NAIZ

Martxoak 3 elkarteak unitate didaktiko berria aurkeztu du

Unitate didaktiko berria aurkeztu du Martxoak 3 Elkarteak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako ikasleentzat dago pentsatuta, belaunaldiartekotasuna sustatzen badute ere. Webgune batean jaso dute material guztia. 

Arbe eta Rodrigo, unitate didaktiko berriaren aurkezpenean.
Arbe eta Rodrigo, unitate didaktiko berriaren aurkezpenean. (Martxoak 3 Elkartea)

Martxoak 3 elkarteak unitate berria aurkeztu du asteazken honetan. 2014. urtean egindakoa «berritu» eta osatzearen beharra sumatu zuten, eta Bonrinquen Martinez Telleria eta Miren Rodrigo Argote Bigarren Hezkuntzako irakasleek sortu dute IRALEn, «azken urteetan sortu den ikasgai horrek dituen hutsuneak betetzeko asmoarekin eta irakasleei lana errazteko asmoarekin». 

Paperean jasotako materiala webgune batek ordezkatu du oraingoan, komikia, galdetegiak, ‘Vitoria, 3 de marzo’ filma eta aurkezpenak eta azalpen teorikoak jaso dira bertan, besteak beste. Rodrigok azaldu duenez, «Gasteizen, 1976ko martxoaren 3an gertatutakoa ikasleekin lantzea da helburu nagusia, giza eskubideen urraketatik abiatuta». Horretarako, belaunaldien arteko transmisioa ardatz du proiektuak. 

Ikasleen ikerketa lanen ondorioz sortutako testigantza bildumak ezagutarazi eta gaiaren inguruko sentsibilizazioa sustatzeko erabiliko da. Eta mailen arteko elkarrekintza ere bultzatzen du proposamen honek; izan ere, 4. mailako ikasleek 2. mailako ikasleen aurrean aurkeztuko baitituzte ikerketen emaitzak. 

Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak bereziki azpimarratu du sarraskia ezagutarazten eta Gasteizen gertatutakoaz kontzientziatzen lagunduko duten materialak egin behar direla. «Elkartearen funtsezko ardatzetako bat da belaunaldi gazteenei azaltzea zer gertatu zen 1976ko martxoaren 3an. Bisitei eta horrelako materialei esker, memoria bizirik mantentzea lortu dugu», nabarmendu du Martxoak 3 elkarteko Amaiur Arbek.