
2.800 metroko luzera izango du aurtengo ibilbideak. Asfaltoan eta inolako oztoporik gabea izango da, denontzat irisgarria izan dadin. Normalean ibilbide zirkularra izaten da; aurten, lehen aldiz, eredu hori aldatzea erabaki dute eta nahi duena nahi duen gunera joan ahal izango da libreki. Hiru gune izango dira, horietako bat herriko erdigunean bertan: Buruz, ikastola; Bihotzez, kultur etxe ondoan dagoen Ribed parkea; eta Oinez, Uharteko askaldegi inguruan.
Ez dago aitzakiarik Atarrabiara ez joateko, primeran pasatzeko eguna antolatu dute. Aurten jasotzen duten dirua Paz de Ziganda ikastolak bere instalazioak berritzeko erabiliko du. Iñaki Erroz ikastolako zuzendariak hau azaldu zuen: «30 urte pasa ditugu egungo eraikinean; hainbat espazio berritzea behar dugu. Ez dugu eraikin berririk behar, baina espazioak naturalizatu nahi ditugu».
EGITARAU ZABALA
Festa ofizialki igandean izango den arren, larunbatean jada haurrentzako hainbat ekintza eta kontzertuak izango da, baita artisau azoka ere. Igandeko hasiera ekitaldia 10.00etan izango da, ikastolako patioan. Lekuko aldaketa eta omenaldia, berriz, 12.00etan izango da Atarrabiako kultur etxean.
Egitarau zabala prestatu dute adin guztientzako jardueraz betea, familia giroan gozatu ahal izateko. Gaztetxoen Erronkarekin hasiko dira, eta herri kirolak ere izango dira; Korrontzi, Xaibor, Motxila 21, Trikidantz, Gozategi, Nafarroa 1512 eta Sorotan Bele taldeek berotuko dute giroa euren zuzeneko musikarekin; haurrentzako magia ikuskizuna, jolasak eta animazioa izango dira; eta kalean konpartsak eta kalejirak ibiliko dira.
Berrikuntza gisa, Oinez Escape jarduera egingo dute 8 eta 16 urte bitarteko gaztetxoek; burua, bihotza eta oinak erabiliz pistak bilatu beharko dituzte. Ibilbidean zehar, euskara eta euskal kulturaren alde jardun diren lagunen inguruko informazioa ezkutatuta egongo da eta nor diren asmatu beharko dute.
GARRAIO JASANGARRIA
Antolatzaileek gomendatu dute Atarrabiara joateko garraio publikoa erabiltzea -billabesak indartu dituzte 4, 7 eta 19 lineetan-, baina autoz joan nahi dutenentzat aparkaleku bereziak prestatu dituzte Erripagañan, Aretan eta Ollokin.
Mugikortasun murriztua duten pertsonek ikastola ondoan aparkatu ahal izango dute, aldez aurretik webgunean formulario bat bete ostean.
Horrez gain, Atarrabia Iruñetik gertu dagoenez, Iruñerrian bizi direnak bizikletaz joatera animatu nahi dituzte ‘‘Bizi oinez Bizin’’ kanpainaren bidez. Jendea seguru sentitu dadin, mapak eta trackak argitaratu dituzte ibilbideen gaineko informazioarekin, eta lau elkargune antolatu dituzte taldeak sortu eta elkarrekin bertaratzeko. Ikastola ondoan 320 bizikletarentzako aparkaleku segurua egongo da (nork bere kandadua eramatea aholkatu dute).
JATEKO ORDUA
Horrelako festa batean ezin dira falta atseden hartzeko eta janez indarra hartzeko txokoak. Aukera desberdinak izango dira ibilbide osoan zehar. Txosnez gain, taloak, patata frijituak eta kafea hartzeko aukera izango da.
Gainera, Benigno Mendia jantokia zabalik egongo da (ikastolako frontoian kokatuko dute, eta 14.00etan hasiko dira janaria banatzen); bertan paella, oilasko izterrak, esnekiak, sagardoa, garagardoa, ardoa, likoreak eta kafea hartzeko aukera izango da, Kuxkuxtu txarangak giroturik. Glutenik gabeko eskaintza ere izango da.
Paellarako tiketak lehen aldiz aldez aurretik salgai jarri dituzte webgunearen bidez, 25 euroan; beraz, bertara joateko asmoa izanez gero, komeni da lehenago galdetzea. Tiketa erosten dutenek 1. gunean jaso beharko dute, jantokiaren ondoan.
Euro baten truke edalontziak eskainiko badituzte ere, jendea bere edalontzi berrerabilgarria etxetik eramatera animatu nahi dute, Oinez Berdea dekalogoan jasotzen duten bezala. Denok dugu etxean beste ospakizun batean lortutako ontziren bat. Eramaten ez dutenentzat, noski, plastikozko edalontzi berrerabilgarriak izango dituzte edaria eskaintzen den leku guztietan.
Noski, norberak sortzen dituen hondakinak zirkuituan egongo diren edukiontzietan utzi eta hondakin-motaren arabera behar bezala bereizi behar direla gogorarazi dute antolatzaileek. Horretarako, Iruñerriko Mankomunitateak hainbat edukiontzi jarriko ditu ibilbidean zehar (beira, papera eta kartoia, ontziak, organikoa eta bestelako hondakinak).
PUNTU MOREAK
Nafarroa Oinez denontzako festa seguru bat izan dadin, Puntu More bana jarriko dute gune bakoitzean. Bertan, edozein eraso sexistaren aurrean erantzuna emateko eta aholkularitza eskaintzeko pertsona prestatuak izango dira. «Jaiak aske bizi eta gozatu nahi ditugu», azpimarratu zuten aurkezpenean.
Izan ere, azken urteetan festa handietan puntu moreak ohikoak dira, unean bertan gertatzen diren erasoei erantzuna ematen laguntzeko, baita biktima babesteko ere.
_copia.jpg)
Irauli ekimena: Euskal Herriko familia euskaldunen korapiloak askatzeko topagune berria

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia


