelehen honetan txirrindularitza lasterketako antolatzaileek. Bertan 24 talde, horietatik 18 UCI World Teamekoak, eta 168 txirrindulari egongo dira irteeran. Horietatik, Movistar taldeaz gain, Euskaltel-Euskadi, Kern Pharma eta Caja Rural euskaldunak arituko dira.
Ez, ordea, Israel-Premier Tech. Albiste honek «asko poztu du» BDZ Israeli Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak mugimenduaren artean (BDS nazioartean); izan ere, «argi uzten baitu iazko lasterketan Israel-Premier Tech taldearen presentzia salatzeko eragile eta jende askoren artean egin genuen mobilizazioak ―taldeen aurkezpenean eta lasterketa egunean ibilbidean zehar Palestinaren aldeko ikurrak erakutsiz― eragina izan duela: Israel-Premier Tech txirrindularitza taldeak ederki ulertu zuen ez dela ongi etorria Euskal Herrian, eta aurten erabaki du ez etortzea», adierazi du mugimenduak ohar baten bidez.
BDZ mugimenduak (bdsmovement.net) 20 urte daramatza «Estatu sionistaren aurkako boikota aldarrikatzen». Gehitu dutenez, Israel bere sorreratik dabil (77 urte jada) «palestinarren kontrako apartheida, erailketak, eta lur eta jabetza lapurketak gauzatzen». Gainera, ekintza hauei «genozidio samingarri bat gehitu behar zaie», eta honen aurrean inork ezin dituela jada begiak itxi azpimarratu dute. «Palestinarrei nazioarteko lehiaketetan parte hartzea eragozten dien bitartean, Israel garbiketa etniko gordina eragiten ari da, eta eliteko talde eta kirolari israeldarrak erabiltzen ditu, ezer gertatuko ez balitz bezala, estatu sionistaren irudia normalizatzeko», adierazi dute.
BDS mugimenduak boikot ekimenak planteatzen dabil denbora luze honetan: besteren artean, Israelgo kirol taldeen kontrako ekimenak, Maccabi Tel Aviv saskibaloi taldearena kasu (Palestinarekin Elkartasuna plataformarekin era bateratuan egin zutena, Gasteizen jokatutako Euroligako partidan), edota duela gutxiago Donostiako Zurriolako hondartzan antolaturiko Basque Country Junior Pro surf txapelketarena.
Gauzak honela, Euskal Herriko kirol jardueren antolatzaileei eta jarraitzaileei, «oraingo honetan bereziki txirrindularitza giroan dabiltzan antolatzaile, talde eta zaleei», eskatzen diete BDZren kirol boikot deiari kasu eginez, «baztertu ditzatela Israelen izenean edo haren banderapean dabiltzan taldeak eta kirolariak». Are gehiago, «Israelek bere larruan sentitu behar du ez dugula onartzen haren ibilbide kriminala eta ez dela ongi etorria Euskal Herrian», salatu dute.
Bide batez, eta jakinda Klasikoak mundu zabalean telebista hedapen handia duela, BDZ mugimenduak jendea animatu nahi du lasterketa egunean eta ibilbidean zehar «palestinar herriari elkartasuna adieraztera», banderekin eta bestelako ikurrekin, bereziki azken kilometroan. «Helmuga inguruko iazko irudiek oihartzun ederra izan zuten hedabideetan», amaitu dute.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek
