
Lakuako Gobernuak, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoen hiltegi kopurua nahikoa dela iritzita, dagoeneko badaudenak modernizatzeko asmoa iragarri du. Bestelako iritzia dute abeltzainek; hala nola, Aiaraldean mobilizazio jendetsuak izan ziren Laudioko hiltegia itxi zutenean, berria eskatzeko.
Amaia Barredo Lakuako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren hitzetan, «hiltegien egungo sarea nahikoa da sektorearen eskaerari erantzuteko» eta «dauden azpiegiturak indartzearen eta modernizatzearen» alde agertu da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden instalazioetan 113.995 animalia hil zituzten iaz, Urola Kostan dagoen Urkaiko hiltegian eta Donostiako Mafridon hil zuten % 70a. Horrez gain, bertako 58.593 abere hil zituzten EAEtik kanpo, azken bezeroarengandik gertuago, hain zuzen ere.
Lakuako Gobernuak azpimarratu duenez, iaz EAEko hiltegi sarean hil zituzten animalia kopuruak «agerian uzten du egungo sareak abere-aziendaren eskaerari erantzuteko duen gaitasuna».
2024an hildako animalietatik 11.305 ale Eusko Labeldunak izan ziren. Halaber, Barredok azaldu du hiltegi jakin batzuek pilatzen dutela lan kopuru handiena: Urkaiko zentroak guztizkoaren % 63,6 bideratu zuen (7.188 animalia), Mafridok % 21 (2.373) eta Zubillagak % 12,7 (1.437). «Datu horiek berretsi egiten dute Zestoako hiltegiak euskal kalitate-marka finkatzeko izan duen trakzio-eginkizuna», azpimarratu du sailburuak.
Hiltegiak, sektorean estrategikoak
Lakuako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren ustez, hiltegiak «ezinbesteko katebegia dira haragiaren balio-katean». Barredo sailburuak nabarmendu du «sendotasuna, ibilbide egonkorra eta zerbitzatzeko gaitasun eraginkorra erakutsi duten instalazioen ahalegina». Horregatik, gaitasunak zentro sendo eta bideragarrienen inguruan arrazionalizatzea eta integratzea defendatzen du, «sektorearen benetako beharrei erantzuten ez dieten sakrifizioak edo inbertsioak eraginkortasunik gabe sakabanatzea saihestuz».

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Dos años de prisión para el jefe de operaciones de la Ertzaintza en Durango por corrupción
