NAIZ

EAJk, PSEk eta PPk atzera bota dute Illunben zezenketei amaiera emateko mozioa

EAJk, PSEk eta PPk errefusatu dute Illunben zezenketei amaiera emateko Elkarrekin Donostia taldeak aurkeztutako mozioa. Erabaki horren harira, Elkarrekinek salatu du Donostiak «animalien tortura eta animalien eskubideak urratzen jarraituko duela».

Illunbeko zezen-plaza Donostiako Aste Nagusian.
Illunbeko zezen-plaza Donostiako Aste Nagusian. (Gorka Rubio | FOKU)

EAJk, PSEk eta PPk atzera bota dute ostegun honetan Elkarrekin Donostiak aurkeztutako mozioa Illunben zezenketei amaiera emateko; soilik EH Bilduk babestu du alderdi moreak aurkeztutako mozioa. Gainera, Juan Karlos Izagirre koalizio abertzaleko zinegotziak nabarmendu legez, donostiarren %70ek baino gehiagok baztertzen dituzte zezenketak.

Hala, Elkarrekin Donostiak salatu du aurka bozkatutako hiru alderdiek hartutako erabakia: «Animalien tortura eta animalien eskubideak urratzen jarraituko du Donostiak, ustezko kultura baten parte gisa».

Victor Lasak, alderdi morearen bozeramaileak azaldu duenez, «Donostiak kultur eskaintza oso ona du, kontuan hartuta hiri txiki samarra dela", baina «urtean hiruzpalau egunetan hori guztia alde batera utzi eta apur bat sadikoak bihurtzen da, eta erakusten dugu gure kultura ere badela animaliak torturatzea jendaurrean, instalazio publikoetan eta, gehienetan, finantzaketa publikoarekin».

«Ezin da izan 2025ean Illunbe bezalako instalazio publiko batean praktika horiek aurrera eramatea, eta, are okerrago, udal gobernu honek ezin du esan Illunbe berria eraikitzen ari dela zezenketa esparru gisa egokitzeko», gaineratu du Lasak.

Gauzak horrela, eta Donostian zezenketak «aldaezinak» direla ikusi arren, Lasak gogoratu die EAJri, PSEri eta PPri beste hiri batzuetan baztertu dituztela zezenketak, besteak beste, Bartzelonan, Mallorkan edo Xixonen.

Era berean, Elkarrekin Donostiako taldeko bozeramaileak seinalatu du «zezenketak teknikoki oztopa daitezkeela baldintza batzuk ezarriz». «Mallorkan osasun baldintza teknikoen kopurua ezarri dute, jarduera horretan aritzen diren enpresei baldintza horiek programatzea ez interesatzeko», azpimarratu du.

Lasak azaldu duenez, Animalien Ongizatearen legeak ez du tauromakia barne gain hartzen, «horrek gauzak aldatuko zituen, baina PSOEk uko egin zion Espainiako Ministroen Kontseiluan», leporatu dio PSEri.