
Gure Artea sariak banatu dira ostegun arratsalde honetan Gasteizko Artium museoan. Sari hauek arte plastikoen eta bisualen arloan ematen diren saririk garrantzitsuenak dira eta aurten Jon Mikel Eubak, Zuhar Iruretagoienak eta Garikoitz Fragak jaso dituzte.
Ibilbide artistikoa aitortzeko 2025eko Gure Artea saria Jon Mikel Eubari eman dio epaimahaiak, euskal arte garaikidean egindako ibilbide zabal eta berezia aitortzeko.
Epaimahaiak bere lanaren heterogeneotasuna, belaunaldien arteko erreferente gisa betetzen duen zeregina eta liburu, tailer eta hezkuntza proiektuen bidez ezagutza transmititzeko etengabe egiten duen lan pedagogikoa nabarmendu ditu.
Balioan jarri dute bere jarduera artistikoak, prozesu gisa marrazketan eta programa gisa eskulturan oinarritzen denak, egungo erregimen hiper-estetikoen aurrean begirada kritikoa bilatzen duen ekoizpen sistema propio bat garatu duela. «90eko hamarkadaren amaieratik, Eubak eraiki duen ibilbidean prozesuen eskuzabaltasunak eta etengabeko bilaketak eredu berezia definitzen dute, sormena, hausnarketa eta lankidetza konbinatzen dituena», aitortu dute.
Epaimahaiak nabarmendu du bere jarduna «erresistentzia eta esperimentazio modu bat» dela, eta «erreferentzia aparta» dela Euskal Herriko zein nazioarteko panorama artistikoan.
Sorkuntza lana aitortzeko saria Zuhar Iruretagoiena zarauztarrak jaso du, «begirada kritiko eta ikertzailetik formaren, materialtasunaren eta sinboloaren arteko tirabirak aztertu dituen proiektu artistikoaren sendotasunagatik».
Arte Ederretan doktorea eta EHUko irakaslea da Iruretagoiena, eta bere lana eskulturaren eremu hedatuan kokatzen da, objektuaren, espazioaren eta pertzepzioaren arteko mugak zalantzan jarriz. Bere proiektuak, besteak beste, Guggenheimo, San Telmo, La Casa Encendida edo Recalde Aretoa erakundeetan erakutsi ditu, eta, besteak beste, Generación 2008, Ertibil 2009 edo 2024ko Puerto de Santander sariak jaso ditu.
Epaimahaiak «ikerketa formal eta kontzeptualerako duen gaitasuna, artearen lengoaiaren aurrean duen jarrera kritikoa eta eskulturaren berrikuntzarekin duen konpromisoa» nabarmendu ditu, horrek euskal arte garaikidearen «ezinbesteko erreferentzia» bihurtzen baitu.
Eragileek egindako lana aitortzeko 2025eko Gure Artea saria Garikoitz Fraga Angoitiak jaso du ‘Belleza Infinita’ argitalpen proiektuaren buruan egindako lanagatik.
‘Belleza Infinita’ 2022an sortu zen, eta lan «berezia, berritzailea eta ibilbide luzekoa egin du artista-liburuaren, saiakera bisualaren eta poesia grafikoaren esparruan, estatuan eta nazioartean erreferente bihurtuz», jarri dute balioan.
Epaimahaiak arte garaikidearen bitartekaritzarekin eta hedapenarekin duen «konpromisoa», artistekin batera egindako «lan zorrotza» eta artisaua eta euskal ekosistema artistikorako argitalpen azpiegitura sendo bat sortzeko egindako ekarpena baloratu ditu.
Bi hamarkada baino gehiagotako esperientziarekin, Garikoitz Fraga ‘Eseté’ aldizkariaren sortzailea izan da, bai eta erakusketen komisarioa ere, hala nola Juan Carlos Eguillorri 2025ean Rekalde Aretoan eskainitakoarena.
Epaimahaiak bere «ikuspegi sortzailea, independentzia eta jarraitutasuna» aitortu ditu, horrek ‘Belleza Infinita’ «funtsezko proiektua» bihurtzen baitu arte garaikidearen proiekziorako eta ezagutzarako.
_copia.jpg)
Irauli ekimena: Euskal Herriko familia euskaldunen korapiloak askatzeko topagune berria
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)
