CONTENIDO PATROCINADO

Algorta eta Azpeitia, Euskal Herriko saninazio jaietako zero guneak

Uztaileko azken astean, saninazio jaietan murgilduko dira Algorta eta Azpeitia. Getxoko auzoan, asteartean hasi eta larunbatera arte luzatuko dira jaiak. Azpeitian, txupinazo ofiziala asteazkenean botako dute, baina jai egunak joan den ostiralaz geroztik ari dira ospatzen.

Algortako jaietan ere ekitaldi gastronomikoek garrantzi handia dute.
Algortako jaietan ere ekitaldi gastronomikoek garrantzi handia dute. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Algortarrei iritsi zaie hain maitatuak diren Iñaki donearen jaiak ospatzeko ordua, eta astearte honetan (uztailak 29), San Nikolas plazan, arratsaldeko 18.00etan botako duten suziriarekin zabalduko dute bost eguneko egitaraua.

Pregoiari dagokionean, iaz kuadrilla txapelketaren irabazle izan zen Kukotz taldea izango da irakurriko duena. Eta ikurriñari omenaldia egin ondoren, liburutegiko balkoitik suziria botako dute Etorkizuna Mendi Taldeak, Getxo Rugby Taldeak, Punta Galea Txirrindulari Elkarteak eta Bizarra Lepoan Kultur Elkarteak. Jarraian, kuadrillen jaitsiera egingo dute San Nikolas plazatik Telletxeko plazaraino eta gauean zezensuzkoa eta kontzertuak izango dira kalean eta txosnagunean.

Txosnei dagokienez, saninazioetan lau egongo dira Telletxeko aparkalekuan, eta horiei Batzordeak San Nikolas pilotalekuan jarritakoa gehitu behar zaie (jaietako agertoki nagusiaren ondoan).

Algortako ostalaritza-establezimenduek ordu eta erdiz luzatu ahal izango dute uztailaren 29tik abuztuaren 1era ixteko ordutegia eta, Metro zerbitzuari dagokionean, ostiral, larunbat eta jai bezperetan zerbitzua izango da gau osoan zehar. Gaueko zerbitzurik ez dagoen jaiegunetan, hala ere, gaueko bus-zerbitzua izango da udalerrian zehar, getxotarrei etxera modu seguruan iristen laguntzeko.

Zentzu horretan, Udalak arreta zuzeneko gune morea jarriko du eremu estrategikoetan kokatutako karpa more ikusgarri eta irisgarri baten azpian. «Gune segurua eta lasaia» izango da, eta emakumeen aurkako edo LGTBIQA+ pertsonen aurkako indarkeria matxistaren kasuetan laguntza eta arreta eskaintzea du helburu.

Getxoko alkateak, Amaia Agirrek, adierazi duenez, «jai herrikoiak nahi ditugu, erasorik gabekoak, eta garrantzitsuena ondo pasatzea da, gure kulturaz, musikaz eta topaketez gozatzea».

Informazio honen babesleak: Asador Iturgitxi, Cross cafeteria, Iñaki bitxitegia, Gaurko moda, Ajuria taberna, Salsidu taberna.

Azpeitiko txupinazoa asteazken eguerdirako dago iragarrita. (Jon URBE | FOKU)

Azpeitian, jai ospakizunak joan den asteburuan hasi ziren, ganadu erakusketa, sagardo txapelketa, errekortari txapelketa eta erraldoien desfile ikusgarriarekin. Txupinazioa, asteazken honetarako dago iragarrita, eguerdiko 12.00etan. Aurten, Azpeitiko erretore izandako Kepa Susperregi da suziria botatzeko ardura izango duena, herritarrek hala erabakita.

Jarraian, marea arroxa zabalduko da herri guztian Skapaie elektrotxarangak lagunduta, 15.00etan herri bazkaria izango da plaza nagusian eta arratsalderako txosnagunearen irekiera eta jolasak daude iragarrita. Eguna ondo amaitzeko, hainbat musika emanaldi izango da: Puro Relajo plaza nagusian, eta Debrass Band eta Balantza Erromeria txosnagunean.

Jai egitaraua larunbatera arte luzatuko da. Nagore Alkorta alkateak antolaketa lanetan aritu diren guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie. «Herritar eta eragile horien guztien parte hartzerik eta lanik gabe festa hauek ez lirateke posible izango», adierazi du.

Egitarauan, era guztietako proposamenak daudela gogorarazi du (musika, kirol ekitaldiak, jan-edanarekin lotura dutenak, parte hartzeko aukera ematen dutenak...). «Horregatik, iruditzen zait herritar guzti-guztiek aurkituko dutela beren gustuko zerbait».

Musika arloari dagokionez, Mikel Odriozola Festa Batzordeko kideak nabarmendu du kontzertu ugari izango direla, baina ez hori bakarrik. «Saninazioak kaleko festak direla azpimarratu nahiko nuke, eta isilago geratzen diren arren, udal musika bandak, txistulariek, txarangek, elektrotxarangek eta abarrek ere sekulako ekarpena egiten diete jaiei».

Azkenik, indarkeria matxistaren aurka iaz hasitako "Danok eo Iñorrez, danona da festie, danona da ardurie" kanpaina martxan jarriko du aurten ere udalak. Horri lotuta, spot bat ere prestatu du, sentsibilizaziorako.

Informazio honen babesleak: Azpeitiko udala, Bordatxo taberna.