
«Klima-aldaketa da gizarte gisa dugun erronka handienetako bat. Hala eta guztiz ere, Euskadin ezin izan da parke eolikorik eraiki azken bi hamarkadetan. Eusko Jaurlaritzak, parke eoliko berrien garapenean beste 20 urte igaro ezin daitezkeela jakinda, eta Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko 1/2024 Legea betez, herritarrek trantsizio energetikoari eta klima-aldaketari buruz hausnartzeko eta sentsibilizatzeko prozesu bat jarri du abian, energia berriztagarrien ezarpena modu jasangarrian eta koherentean lantzeko».
Hala iragarri du Lakuako Gobernuak ostegun honetan, hain zuzen Labrazako parke eolikoko lanak hasi direla nabarmentzen duen ohar batean. «Hausnarketa horren helburu nagusia da ulertzea zer behar eta erronka nagusiri egin behar diegun aurre gizarte gisa deskarbonizazioari heltzeko eta 2050era arte zero isuri garbiak lortzeko. Akordio estrategiko eta integratzaile bat definitu nahi da, Euskadiko eragile publiko, pribatu, gizarte-sare eta herritarren lankidetza aktiboarekin».
«Hausnarketa-prozesu ireki hori erakundeekin, enpresekin, gizarte-ehunarekin eta herritarrekin egin nahi da, Euskadiko hiru hiriburuetan aurrez aurreko partaidetza-saioak eginez, bai eta interesa duten udalekin ere», gaineratu du, parte-hartze prozesu horren saioak datozen asteetan hasiko direla nabarmenduz.
Zentzu honetan gogora beharra dago Oiongo Udalak gogor kritikatu duela Labrazako parkea, baina Lakuak abian jarri ditu lanak udal erakundearen iritziari uko eginez.
«Urrats erabakigarria»
Komunikabideei bidalitako testuan EAJk eta PSEk osatutako Gobernuak dioenez, «EAEk urrats erabakigarria eman du trantsizio energetikorantz». «Proiektu berriztagarri hau EAEan azken 20 urtean martxan jartzen den lehena da, eta 59 milioi euroko inbertsioarekin egingo du, euskal industria eolikoaren hornikuntza-kateari bultzada emateko», adierazi du, azpiegitura honek «baimen guztiak» dituela esanez: Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena, Administrazio Baimena, Onura Publikoko Deklarazioa, Onura Publikoko Mendien Aitorpena, eta Oiongo eta Aguilar de Codeseko udalen obra-lizentziak.
Oiongo alkatea den Jose Manuel Villanuevak salatu zuen otsailean lizentzia horren aurka helegite bat jarri zutela, eta argi utzi zuen Udala «behartuta» zegoela.
Nafarroako ECAY enpresari esleitu zaizkio obrak, eta Siemens-Gamesari, berriz, aerosorgailuen fabrikazioa. Dena den, instalazio horren garapena Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) proiektu berriztagarriak bultzatzeko eratutako sozietatearen lehen jarduketetako bat da. «Aixeindar lankidetza publiko-pribatuaren adibide bat da, eta bi bazkideek trantsizio energetikoan eta energia berriztagarrietan egindako apustua nabarmentzen du», dio Lakuak.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

Multa de 400 euros por protestar en la inauguración del Culinary Center de Gros

El equipo de gobierno de Iruñea pide la dimisión de Ibarrola y Adanero por «difundir bulos»

