
Albaola Itsas Kultur Faktoriaren helburu nagusia 2027. urterako nabigazio-misioaren prestaketa da. Asmoa aspaldi jakina da: San Juan Kanadaraino eramatea, bere jatorrizko helmugara, honen guztiaren inguruan dibulgazio lan itzela eginez. Eta ametsa zirudiena forma hartzen joan da, egunez egun. GARAk egiaztatu du; abiatu diren bisita gidatuetan parte hartzen ari diren ehunka lagunek ere bai.
Proiektu honi «arkeonabigazio» deitzen diote: XVI. mendeko teknikekin nabigatu, abiadura, erresistentzia eta biziraupen baldintzak aztertuz, orduko euskaldunek bizi zuten esperientzia era ahalik eta fidelenean gauzatzeko asmoz. «Euskaldunak izan ziren lehenak munduari ozeanoak zabaltzen»; hitzok azpimarratzen dute garai hartako euskaldunak munduko itsasgizon aurreratuenak zirela. «Ez dakigu zenbat denbora beharko dugun Kanadara iristeko; horixe bera da ikasiko duguna», gehitu du Xabier Agotek, Albaola Itsas Kultur Faktoria erakundearen sortzaileak.
Baleontzi honen barrualdea publikoari ireki zitzaion lehenengoz abuztuan, eta bertan bisitariek egitura eta prozesu luzeak lehen eskutik ezagutzeko aukera dute. Printzipioz, udazkenean itsasoratzea aurreikusita dute, azaroa aldean seguraski, nahiz eta zehaztasun horretarako hainbat erakunde eta Kanadako ordezkarien agendak koordinatu behar diren. Ontzia uretan egon ostean, «XVI. mendeko ekipamendu osoa instalazioari ekingo diogu: mastak, belak eta osagarri dekoratiboak», jakinarazi du Xabier Agotek.
Bi urte geroago-edo abiatuko da, dena ondo bidean. Bidaia horretan, Albaolaren eta Azti zentro teknologikoaren arteko lankidetzari esker, ontziak plataforma zientifiko gisa funtzionatuko du, Atlantikoaren fenomeno kritikoak aztertu eta itsas baliabideen kudeaketa jasangarriari buruzko datuak biltzeko. Proiektuaren irakaspenak ezagun egiteko, museoko ekintzek pedagogia eta kultura-dibulgaziorako balioa izango dute.
Albaolaren sustraiak
Pasaiako badian ostegun goiz honetan izandako bero itzelaz gain, Albaola Itsas Kultur Faktorian San Juanek zekarren egur usain garratza, itsasoaren garrasia eta historiaren pisua presente izan dira bisitan. Albaola ez da museo soil bat: bertan historia bizirik dago, egurraren gain gainean arnas hartuz eta mailu kolpe bakoitzarekin XVI. mendeko oihartzunak berpiztuz.
Albaola Euskal Herriko itsas ondarea berreskuratzeko eta zabaltzeko erreferente bihurtu da. Proiektu nagusia San Juan baleontziaren erreplika zehatza sortzea da, eta duela hamarkada bat pasatxo abian jarri zuten proiektua garai hartako ontzi teknikoaren ezagutzaren eta arkeologiaren emaitzak aplikatuz eta berpiztuz. Mugarri honen arima Xabier Agoterena da, baleontziaren historiari lotutako bizitza oso bat darama. ‘Obsesio’ hitza bera labur geratzen da bere grinaren aurrean.
Albaola izenaren atzean dagoen istorioaz hitz egin du Agotek, gogoraraziz nola hasieran ez zekien zer zen ‘albaola’ hitzak esan nahi zuena ere: «Garai hartako dokumentuetan irakurri genuen: ‘El barco en cada cubierta irá con su albaola’. Hortik ulertu genuen albaola alboko eta ola hitzen batura dela, pieza berezi hauek dira, orain hemen San Juanen barnean ikusten dituzuenak».
1997an, berak bakarrik abiatu zuen proiektuari izen hori jarri zion. Gaur egun, «zorionez», esparru ezberdinetako 30 profesional baino gehiagoko taldea du alboan, helburu argi batekin: San Juan ez da izango soilik ontzi bat; museo flotatzaile bat izango da, garaiko kupel, lapiko eta tresna guztiekin hornitua, eta bisitariek barrutik ezagutzeko aukera izango dute, garaiko baleontzien erraietan uztartuz.
Itsas hondotik berpiztutako memoria
San Juan baleontziaren historia sakonago ezagutzeko, ezinbestekoa da Selma Huxley historialari kanadarraren lana. Huxleyk hainbat artxibo zein dokumentu miatu zituen eta horiei esker 1987an Parks Canada erakundeko arkeologoek Red Bay-eko itsas hondoan ontziaren aztarnak aurkitu zituzten, hamar metroko sakoneran.
Kanadarrek ia 30 urte eman zituzten 3.000 egur pieza bakoitza, iltze bakoitza eta egitura osoa aztertzen. Aurkikuntza aparta izan zen, ur hotzak eta sedimentu naturalek tsaskarrak egoera paregabean mantentzen lagundu zituzten azaldu digute, garai hartako euskal ontzigintza mundu mailan ezagutzeko iturri nagusi bihurtuz.
XVI. mendean bale-arrantza industria maila globalera eraman zuten bakarrak euskaldunak izan zirela azaldu du harro Agotek. Urtean milaka kupel ontziratzen zituzten, bale olioz beteta. Bidaia luzea zuen bi norabideetan erritu berezi bat entzuteko aukera izan dugu: Euskal Herritik Red Bay-ra teilaz beteta eramaten zituzten han teilatuak egiteko. Izotzaren ondorioz, erraz puskatzen zirenez, urtero aldatzen zituzten, gainera. Teila horiek nabigatzeko orduan ontziaren orekarako lagungarriak ziren, bide batez. Kolorea gorrixka zutenez, ‘Red Bay’ izena hartu zuen tokiak.
Itsas Faktorian azaldu digute ontziaren piezak sortzeko Sakanatik haritzak ekarri dituztela, eta Iratitik –Zaraitzuko bailaratik hain zuzen ere– izeiak, mastak egiteko. Orbanik eta korapilorik gabe pieza bakarrean erabiltzeko moduan ari dira. Gainera, hainbat lanetarako kalamua zein baliagarria den ikusi ahal izan dugu: belak eta sokak sortzeko, edo baita zuntz zabalen artean dauden zirrikituak zigilatzeko.
Ondarea eta nazioarteko lankidetza
San Juan ez da soilik iraganaren isla; gaur egun Unescoren babespeko ikurra da, urpeko ondarearen adierazgarri nagusietakoa. Proiektua Parisen bertan aurkeztu zuten jardunbide egokien adibide gisa, eta erakundeak gertutik jarraitzen du proiektu historiko hau. Horrek nazioarteko dimentsioa ematen dio Pasaiako baleontzi honi.
Kanadako erakundeak eta euskal instituzioak elkarlanean aritu dira dokumentazio teknikoaren transferentzian, eraikuntza zientifikoa eta hezkuntza helburuak uztartuz.
Bisita amaieran, itsas-faktoriako zalapartaren erdian, Xabi Agotek aurreratu digu: «Pasaiako hurrengo itsas festibalean uretan ikusi ahal izango da San Juan, eta Kanadatik bueltan, ateak zabalik izango ditu museo flotatzaile gisa jendearentzat, gure historiako hainbat faktore ezezagun ikusgarri egiteko».

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
