NAIZ

Zezenketen aurka manifestazioa egingo du Gipuzkoa Antitaurinak abuztuaren 9an

Gipuzkoa Antitaurina plataformak manifestazioa deitu du abuztuaren 9rako Donostian, 18.00etan, Illunbeko zezenketei amaiera emateko. Plataformak azpimarratu du «urtean hiru egunez baino ez direla egiten zezenketak, eta nagusiki hiritik kanpoko jendea bertaratzen dela».

Iaz egindako manifestazioa, Donostian.
Iaz egindako manifestazioa, Donostian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Gipuzkoako Zezenketen Aurkako Plataformak manifestazioa egingo du Donostian igande honetan, abuztuak 9. 18.00etan abiatuko dira Bulebarretik, eta Aste Nagusian Illunben antolatzen diren zezenketen aurka mobilizatuko dira. Horrez gain, Ilunberen zaharberritzeko ezein proiektuk zezenketak egiteko aukera bazter dezan aldarrikatuko dute.

Horren harira, plataformak ohartarazi du «urtean hiru egunez baino ez direla egiten zezenketak, eta nagusiki hiritik kanpoko jendea bertaratzen dela». «Instituzioek herritarrak entzun eta animalien sufrimendua oinarri duten ikuskizunak baztertzeko garaia da», adierazi du Pilar Otegi Plataformaren bozeramaileak.

Bestalde, Otegik exijitu du «kultur, kirol eta jarduera komunitarioetara bideratzeko Illunbeko zezen-plaza». Ildo horretatik, zezenketen aurkako plataformak «diru laguntza eta sustapen oro kentzeko» eskatu du. Horrez gain, Gipuzkoako beste edozein herritan animaliekin egiten diren Sokamuturra erakustaldiak edota Azpeitia, Deba, Zestoa egiten diren entzierro eta abarrekin amaitzeko deia egin dute.

Mozioa, bertan behera

Uztailean, Elkarrekin Donostia udal taldeak zezenketei amaiera emateko mozioa aurkeztu zuen Donostiako Udalean. Haatik, EAJk, PSEk eta PPk errefusatu zuten ideia eta mozioaren aurka bozkatu zuten. EH Bilduk, ordea, mozioa babestu zuen.

EAJk, PSEk eta PPk hartutako erabakia salatu zuen Elkarrekin Donostiak: «Animalien tortura eta animalien eskubideak urratzen jarraituko du Donostiak, ustezko kultura baten parte gisa».