NAIZ

San Juan ontziaren barrualdera bisita gidatuak eskainiko ditu lehen aldiz Albaolak

Albaola Itsas Kultur Faktoriak San Juan baleontziaren barrualdea bisitatzeko aukera eskainiko du lehen aldiz, abuztuaren 1etik aurrera. Aukera paregabea izango da euskal itsas ondarearen ikur den ontzi enblematiko hau barrutik ezagutzeko.

San Juan barrutik bisitatu ahalko du lehen aldiz publiko orokorrak.
San Juan barrutik bisitatu ahalko du lehen aldiz publiko orokorrak. (ALBAOLA ITSAS KULTUR FAKTORIA)

Albaola Itsas Kultur Faktorian aurrera doaz San Juan ontzia eraikitzeko lanak eta, orain, lehen aldiz ontziaren barrualdea bixitatzeko aukera irekiko dute, abuztuaren 1etik aurrera. Orain arte, barrualdea Albaolako lantaldearentzat eta ikusle gutxi batzuentzat baino ez da eskuragarri izan. Lehen aldiz, eta zehaztu dutenez «botadura aurreko epe zehatz honetan bakarrik», publikoari ateak irekiko zaizkio etapa honetarako bereziki diseinatutako bisita gidatuen bidez.

«Esperientzia honek, baleontziaren barne-bizitza gertutik eta modu didaktikoan ezagutzeko aukera emango du. Itsasontzia Pasaiako portuan eraiki zen eta 1565ean Kanadako uretan hondoratu zen. Ibilbidean, San Juanaren atal ezberdinen funtzioak, nabigazio baldintzak, tripulazioaren antolaketa eta garaiko itsas teknologiaren gakoak azalduko dira. Euskal itsas ondarean hurbilketa zuzen eta zorrotza izango da mendetako esplorazio eta merkataritzaren lekuko bizi honen eskutik», nabarmedu dute.

Erreplika honek UNESCOren babes ofiziala zuen orain gutxi eta, horrez gain, Albaola Jardunbide Egokien ziurtagiriarekin saritu du organismoak itsas kultur ondarearen zaintzan.

Bisitak talde txikietan egingo dira eta euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesez izango dira, Faktorian ohikoa den bezala. Astearteetatik igandera eskainiko dira, egunero bi saiotan (18.00etan eta 18.30ean), eta gutxi gorabehera 20 minutuko iraupena izango dute. Bisita bakoitza langile espezializatu batek gidatuko du eta aldez aurretik erreserba egitea derrigorrezkoa izango da.

Sarrerak erosketa unean aukeratutako data, ordutegi eta hizkuntzarako soilik balioko dute. Sarrerak uztailaren 30tik aurrera jarriko dira salgai, bai online, bai leihatilan.

Bisitan parte hartzeko gutxieneko adina 8 urtekoa da. Segurtasun eta erosotasun arrazoiengatik, oinetako itxi eta erosoekin joatea gomendatzen da.

San Juanaren barrualdea ezagutzeko egingo diren bisita hauek, abuztuaren 1etik irailaren 21era arte soilik egongo dira eskuragarri, eta museoko ohiko eskaintzari gehituko zaizkio. Museoa bere ohiko ordutegian bisitatu ahal izango da: astearteetatik igandera, 10.00etatik 14.00etara eta 15.00etatik 19.00etara (astelehenetan itxita, jai egunetan eta bezperetan izan ezik).