
Radoslav Groh eta Zdenek Hak txekiarrak oso goiztiarrak izan dira Karakorumeko udako denboraldian. Eta hori diogu ekainaren hasieran goi mailako jarduera sinatu zutelako Hunza mendian (6.300 m, Karakorum). Seimilako «txiki» bat da, baina sokada horrek mendiaren isuri handienean, hego-mendebaldekoan, egin zuen ekarpenak azpimarra merezi du.
Batetik, horma erraldoi (3.000 metroko desnibela) horren lehen igoera sinatu dutelako. Bestetik, zailtasun tekniko handiak gainditu behar izan zituztelako ‘Eid al-Adha’ ibilbidea (M6+, WI5) sortu ahal izateko. Eta hirugarrenik, eremu oso arriskutsuari aurre egin behar izan ziotelako: elur-jausiak eta izotz bloke handien erorketak.
Hakek eta Grohek asko eskalatzen dute elkarrekin, eta orokorrean, soka partekatzen dutenean lehen lerroko igoerak egiten dituzte. Azken honek, adibidez, nazioarteko alpinisten aldetik laudorioak baino ez ditu jaso. Laugarren urte jarraian inguru horretako mendiak bisitatu dituzte. Berez, Hunza mendia helburu izan zuten iazko espedizioan. Muchu Chhish mendian (7.453 m) jarduteko Hunzan girora egokitu nahi zuten. Ez zuten fase hori biribiltzeko aukerarik izan; izan ere, Hakek arazoak izan zituen. Baina lan horietan zirela, ohartu ziren hego-mendebaldeko isuri erraldoiak balizko bide erakargarri bat zuela.
Muchu Chhish-en arrakasta lortu eta gero, bi txekiarrok erabaki zuten aurten Hunza mendira itzuliko zirela. Girora egokitu ondoren, bi alpinistok prest ziren 3.000 metroko desnibela (2.300 metro eskalada teknikoa izan zen) duen horma horretan estilo alpinoan sartzeko.
Protagonistok sare sozialetan aurreratu dutenez, baldintza eta klima egokien zain egon ziren. Eta horiek ekainaren 6an heldu ziren. Bazekiten lan eskerga egin beharko zutela, besteak beste, igo beharreko marrak tarte teknikoak eta pikoak dituelako: «Bi zati oso ezberdin ditu zabaldutako proposamen berriak. Lehenbizikoa oso arriskutsua da. Goitik erortzen ziren elur-jausiek eta izotz puska handiek beldur handia eragin ziguten. Bigarrena, berriz, eskaladarako oso aproposa da. Alde guztietatik begiratuta oso tentea da. Horrek buruhausteak sortu zizkigun bibakak antolatzeko orduan. Azken bibakak, adibidez, zabaleran 100 zentimetro zituen erlaitza egokitzeko bost orduko lana eskatu zigun. Denera, bost eguneko jarduera izan zen; horietako lau murruan bertan igaro genituen».
«Ederra!»
Kanpaleku nagusitik (3.200 m) irten eta lehen zati teknikora heltzeko lan eskerga egin zuten elur berrian urratsa egiten. Lehen gaua 4.500 metrora egin zuten. Biharamuneko igoera ez zen batere samurra izan. Elur-jausien arriskuarengatik, 600 metro baino ez zituzten eskalatu. Nahiz eta egoera ez zen batere atsegina, hirugarren egunean beste 800 metro igo zituzten. Tarte hori oso tentea izan zen, eta ohiko eskalada alpinoan buru belarri jardun zuten.
Gailurretik 300 metrora zeuden. Zama handiena azken bibakean utzi eta oso arin tontorrera abiatu ziren. Azken sekzio horretan ere lan handia egin behar izan zuten. Hasteko eta behin, M6 mailako zati bat gainditu zuten. Ondoren, izotzezko korridore batek goialdean dagoen seracera eraman zituen. Tarte arriskutsu hori saihesteko, rappel bat egin eta beste korridore bat jarraitu zuten. 50 metroko elur perretxiko bat igo eta tontorra zapaldu zuten.
Igoerako lanak biribildu ostean, txekiarrek ibilbide beretik rappelatu zuten. Bost eguneko jarduera gogorraren eta arriskutsuaren ondoren, ekainaren 10erako, oinarrizko kanpalekuan zeuden.
Zalantzarik gabe, Hak eta Groh txekiarrek ‘Eid al-Adha’ ibilbidean eginiko lanak aurtengo eskalada alpinoen artean leku berezia izango du. Protagonistok, bederen, adierazi dute igoera ederra zein ikusgarria izan dela: «Arrisku handia hartu dugu, baina eskalatu ditugun zati teknikoak bikainak izan dira. Biok ala biok diogu inoiz eskalatu dugun mendi ederrenetarikoa izan dela! Gailur hori aparta da».

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
