‘Balearic’: ingurune ezagunak ezleku arrotz bihurtuz
Ion de Sosa gipuzkoarra sailkatzeko zaila den zinemagile horietako bat da; bere lana zinema kostunbristaren, intimistaren eta fantastikoaren ertzetan mugitzen da, eta orain arte, behintzat, ez da publiko zabalari heldu. ‘Balearic’ estreinatu du Sitgeseko Sail Ofizialean: ez du inor axolagabe utzi.

Ion de Sosa (Urnieta, Gipuzkoa, 1981) zinemagilearen lehen film luzea, ‘Sueñan los androides’, Berlinalen estreinatu zen 2015ean, eta zinemaldi zein arte-zentro nazional eta nazioarteko askotan aurkeztu zen. Philip K. Dicken ‘¿Sueñan los androides con ovejas eléctricas?’ nobelaren moldaketa librea da filma, eta bere zinemaren ezaugarri nagusiak biltzen ditu: 16 mm-ren erabilera, enkoadraketa frontala eta irekia, kostunbrismoa zientzia-fikzio ukituekin uztartua, denboraren eta konposizioaren erabilera berezia, eta umore-sena oso berezia.
Ezaugarri eta nortasun berezi hori argazki-zuzendari gisa egin dituen lanetan ere topa daiteke, Chema García Ibarra-ren ‘Espiritu sagrado’ edota Irati Gorosti-ren ‘Aro Berria’ filmetan esaterako.
‘Balearic’ film berriak Locarnon izan zuen mundu mailako estreinaldia, Concorso Cineasti del Presente sailean; sail horretan ikuspegi berezia eta berritzailea duten zinegileen lanak biltzen dira.
San Juan bezperan girotzen da filma. Luxuzko etxe bateko igerilekuan sartu diren gazte batzuei hiru txakur basatik eraso egin diete, eta bertan harrapatuta geratu dira. Bien bitartean, auzotarrak gertuko hiribildu batean bildu dira udaren hasiera ospatzeko.
Ingurune ezagunak ezleku arrotz bihurtuz, Ion de Sosak belaunaldien arteko eztabaida planteatzen du ‘Balearic’ filmean, urteak aurrera doazen heinean munduaz dugun ikuspegia nola aldatzen den aztertzeko. Komediaren eta beldurraren arteko erdibidean dantzan, fabula lisergiko honek irudien eta denboraren artean sorpresaz betetako espazioa marrazten du, non dena aldatzen den begiradaren arabera.
Baina ez du soilik terrorea edo drama errealista erabiltzen: fantasiazko eta sinbolismoko elementuak ere badaude. 16 mm-ko ehundura pikortsuak, udako argitasunak eta ondoko mendietako keak atmosfera denboragabea sortzen dute. Sinbolismo horietan hainbat erreferentzia topa daitezke. «Erreferentzien entsalada batekin egin dugu lan. Distantziak salbu eta betiere nire ikuspegi propioa gehituz, lehen zatirako asko gustatzen zitzaidan ‘Picnic At Hanging Rock’ (1975), bereziki atmosfera sortzeko. Haustura gertatzen denean eta bigarren zatia heltzean, horretarako, Buñuelen ‘El angel exterminador’, Carlos Saura-ren ‘Mama cumple cien años’ edota garaikideagoan diren ‘Triangle of Sadness’ (2022) eta ‘The zone of interest’ izan ditut apur bat kontuan» esan du de Sosak.
Bisualki, film indartsua da; arlo sinbolikoan eta atmosferikoan hobeto funtzionatzen du emozionalean baino. Zerbait abstraktua eta deserosoa onartzeko prest dauden ikusleek soilik besarkatuko dute zuzendariaren proposamena.
‘Balearic’ ez da film adeitsua: deseroso sentitzea bilatzen du eta disonantzia sozial bat erakusten du. Ion de Sosaren zinemak gogorarazten du, zorionez, arlo komertzialetik kanpo proposamen biziki interesgarriak daudela: irudimentsuak, hausnarketarako bidea zabaltzen dutenak eta bisualki ausartak diren proposamenak.
Underground zinema?
Underground zinema, independentea, esperimentala eta bazterrean kokatzen den film mota batzuek deskribatzeko erabiltzen den terminoa da, zirkuitu komertzialetatik eta zinema industrialaren konbentzioetatik kanpo ekoizten dena.
‘Balearic’ etiketa horretan sartu ala ez galdetuz, Leire Apellaniz ekoizle bilbotarrak honakoa aipatu du «dituen ekoizpen balioez harago, film honek balio erantsi bat duela iruditzen zait. Filmak izan ditzakeen akatsak ausardiaren eta askatasunaren adierazgarri dira. Guztia berdina den garaiotan, honelako pelikula bereziak jaiotzea aipagarria da. Ziurrenik gabeziak izango ditu, eta finantziazio falta egon dela nabaritzen da, baina hor egin du distira filmak: diruaren gainetik, sormena gailentzen denean».
Gehitu du: «Gure proposamena underground gisa etiketatzea ulertzen dut, baina horrek lotura gehiago dauka film jakin bat non jarri eta non ez erabakitzen duen jendearekin. Askotan underground eremura mugitzen gara, baina ez guk hala bilatu dugulako, egoerak horrela bultzatuta baizik».
Carles Porta
TV3-ek ekoizten duen ‘Crim’s telesaila izan da, zalantza izpirik gabe, Carles Porta erakusleiho mediatikoan kokatu duen lana. Katalunian gertatutako benetako krimenak azaltzen dituen dokumental-sorta da eta Portak egiten duena maila gorenekoa da. Atal guztietan, presente daude bere narrazio-estiloa eta ikusleak hasieratik murgiltzen ditu istorio bakoitzaren labirinto ilun horien erraietan. Kasu aztoragarriak, beldurgarriak, sinestezinak eta latzak dira.
Sitgesen ‘Crims: El doble crim de Bellvitge’ lana aurkeztu berri du, beste krimen jakin batean zentratutako obra bat. 2004ko urriaren 5ean, L'Hospitalet de Llobregateko Bellvitge auzoko etxebizitza batean sute baten berri izan zuten suhiltzaileek. Bi emakumeren gorpuak aurkitu zituztenean, Esquadra Mossoak jakinaren gainean jarri zituzten, biktimak lotuta, bozaturik eta arma zuriz egindako zauri ugarirekin aurkitu zituzten. Laster jakingo zuten polizia departamenduan praktiketan ari ziren bi agente direla.
Azken boladan true crime askotan egoten den sentsazionalismotik eta hiltzailea erromantizatzeko joeratik guztiz at, ‘Crims’ telesailean biktimak eta familiarrak beti oso presente egoten dira. «Guk istorioak familiarrekin kontatu nahi ditugu, bestela ez. Horrek izan behar du narrazioaren oinarria: biktimekiko errespetua. Orain dela urtebete galdetu genien ea Sitgesen egoteko gogorik izango zuten ala ez, eta baiezkoa esan ziguten; hementxe gaude lana aurkezten. Bizi duten drama lazgarriaren ostean, zoriontsu izatea merezi dute», aipatu du Portak lanaren aurkezpenean.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

