Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Pantailan ehundutako oroimenak

KARMELE
Euskal Herria, 2025. 114’. Zuzenda eta gidoia: Asier Altuna. Aktoreak: Jone Laspiur, Eneko Sagardoy, Nagore Aranburu, Javier Barandiaran. Argazkia: Javier Agirre Erauso. Musika: Aitor Etxebarria.

Eneko Sagardoy eta Jone Laspiur, Txomin Letamendi eta Karmele Urresti gorpuzten.
Eneko Sagardoy eta Jone Laspiur, Txomin Letamendi eta Karmele Urresti gorpuzten. (Txintxua Films)

Donostia Zinemaldian Sail Ofizialean lehiaz kanpo estreinatu ostean iritsiko da zinema aretoetara Asier Altuna zinegile bergararraren film berria: ‘Karmele’.

Kirmen Uriberen ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ nobela du oinarri filmak, eta Txomin Letamendi eta Karmele Urrestiren bizitzak kontatzen ditu. Eneko Sagardoy, Jone Laspiur, Nagore Aranburu eta Javier Barandiaran dira aktoreak. 

Eleberria, era berean, Urresti eta Letamendiren benetako bizitzetan inspiratuta dago. Zortzi hizkuntzatara itzulita dago eta hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Kritika Sari espainiarra (euskarazko narratibari) eta 111 Akademia Saria (urteko liburu onenari). 

1936ko Gerran Karmele Urresti (Jones Laspiur) erizain gaztearen familiak Ondarroatik Estatu frantsesera alde egin zuen itsasontzian. Bertan, Parisen erbesteratutako beste euskal gazte batzuk ezagutu zituen Urrestik, tartean Txomin Letamendi (Eneko Sagardoy) jazz musikari eta militantea. Bigarren Mundu Gerra hasiberri, Venezuelara joan ziren biak, naziengandik ihesi, eta gero Euskal Herrira bueltatu ziren, hiru seme-alabekin.  

Musikak paper garrantzitsua jokatu du. Euskal musika, jazza, boleroak eta guarachak entzungo dira. Soinu banda pertsonaien bidelagun da eta istorioa aberasten du. Aitor Etxebarria da konpositorea.

Alazne Ameztoy arduratu da soinuaz. Nerea Torrijos da jantziteria zuzendaria. Lola Lopez eta Itziar Arrieta, makillaje eta ile-apainketa buruak. Laurent Dufreche muntatzailea. Felix Berges da VFX burua eta Jon Serrano, berriz, efektu berezien arduraduna. Mari Rodrigo da casting zuzendaria eta Michel Gaztambide izan da gidoiaren aholkularia. 

Altunaren hitzetan, «‘Karmele’ kulturak, musikak eta arteak zipriztindutako bidaia bat da. Beti erakarri izan naute hainbat belaunaldi biltzen dituzten historia familiarrek. Karmele gazte-gaztetatik muturreko egoerei aurre egin behar dien emakume bat da, ausarta eta konprometitua, bere ideiekiko kontsekuentea eta horiek beti irmo defendatzen dituena. ‘Karmele’-k askatasun ezaren aurrean pertseberantzia, borroka eta duintasuna zer diren erakusten digu».