
LABek dekalogo bat aurkeztu du ostiral honetan eskolan ematen den segregazioari aurre egiteko. Hasteko gizarte-kohesioa sustatu behar dela dio sindikatuak, eta, «ondorioz, ikasleen aukera berdintasuna erabakigarria izan behar da hezkuntza sistemaren planifikaziorako».
Zentzu honetan, ikasleen eskolaratzea eta ikaspostuen planifikazio deszentralizatua proposatu du, udalerrietatik abiatuta. «Matrikulazioa eta ikaspostuen planifikazioa herrika garatzea eskatzen dugu, kudeaketa bulego bakar eta loteslearen bitartez egin behar da», gaineratu du.
Eta bizitoki-segregazioaren aurrean auzo barrutia zabaldu behar dela ohartarazi du, «egoera sozio-ekonomiko ezberdinak dituzten auzoak barne hartzeko eta bizitoki-segregazioa eskolan ez erreproduzitzeko».
Sindikatuaren esanetan, matrikulazio baremo bateratua adostu behar da hezkuntza-sistemako ikastetxe guztietarako. «Neurri gehigarriak ezarri behar dira eta baremazioa homolagatua izan behar da sare eta ikastetxe guztietarako», adierazi du, eta laikotasuna bermatu behar dela nabarmendu du. «Eragin eremu guztietan eskaintza laikoa bermatu behar da, izaera erlijiosoa segregaziorako iturri bihurtu ez dadin», gaineratu du.
Hizkuntzari dagokionez, LABek euskaraz ikasteko eskaintza bermatu behar dela dio: «Euskara segregaziorako elementu bihur ez dezaten, eta inklusiorako elementu izateko, neurriak behar ditugu. Hizkuntza ereduen sistemarekin ikasle askori euskaraz ikasi eta bizitzeko eta euskal kultura ezagutzeko aukera ukatu egiten zaie, horregatik, eragin eremu bakoitzean D ereduan ikasteko eskaintza nahikoa egon behar da».
Halaber, D ereduko ikaspostu publikoak hedatu behar direla planteatu du bere dekalogoan. «Eskola publikoen arteko fusioak gertatuz gero, D ereduko ikaspostuen galerarik ezin da egon. D ereduko ikaspostu publikoak hedatzeko planifikazioa behar da».
«Joku-arau argiak nahi ditugu»
Era berean, «konfluentziaren» norabidean urratsak ematea defendatu du, euskal eskola publiko komunitario baten alde borrokan jarraitzeko, «euskal curriculumean, doakotasunean, laikotasunean, inklusioan, ekitatean, euskararen murgiltze ereduan eta pedagogia feministan oinarrituko den sare publiko bakar, berri, propio, burujabe, euskaldun eta deszentralizaturen alde».
Auditoretza-unitatea sortzearen alde agertu da sindikatua, ikastetxe guztietako diru-kontuak «gardentasunez» publiko egiteko eta hauen kontrol publikoa bermatzeko. Eta segregazioari aurre egiteko neurriak edota ikasleen eskolatze eta planifikazioari loturiko araubideak langileokin negoziatu eta adostu behar direla gehitu du.
LABen aburuz, «langileen ordezkarien gehiengoarekin adostu behar da segregazioari loturiko edozein erabaki, eta abian jarri den mahaiak ez du hori ziurtatzen. Gure ustetan, irakaskuntzako mahai sektorialetan ere landu eta adostu behar dira segregazioaren kontrako neurriak».
«LABentzat ezinbestekoa da horretarako aukerarik izango den ala ez argitzea, mahaian gure parte-hartzearen nondik norakoak baloratzeko. Hau da, joko-arau argiak nahi ditugu. Ez dago segregazioaren kontrako itunik langileen gehiengorik gabe», ohartarazi du.
_copia.jpg)
Irauli ekimena: Euskal Herriko familia euskaldunen korapiloak askatzeko topagune berria
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)
