Albaolari aitortza egin dio Unesco erakundeak
Unescok emandako Jardunbide Egokien errekonozimendua jaso berri du Albaolak, eta euskal itsas ondarea berreskuratzeko, ikertzeko eta zabaltzeko lanak nabarmendu ditu.

Une garrantzitsua bizitzen ari da Albaola Itsas Kultur Faktoria egunotan. Batetik, San Juan baleontziaren eraikuntza, XVI. mendeko euskal itsasontzia, azken fasean dago Pasaiako ontziola museoan eta, bestetik, Unesco erakundearen Jardunbide Egokien errekonozimendua jaso berri du.
Aitorpen hau Unescoren 2001eko Itsaspeko Kultur Ondarea Babesteko Hitzarmenaren barruan kokatuta dago. Osatzen duen nazioarteko batzordea egunotan bildu da Parisen. Aitortza honek eredu bihurtutako proiektuak goraipatzen ditu, itsaspeko kultur ondare baliotsu eta ahul baten babesa, ikerketa, kontserbazioa, dibulgazioa eta ardurazko irisgarritasuna sustatzeagatik. Hautagaitza bakoitza estatuek aurkezten dute, eta Konbentzioaren Aholkularitza Batzorde Zientifiko eta Teknikoa (STAB) zehatz-mehatz ebaluatzen du.
Albaolak adierazi duenez, nazioarteko STABeko aditu talde baten bisita jaso zuten Pasaiako instalazioetan 2025eko martxoan, tokian bertan egindako ikuskapenerako.
«Albaolarentzat ohore handia da euskal itsas kultura nazioartean ordezkatzea eta ondare hau etorkizuneko belaunaldiei transmititzeko lanean jarraitzea. Pasaiako egoitzatik, Albaolak bere ikerketa, hezkuntza eta dibulgazio lana garatzen jarraitzen du, ateak zabalik edukiz bisitariek euskal herria itsas ondare unibertsalarekin lotzen duen historia ezagutu dezaten», nabarmendu du Albaolak.
Unescoren eta Albaolaren arteko harremana 2014an hasi zen, Faktoriak bere hautagaitza Konbentzioaren Batzarrean aurkeztu zuenean. Handik gutxira Unescoko zuzendari nagusi Irina Bokovak akreditazio ofiziala eman zion Albaolari.
Unescok San Juan baleontziaren eraikuntza proiektuari babesa eman zion 2015ean, eta mundu mailan halako babes ofiziala jaso duen lehenengo ontzigintza proiektua bihurtu zen.
Gogora ekarri dutenez, San Juan baleontziaren historia mendeetako ibilbidean eta hamarkadetako ikerketan oinarritzen da. Pasaiako portuan eraikia, baleontzia Labradorko kostaldera abiatu zen, eta han hondoratu zen 1565ean. Ontzia 1978an aurkitu zuten.

El mutismo español clama al cielo de Gernika ante el «perdón» alemán

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?
