NAIZ

Loiolako Kuartelen salerosketaren eskrituren sinadura uztailaren 23an egingo da

Donostiako Loiolako kuartelen salerosketaren eskriturak datorren uztailaren 23an sinatuko dira. 175.000 metro karratuko zabalgune horretan, egungo proiektuak 1.500 eta 1.700 pisu artean eraikitzea aurreikusten du.

Loiolako Kuartelak.
Loiolako Kuartelak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostiako alkateorde eta Hirigintza Plangintza eta Etxebizitzako zinegotzi Nekane Arzallusek gaur goizean jakinarazi die udal taldeei Loiolako kuartelen salerosketarako Udalaren eta INVIEDen arteko sinadura uztailaren 23an egingo dela notarioaren aurrean.

«Dagoeneko esan dezakegu hirian hurrengo urteetan egongo den hirigintza-garapen garrantzitsuenetako bat hasteko atarian gaudela, behin eskriturak sinatuta, hain zuzen ere, Donostiako Udala Loiolako Kuartelen lursailaren jabe bihurtuko duten eskriturak sinatuta», adierazi du Arzallusek.

Zelaigune horrek 175.000 metro koadro inguru ditu, eta hamarkadak zeramatzan udal-gobernuen etxebizitza-politikaren xede izaten. Egungo proiektuak 1.500 eta 1.700 pisu artean eraikitzea aurreikusten du.

Arzallusek azaldu duenez, behin eskriturak sinatuta, militarrek lau urteko epea izango dute eremutik ateratzeko, eta bitartean «Udalak eremu berriaren diseinuan eta plangintzan lan egingo du».

Hortaz, azpimarratu du, «lehenik eta behin eremu berriaren garapenan gaineko nazioarteko ideia lehiaketa egingo dela, eta aldi berean, beharrezkoak diren Plan Orokorraren aldaketak landuko direla, garapen berriaren aspektu guztiak jasotzeko».

«Donostiarentzat une oso garrantzitsua izango da, auzo berria irudikatzen hasteko unea, hain zuzen ere, hirian zentralitate berria izango den auzo berria», adierazi du.