Kazetaria, surfean espezializatua / Periodista, especializado en surf

Gonzalez Etxabarri ahizpak nagusi Ingalaterran eta Europako QS rankingean

Annette Gonzalez Etxabarrik irabazi zuen Ingalaterran Europako QS zirkuituko bigarren txapelketa. Annette eta Janire ahizpak lehen eta bigarren postuan dira ranking europarrean. Bestalde, datozen orduetan amaituko da Tahitin munduko CT txapelketa.

Annette Gonzalez Etxabarri, lagunen sorbalden gainean, garaipena eskuratu ostean.
Annette Gonzalez Etxabarri, lagunen sorbalden gainean, garaipena eskuratu ostean. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Abuztuaren 3an final erdietara iritsi zen Annette Gonzalez Etxabarri zumaiarra Kalifornian egin zen Challenger Series mailako txapelketan, eta, aste bat geroago, txapela irabazi zuen Ingalaterran egin zen Europako QS txapelketan. Newquayko Fistral Hondartzan, gainera, bere ahizpa Janirek bigarren postua eskuratu zuen. Gaur egun lehen eta bigarren postuan dira Europako QS rankingean.

Zumaiako bi ahizpak Challenger Series mailan ari dira lehiatzen, Nadia Erostarbe zarauztarrarekin batera, baina hurrengo urteko denboraldian CS mailan postu bat ziurtatzeko QS mailan ere ari dira lehiatzen. Izan ere, CS mailako lehiakideen helburua lehen mailara (CT) igotzea da, baina hori lortzen ez bada CS mailan lehiatzen jarraitzeko aukera eduki behar dute eta horreterako soilik bi modu daude. Edo aurtengo denboraldian postu on bat lortzen dute CS rankingean (oso zaila dena, maila izugarri handia baita), edo Europako QS rankingean lehen lau postuetako batean amaitzen dute denboraldia.

Abuztuaren 10ean Ingalaterran amaitu zen txapelketa Europako QS itzuliko bigarrena zen. Kontuan hartu behar da QS zirkuitua udaberrian abiatzen dela eta hurrengo urteko udaberrian amaitzen dela. Horren ostean rankingeko lehen 4 neska eta 7 mutilak CS mailara igotzen dira.

Janire Gonzalez Etxabarri, finaleko olatu batean. (WSL)

Europako QS zirkuituko hurrengo txapelketa abuztuaren 26an hasiko da Pantinen, Galizian. Jarraian, eten bat egingo dute lehiakide europarrek, eta 2026ko udaberrian berrekingo diote lehiaketari, QS zirkuitua amaitu eta CS mailara nortzuk igoko diren erabakitzeko.

Txapeldunak

Annette Gonzalez Etxabarri eta Lukas Skiner nagusitu ziren Ingalaterran. Metro bateko olatu ederrak izan ziren Fistralen txapelketak iraun zituen lau egunetan. Aldi berean, Europako Longboard txapelketa ere egin zuten, eta Martin Coret frantsesa eta Ginger Caimi italiarra izan ziren irabazleak.

Guztira, 96 mutil eta 48 neska lehiatu ziren Open kategorian, eta lau surflariz osatutako finalekin amaitu zuten txapelketa. Lehiakideen artean Euskal Herriko surflari asko zeuden, batzuek ikurrina ordezkatzen, besteak Espainiako bandera, eta besteak Frantziako bandera. Edonola ere, euskal hiritarren presentzia zabala izan zen, baita azken txandetan ere, batzuek emaitza onak eskuratu baitzituzten.

Nesken kategorian Annette Gonzalez Etxabarri nagusitu zen. Bigarren postuan Janire Gonzalez Etxabarri geratu zen, hirugarren postuan Yolanda Hopkins portugaldarra eta laugarren postuan Noah Klapp alemaniarra.

Azpimarragarria da Ingalaterrako txapelketaren ostean nesken rankingeko lehen hiru surflariak euskal hiritarrak direla, eta baita oso gazteak direla ere. Annette aurkitzen da lehen postuan. Janire, ostera, bigarren postuan da, oraingoz egin diren bi txapelketetan bigarren geratu baita. Alegia, bigarren geratu zen uztailean Lacanaun eta baita Ingalaterran ere. Annettek 18 urte ditu eta Janirek 20 urte. Rankingean hirugarren postuan den Sarah Leiceaga urruñarrak ere 20 urte ditu, eta laugarren postuan den Noah Klapp alemaniarrak 22 urte ditu.

Sarah Leiceaga urruñarra, olatua hartzen. (WSL)

Mutilen kategorian, Sean  Gunning espainiarra bigarren geratu zen, etxean txapela irabazi zuen Lukas Skineren atzetik. Hirugarren postuan, Francisco Ordonhas portugaldarra geratu zen, eta laugarren postuan, Andy Criere hendaiarra.

Mutilen rankingari dagokionez, Sam Piter eta Tiago Carrique frantsesak aurkitzen dira lehen eta bigarren postuetan. Hirugarren postuan Francisco Ordonhas dago, laugarrenean Sean Gunning, eta Lukas Skiner bosgarrenean. Seigarren postuan, ostera, Hans Odriozola donostiarra aurkeitzen da. Andy Criere hamargarren postura igo da.

Ikuskizuna Tahitin

Datozen orduetan mundu osoko surflariak Tahitira begira izango dira, izan ere, bertan ari dira egiten CT itzuliko 11. txapelketa. Itzelezko olatuekin eman zioten hasiera txapelketari eta datozen orduetan ere baldintza oso onak izango direla iragarri dute antolatzaileek.

Bi dira arrazoi nagusiak Tahitiko lehiaketak halako ikusmina sortzeko. Batetik, olatuak, Teahupooko ezker olatua munduko olatu zail eta arriskutsuenetako bat baita, eta horrek sekulako ikusmina sortzen du. Gainera, azken urteetan neskak ere hasi dira olatu beldurgarrian itsasoratzen eta sekulako ikuskizuna eskaintzen dute.

Molly Picklum WCT rankingeko burua Teahupoon. (WSL)

Bestalde, Tahitikoa txapelketa erabakigarria da, aurtengo CT zirkuituko azken aurreko txapelketa baita. Alegia, Tahitiko txapelketa amaitu ostean erabakiko dute abuztuaren 27an Fijjin hasiko den Final Handian zein lehiakide izango diren. Soilik nesken zein mutilen rankingeko lehen bost surflariak izango dira Fijjin eta haien artean izango dira aurtengo munduko bi txapeldunak izango direnak.