Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

‘La Suerte’: «Zezenketen mundua egungo garaitik kanpo dago, baina bere baitan kapsulatuta dago»

Toreatzaile bat eta ustez zortea eman dion taxilari gazte bat elkartzen ditu ‘La Suerte’ telesailak. Toreatzailearekin batera egingo du espainiar Estatuan bidaia Ricardo Gomezek gorpuztutako Davidek. Mundu garaikidetik «urrun» baina era berean existitzen den zezenketen mundua pantailaratu dute.

‘La Suerte’ filmeko lan taldea.
‘La Suerte’ filmeko lan taldea. (Gorka RUBIO | FOKU)

Iazko Zinemaldia zezenketen munduari lotutako ‘Tardes de soledad’ filmak irabazi zuen urrezko maskorra. Aurtengoan, lehiatik kanpo bada ere Sekzio Ofizialean zezenketekin lotutako telesail bat aurki dezakegu, ‘La Suerte’, guztiz beste tonu batean, ordea.

Sei atalez osaturiko telesaila da Paco Plaza eta Paco Guerrero zuzendariek aurkeztutakoa eta aurki Disney+ plataforman emango dena. Bertan, bi bizitza zeharkatuko dira, kasualitatez edo zorte onez, David (Ricardo Gomez) taxilari gazteak toreatzaile bat ezagutuko du kasualitatez, eta zortea eman ziolako berarekin ibili beharko du espainiar Estatuko zezenketetan barrena. Taxilariak ez du toreatzailearen mundua ulertuko, baina aldi berean, ez dio ezetzik esaten, oreka horri eusten diote sei atalek, umore zipriztinek josiz. 

Zuzendariek prentsa aretoan kontatu dute kasualitatez iritsi zirela beraiek ere zezenketen mundura, festa bat toreatzaile baten hoteleko gelan bukatu eta harrituta bizi izan zutela gaua: «Unibertso horrek eztanda egiten zigun aurpegian, gure ohiko bizitzatik, mundu garaikidetik urrun dagoena ikusi genuen, egungo garaitik kanpo dagoena, arauetatik eta ia parametro moraletatik kanpo dagoena. Unibertso liluragarria iruditzen zaigu, gure artean dagoen unibertsoa da, baina, aldi berean, bere baitan kapsulatuta dagoena».

Plazak gehitu du tolerantziaren inguruko film bat dela, pertsona bat ezagutzerakoan aurreiritziak zeinen txarrak izan daitezkeen agerian jartzen duena: «Batzuetan ez da ulertu behar bestea errespetatu eta maitatzeko, tolerantzia da bidea».

Elkar orekatzeaz

Gomezek David gaztea gorpuztu du, non zezenketen mundutik erabat kanpo dagoen 30 urte inguruko taxilari gaztea den. Ikusleak guztia ikusten du bere begietatik, eta hori «handicap» bat izan dela aitortu du aktoreak. Eta hasieratik bi arrisku nagusirekin egin zuela berak topo: «Lehenengoa komediaren parte izatea, ikusten duena mundu ero bat da, baina ez genuen nahi komedia bihurtzea. Eta bestetik, nire pertsonaiaren motorra bilatzea: Zergatik ez dio ezetz esaten?».

Kontatu du lan asko egin dutela David pertsonaia arakatuz erantzunak topatzeko. «Ondorioztatu genuen Davidek ere bera dagoen tokitik atera behar duela, nire belaunaldiak pairatzen duen arazo bat du, 30 urte ditu eta gurasoen etxean bizi da, gurasoenetik independizatzeko bere aukera bakarra oposizio batean, azterketa batean, bizitza jokatzea da. Eta hortik atera behar du».

Oreka mantentzeaz ere hitz egiten du telesailak, «elkar ulertzearen funtsa du filmak, nork behar du nor? Nork aportatzen dio nori?», zehaztu du Guerrero zuzendariak.

Gidoilariek eta zuzendariek gehitu dute serieak egitik asko duela, baina egia dela zezenketen mundukoa ez den norbait bertara gerturatzean, nahigabean sortzen direla umorezko eszenak. «Espainian umorea errealismotik sortzen da», bota du Plazak, eta beraien kasuan ere hala izan dela. 

16mm-tan grabatzeko apustua egin dute, «guretzat negatiboan grabatzea garrantzitsua zen, antzinako mundu bat da, desagertzeko trantzean egon daitekeen, eta zeluloidean grabatzeak zentzua zuen». Plazak grabatzeko moduen inguruko hausnarketa egin zuen: «Garai honetakoa ez den arte bat denez, horretarako baliatu dugu, beste estetika bat ematen dio. Gainera, egun digitalean botoi batekin guztia ezabatu daitekeenean, zeluloideak iraun egiten du, denbora errugabetzen duen argia da».