«Mendia konkistatzeko ate bezala erabili zen Mer de Glace glaziarra»
Jesus Mari Lazkanok (Bergara, 1960), euskal arteak gaur egun duen margolaririk handienetakoa, pantaila handira eman du jauzia. ‘Natura fugit’ (22’, animazioa) filmean –ederra, zirraragarria eta barrenak mugitzen duena– naturarekin konektatzera gonbidatzen gaitu, Mer de Glace glaziarrara murgilduz.

‘Natura fugit’ –hau da, naturak ihes egiten digu– ikusi ostean, hortik erakusketa bat atera beharko litzatekeela otu zitzaigun. Jesus Mari Lazkanoren unibertsoa hain da propioa –margo hiperrealistetan fikziozko natura islatzen du–, pantaila handirako egin duen lehen laburmetraian besaulkian ondo sartu eta begiak ireki da ikusleei gelditzen zaigun gauza bakarra. Gero, horretan pentsatu.
Alpeetako Mer de Glace glaziarraren hondamendia denboraren eta naturarekin dugun harremanaren ispilu bihurtzen baitu Lazkanok, Caspar David Friedrich XIX. mendeko erromantikoaren pintura galdu batetik tiraka. Zinemiran estreinatuko da.
Animazioan egin duzun lehen saiakera honek ordu asko eraman dizkizu. Lan handia dago hemen.
Hasieratik argi geneukan proiektu hau eskuz egin behar genuela. Gaur egun animazio gehienak digitalak dira, baina eskuz egiten baduzu, den dena nabaritzen da, ez bakarrik edertasuna, akatsak ere. Eta irudiek beste dimentsioa eta erritmoa dute. Horretaz aparte, ‘humanistagoa’ dela iruditzen zait, digitalean ‘arima’ galdu egiten duelako. Duela lau bat urte hasi nintzen proiektu erraldoi honekin. Eta ekoizlearen [Dibulitoon] laguntza handia izan dut.
Zenbatu al dituzu egindako marrazkiak?
Bai, ia 3.000. Eta gehienak desagertu dira! Nire lan sistema hau izan da: marrazki bat egin eta horri argazkia atera, fotograma bat egiteko. Gero, marrazki horren gainean aldaketak egin, eta beste argazki bat, bigarren fotograma bat osatzeko. Paper bakoitzean 40 fotograma egon daitezke, bata bestearen azpian. Beraz, 3.000 marrazki egin ditudan arren, gehienak efimeroak dira; hau da, asko desagertu dira. Hor azpian dagoenarekin lan arkeologikoa egin zitekeen!
Filmearen ‘geruza’ bakoitzean bidaia bat dago: bidaia artistiko bat; gizakiok naturan egin dugun bidaia...
Arrazoia duzu, horrela da.
...beste bidaia pertsonal bat, zurea Friedrich-en atzean...
Nik egiten ditudan serie guztietan, lanketa bera bidaia bat bezala planteatzen dut eta, filme honetan, are gehiago. Niretzat Friedrich erreferentzia handi bat izan da, naiz eta hemen ez den hain ezaguna. Chamonixen margotu zuen koadro ezaguna ['Mer de Glace' (1824)] Bigarren Munduko Gerran desagertu zen, baina bazegoen lehendik eginda beste kopia bat. Osagai hori oso interesgarria da. Nik neuk ere bertsio bat egin nuen [‘After Friedrich After Carus’, 2021].
Baina, badago beste ikuspuntu bat, zeren pieza artistiko hau errealitatearekin alderatzean, sortu zitzaidan galdera hau: ‘Nola dago da paisaia hori?’. Nafarroako Unibertsitateko museoan aurkitu nuen garai hartako argazki batean [S. Thompson, 1875], Mer de Glace zegoen maila gorenean. Ordutik beherantz joan da etengabe. Gaztea nintzenean, ni ere handik ibili nintzen, eskalatzea gustukoa nuelako. Sasoi bat egon nintzen joan gabe, eta duela bospasei urte itzuli eta: ‘Zer pasa da hemen?’.
Hainbeste jaitsi da?
Desastrea. Koadroak, artistak eta errealitate tematia, dena elkartu zitzaidan eta ‘honekin zerbait egin behar dut!’ pentsatu nuen. Dena erreferentzia kultural batetik hasi zen, baina errealitate gordina gainditu zuen. Hastapenean, oso proiektu domestikoa izan zen –stopmotionen programa jaitsi nuen etxeko ordenagailuan!–, baina badakizu nolakoak diren gauza hauek eta pilota handitzen joan da.
Mer de Glace-k zerikusi handia du beroketa globalarekin eta Estatu frantseseko gune natural turistikoena da!
Mer de Glace izan da mendia konkistatzeko atea. Kontzeptu erromantikoa han sortu zen eta handik pasatu ziren Turner, John Ruskin, Viollet-leDuc arkitektoa, Napoleon, Lumiére anaiak... Esaterako, ‘Frankenstein’ nobelan pasarte bat dago non deskribatzen da Frankenstein izotzaren artean noraezean dabilela. Hau da, Europako kulturaren barnean txertatutako gunea da. Mendia konkistatzeko eta urbanizatzeko atea izan da.
Gizakion txikitasuna somatu dut ere zure filmean.
Artearen zeregina galderak eragitea da: arrakala bat zabaldu eta ikusle bakoitzarengan galderak hauspotu.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena


