
«Harem batean jaio nintzen, 1940an, IX. mendeko hiri marokoar batean, Fezen, Mekatik bost mila kilometro mendebalera, eta Madrildik, arrisku handiko kristauen hiriburu hartatik, mila kilometro hegoaldera. Kristauekin, emakumeekin bezala, hudud edo muga sakratua errespetatzen ez denean hasten dira arazoak, horixe esaten zuen gure aitak. Kaosaren erdian jaio nintzen ni, ez kristauek ez emakumeek ez zutelako mugarik onartzen». Horrela hasi zuen ‘Terraza debekatua’ nobelako kontakizuna Fatima Mernissik.
Erein eta Igela argitaletxeen elkarlanaren emaitza da Literatura Unibertsaleko 192. zenbakia. Lakuako Gobernuaren laguntza ere badu egitasmoak. Ereingo Inazio Mugika Iraola, EIZIEko (Itzultzaileen Elkartea) Fernando Rey eta Gasteizko Gobernuko ordezkari Ana Lopez Asensio pozik agertu dira bilduma zenbaki hauetara iristeagatik.
Fez hirian jaioa 1940an, 2015ean hil zen Rabaten Fatima Mernissi. Historialaria izan zen, soziologoa eta unibertsitateko irakaslea.
«Genero desberdintasunen azterketan erreferente izatera iritsi zen eta bere lanetan uztartu zituen emakumeen ahalduntzea, tradizioaren berrirakurketa kritikoa eta Islamaren interpretazio feminista. Saiakera ugari idatzi zituen, batez ere saiakera egiletzat daukagu», esan du Mujika Iraolak.
Neskatoa, protagonista
Fezeko harem batean hazitako neska baten begietatik kontatzen da historia. Debekuak, ohiturak, askatasun gosea, eguneroko bizitza elkartasuna eta ahizpatasuna, eta gatazkak. «Umorez kontatzen da, nahiz eta gauza gogorrak badauden tartean. Modu poetikoan kontatzen du eta batez ere kontatzen dena da emakumeek bizi zituzten muga fisiko eta sinbolikoak», jarraitu du.
Ereingo editorearen esanetan liburua ez da bakarrik harem baten erretratua, bada hausnarketa sakona identitateari buruz, generoari eta askatasunari buruz. «Dena kolonialismoaren testuinguruan, ez ahaztu 1940ko urteetan gaudela, eta Maroko, Frantzia eta Espainiaren artean dagoela zatitua. Eta ahozko ipuin kontaketaren tradizioan txertatua».
Neskatoa da protagonista eta inguruan ditu neska ama, amona, esklabu subsahariarra. «Guretzat erabat ezezaguna den istorioa da, mito asko botatzen dituena harrika», gaineratu du.
Lopez Asensiok, Lakuako Gobernuaren Kultura Sustapenerako zuzendariak, bere aldetik, literatura unibertsalaren balioa eta itzulpengintzaren boterea nabarmendu ditu. Baita bi argitaletxeek egindako lana eta itzultzaileen ekarpena ere. «Batzuetan talentua eta sormena idazle edo egile batekin lotuta dago. Baina nire ustez itzultzaile baten barnean ere badago talentua eta badago sormena», esan du.
«Oso proiektu garrantzitsua dela EIZIErentzat euskararen normalizazioan laguntzen duelako, euskara aberasten duelako, eta itzultzaile eskola ere badelako proiektua. Horrez gain, Literatura Unibertsala bilduma, baldintza duinetan egiten da itzultzaileentzako eta kalitatea ziurtatzen da. Nik ustez inportantea da», adierazi du Reyk.
2026an beste hiru liburu esleituko dira eta modu horretan amaiera emango zaio proiektu honen hirugarren faseari. «EIZIEn hasiak gara gogoeta egiten ikusteko nola eman segida», kontatu du.
Ingelesetik euskarako bidaia egin du liburuak Edurne Lazkanoren eskutik. Azpeitiar itzultzaileak ez du literatura lan askorik landua. Aipatzekoa da duela 6 urte euskaratu zuen Silvia Federiciren liburua.
Liburuko pertsonaien indarrari erreparatu die. «Asko azaltzen dira, pisu handikoak, emakumeak asko. Eta horrekin batera harema inguratzen duen harresia. Emakumeek ezin dute irten hortik, muga da».
Mugak dira, hain zuzen ere, protagonistak Jazmina amonarekin dituen solasaldi luzeetako gai nagusietako bat. «Hark esango dio haremak ‘debekatua’ esan nahi duela. Arauei lotuta dagoela. Azalduko dio haremetik kanpo ere toki guztietan daudela arauak, arau ikusezinak. Eta horrek seko beldurtzen du Fatima, ‘ikusten ditugun arauak betetzea zaila baldin bada, ikusten ez ditugunak...’, pentsatzen du».
Harema bera eta mugekin batera hizkuntzak zein hegoek presentzia dute eleberrian. «Askotan aipatzen du, bere ondorengo lanetan ere bai, hitza dela emakume batek bere eskubideen alde borrokatzeko duen ahalmenik handieneko arma», kontatu du Lazkanok.
Izenburuak kontakizunaren muinari egiten dio erreferentzia: debekua, muga, eta aldi berean, amets egiteko lekua.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales

32 combatientes cubanos murieron en el asalto estadounidense en Caracas

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da

