‘Handira jotzeko kazetaritza’ titulua dauka Martxelo Otamendiren ibilbidea jasotzen duen liburuak, Garbiñe Ubedak idatzitakoa. Elkar, ‘Berria’-k eta ‘Jakin’-ek elkarlanean egiten duten Aleka bildumaren baitan kokatzen da lana.
Elkarreko Martin Anso editoreak azaldu duenez, Otamendik 2023an ‘Berria’-ko zuzendaritza utzi zuenean abiatu zen proiektua, «kazetaritzaren erreferente, aktualitatearen lekuko eta protagonista ere izan delako, ‘Egunkaria’-ren itxierarekin». Gauzak horrela, Garbiñe Ubedak jaso zuen enkargua. «Galdera pertinenteak egin dizkio Martxelok bere bizitza kontatu ahal izateko», azaldu du.
Liburua ehun orrialdek baino gehiagok osatzen dute eta Ansoren arabera «jendea guztia asetzeko» kontuak jasotzen ditu. Elkarrizketez gain, Otamendi gertutik ezagutu dituzten begiradak eta argazkiak jasotzen dira.
Ubedak azaldu duenez, Amagoia Mujika Tolaretxipik proposamena egin zionean berehala erantzun zuen baitz. «Martxelo betidanik ezagutu dut eta erreferentea izan da kazetaritza munduan egongo nintzela pentsatzen ez nuenean ere. Azkar erantzun nuen, ezezkorik ez zelako kabitzen», esan du.
Elkarrizketa eta biografia
Lana elkarrizketa bat da, baina biografia ere bada, Otamendiren ibilbide profesionalean egindakoa jasotzen baita modu kronologikoan. Horrela, nerabe garaitik abiatzen da, euskalduntasuna deskubritu zuenetik. «Izan ere, gutako gehienak bezala gaztetan gaztelaniaz aritzen zen Martxelo Otamendi eta gero euskarara joan zen», azaldu Ubedak.
Euskaltegian klaseak eman zituen garaia jasotzen da gero. Ondoren, ETBn emandako urteak, «beharbada atalik ahaztuena», Ubedaren arabera. «Euskal prentsaren sinbolo da Martxelo, baina telebistan lan ederra egin zuen», gaineratu du. ‘Euskaldunon Egunkaria’-n eta ‘Berria’-n emandako urteak ere aztertzen dira, noski.
Otamendik azaldu duenez, Ubedak baino traba gehiago jarri zizkion liburuari. «Pretentzioso xamarra iruditzen zitzaidan», onartu du. Izan ere, Aleka bilduman biografia bakarra dago, Carlos Garaikoetxearena. Bigarrena Otamendirena izateak kezka eragiten zion.
«Lan polita»
Dena den, «lan polita» osatu dutela azpimarratu du Otamendik. «Asko hitz egiten dut. Guztia jasotzeko gaur inauguratzen duten ordenadore kuantikoa beharko zelaren broma egin berri dugu. Guztia biltzea lan handia da, baina pozik geratu gara emaitzarekin».
Otamendik komentatu duenez, honakoan ez bezala, beti eman du baietza azkar. ETBtik edo ‘Egunkaria’-tik deitu ziotenean bezala. Donostiako Hipodromoaren inguruko jatetxe batean egindako bazkari batean egin zioten ‘Egunkaria’ zuzentzeko proposamena. Hamar eguneko epea eskatu zuen pentsatzeko, baina bigarrenean eman zuen baietza.
«Zuzendari bekarioa izan nintzen hasieran. Gero, aginte eremua hartu nuen», azaldu du.
Liburua osatzeko prozedura erraza izan dela esan du Ubedak. Telefono dei baten ondoren, elkartu ziren. Lehenengo hitzak bota ondoren, elkarrizketari ekin zioten. «Galderak egin beharrean jai-jartzaile gisa aritu naiz. Horrekin nahikoa zen erantzun jasotzeko», azaldu du. «Blokeka joan gara», gaineratu du.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
