
Tolosaldean ospitale guztiz publikoa izatea eta Asuncion Klinikako langile guztien subrogazioa bermatzea aldarrikatzeko klinikako langileek manifestazioa deitu dute azaroaren 22rako, ELA eta LAB sindikatuekin batera.
Sindikatuek astearte honetan deitutako agerraldian eman dute honen berri. Halaber, langileek, eskualdeko bizilagunekin batera, urte asko daramatzatela ospitale publiko bat aldarrikatzen gogorarazi dute.
Gaineratu dutenez, egun hauetan Alberto Martinez Lakuako Osasun Sailburuak enpresa batzordeari eskainitako informazioaren eta publiko egin dituen albisteen arabera, gaur egun Asuncion Klinikan lanean dauden 350 langileek ez dute inolaz ere bermatuta lanean jarraitzea. «Sailburuak mahai gainean, hitzez, jarri duen proposamenak soluzio partziala eta denboran mugatua eskaintzen du, eta langileek ez dute ontzat ematen», azaldu dute.
Donostiako Onkologikoko langileen kasua aipatu dute adibide moduan. Orain dela hilabete batzuk langileak subrogatuak izan ziren eta gaur egun Osakidetzako langileak dira. Beraz, bide bera hartzea eskatzen dute Tolosako langileek.
Zerbitzuei dagokienez, plan funtzionalik ez dagoela azaldu dute agerraldian. «xehetasunak falta» direla. Hala ere, %100ean publikoa izango den bermerik ez dagoela uste dute, «ezta aldarrikatzen dugun zerbitzu guztiak izango dituen eskualdeko ospitalea ere, besteak beste, OSI Donostialdeatik zintzilikatutako bereizmen handiko anbulatorio baten itxura duelako», erantsi dute.
Beraz, ELAk eta LABek manifestazioa deitu dute datorren azaroaren 22an, Tolosan, 12.00etan Triangulo plazatik abiatuta. «Ahalik eta jendetsuena» izan dadin eta «inoiz baino ozenago aldarrikatu beharra dagoela» uste dutenez, sindikatuei eta eskualdeko eragileei atxikitzea eskatu diete. Bide batez, Tolosaldeko alkateei, langileei subrogazioa bermatzen ez bada, proiektua ontzak ez ematea eskatu diete.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

Zestoa: El fiscal admite la sombra de violencia machista pero mantiene la petición de multas

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek
