
Uda amaitzen dagoen honetan, sasoi honetako pilota jaialdi esanguratsuenak ere bere bukaerara iristen ari dira. San Mateotan murgilduta daude esku huskako pilotariak eta atzo, egun handiaren bezperan, Adarragako harmailetan giro paregabea zegoela, Jaka eta Iztuetak garaipen handia eskuratu dute, partida lehen erdian apurtuta.
Larrazabal eta Mariezkurrenak ohi baino pilota gehiago galdu dituzte –12 bien artean; horietatik 8, Berriozarko atzelariak– eta horrek ere erraztu du bikote gorrien bidea. Hala ere, Jakak ETBri eskainitako adierazpenetan tinko esan du beraien «meritua» ere izan dela: «Zu ez bazaude sendo, horrelako bikote jotzaile batek gainetik pasatzen zaitu».
Lizarzarrak sake errestoan eta tolosarrak atzean ederki jota, segituan ireki dute aldea: 5-0. Ordurako, Mariezkurrenak hiru galdutako pilatu ditu. Dena dela, urdinek aurkitu dute nolabaiteko inspirazioa eta lehen tanto polita osatu dute. Berriozarkoak ongi eman dio eta arabarra bizi mugitu zen aurrean Jaka behartzeko. Eskuak berotu ahala, jotzen ere hasi da Mariezkurrena eta bosna berdintzetik gertu geratu dira (5-4).
Jarraikortasun falta izan dute, halere, urdinek. Behin gorriek sakea berreskuratuta, kosta egin zaie partidan sartzea eta lehen atsedenaldi luzerako aldea nabarmen handitu dute: 12-4.
«Martxelek [Iztuetak] ikuskizuna eman du eta ni, bere babesean, hazi egin naizenaren sentsazioa izan dut. Pilota eskutik biziago atera zaidala iruditu zait. Horrek konfiantzan hauspo handia eman dit. Gure sendotasun horren aurrean, normalean baino gehiago erragalatu dute», laburbildu du Lizarzakoak.
Gatza eta piperra
Atsedenalditik bueltan, bi tanto kateatu dituzte urdinek (12-6) baina segituan berreskuratu du sakea Jakak, 17-8raino ihes eginda. Hala eta guztiz ere, Larrazabal eta Mariezkurrena azken hitza esatetik urrun ziren. Hain goiz apurtu den partida bati gatza eta piperra ematen saiatu dira.
Zailtasunean hazi egin da atzelari nafarra, beterania puntu bat erakutsi nahian Larrazabal gazteari. Hormabiko izugarri batekin hauspotu egin dira urdinak (17-10) eta aurkariak, berandu baino lehenago, etenaldia eskatzeraino behartu dituzte (17-12).
Larrazabalek txokoan egindako batekin (orotara, hiru egin ditu arabarrak) are gehiago presionatu ditu Jaka eta Iztueta baina Mariezkurrenak, erabat berotuta, hartutako erabaki eskas batek kondenatu dituzte. Bostetik bi pareta egitera ausartu da, atxiki baten protestan, eta partidan sartzeko aukera guztiak hor amaitu dira (18-13).

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

