
Legebiltzarrean 2026ko EAEko aurrekontuak aztertzen ari diren aste hauetan, EHUri bideratutako diru kopuruak eztabaida piztu du. Azken egunetan, Errektoretzak unibertsitatean premien diagnosia aurkeztu eta egoerari aurre egiteko 192 milioi euro gehiagoko finantzaketa eskatu dio Gobernuari. Gaurkoan, LAB, Steilas, ELA eta CGT/LKN sindikatuek Bilbon egindako agerraldian aldarrikapen bera egin eta mobilizazioak deitu dituzte abenduaren lehengo astean «beharrezko finantzaketa» exijitzeko.
Lanuzteak 11.00etatik 12.00etara egingo dira abenduaren 1ean Leioan, 2an Donostian, 3an Gasteizen eta 4an Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzaren aurrean; elkarretaratzeak, berriz, 11.15ean izango dira. Era berean, EHUk behar duen finantzaketa lortzeko jarrera irmoa izateko eskatu diote errektoretza-taldeari.
2026rako EHUra bideratutako finantzaketa apur bat handituko dela aurreikusten bada ere, sindikatuek azpimarratu dute aurrekontu partida horrekin «ezinezkoa» dela Unibertsitateak dituen beharrak asetzea eta ez dela iristen 2031rako Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak helburutzat ezarritako BPGaren %1era.
Unibertsitate publikoarekiko «utzikeria interesatua» dagoela berretsi dute sindikatuek, «EHUk dituen gabezi endemikoei aurre egitea ahalbidetzen ez duena».
«Aldi berean, hezkuntza unibertsitarioaren eredu elitista sustatuz, alfonbra gorria jartzen die Jaurlaritzak unibertsitate pribatuei. EHUko langileen ahaleginak dira guztion itsasontzi indartsua izan beharko litzatekeen hau ez hondoratzea lortzen dutenak. Izan ere, unibertsitate pribatuen flota gero eta anitzagoa izatearen erantzule zuzenak dira instituzioak; EHUri ez bezala, azken hauei -zuzenean edota ez zuzenean- finantzatzeko erraztasun guztiak ematen baitizkiete», salatu dute sindikatuek.
EHUko langileen egoera
Sindikatuek salatu dutenez, EHUn lanean hasten diren irakasle eta ikertzaileen soldatak bigarren hezkuntzako irakasle hasiberrien soldatak baino txikiagoak dira, eta erosahalmenaren galera «oso nabaria» izan da. Haien datuen arabera, 2008tik, irakasle agregatuen eta unibertsitateko titularren soldatek %24,3ko galera izan dute. «Horri gehitu behar zaio soldatak osatzeko 2006an sortutako osagarriak izoztuta mantentzen direla, KPIaren igoera % 46,6koa izan baita urte horretatik aurrera», gehitu dute.
Era berean, lanaldi osoko ordezko irakasleak kontratatzeko bidea aurkitu den arren, lanaldi partzialeko irakasleek 400 eta 800 euro artean kobratzen jarraitzen dutela salatu dute, «egiten dituzten ezinbesteko jardueretako batzuk aintzatetsi gabe».
«Ikuspegi ekonomikotik behintzat, unibertsitateko irakasle eta ikertzaile izateko iraupen karrerak ez du lanbide hori erakargarri egiten, eta jakintza arlo batzuetan gero eta irakasle plaza gehiago ari dira hutsik geratzen», salatu dute sindikatuek, horrek «epe ertain eta luzera ondorio larriak izango dituela» ohartaraziz.
Teknikarien, Kudeaketaren eta Administrazio eta Zerbitzuen kasuan, azken 15 urteetan izandako erosahalmenaren galera %18,2koa izan dela diote. «Gainera, zerbitzu eta/edo unitate askok langile gehiago behar dituztenez, gero eta zailtasun handiagoak daude ordezkapenak betetzeko. Ordainsari maila txikiena duten lanpostuak berrikusi egin behar dira, eta soldata baldintza duinak eta bizitzaren benetako kostuarekin bat datozenak bermatu behar dira», adierazi dute.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo


