
Kutxabank Araski Emakumeen Endesa Ligako aurrekonturik apalenetakoa duen taldea da. Hargatik, Made Urietak zuzentzen duen taldearen urteroko helburua mailari eustea izaten da eta urtetik urtera jokalari aldaketa handiak burutzen ditu. Fitxaketekin asmatzen denean, denboraldia hobeto joateko parada izaten du talde arabarrak, eta asmatzen ez duenean, berriz, azken egunera arte sufritu behar.
Orain arte jokatu diren bederatzi jardunaldiren ostean lau partida irabazi ditu Araskik eta bost galdu. Azken aldian, baina, arabarren jokatzeko modua bere zaleen bihotz osasuna ezbaian jartzeko modukoa da. Bestetik, etxean irabaztea asko ari zaiolako kostatzen; azken hiru neurketak galdu ditu Mendizorrotzan, etxetik kanpo bere azken bi demak eraman ahal izan dituen bitartean. Bestetik, irabazi nahiz galdu, azken neurketetan desabantaila handiei buelta eman behar izan die Made Urietaren taldeak.
Joan zen asteburuan 20 puntuz atzetik zen Araski, 60-40, Leganesen kantxan azken laurdenaren hasieran. Defentsa aldatu zuen Made Urietak, baloiak lapurtzen eta errebotea zaintzen hasi ziren arabarrak eta ia miraritzat har daitekeen partzial bati esker, 4-30, nagusi izan ziren gasteiztarrak 64-70 partidaren amaieran.
Pasa den asteazkenean, berriz, ez zuten halako zorterik izan eta Kanaria Handiaren aurka 77-83 galdu zuten. Mendizorrotzara itzuli arren hirugarren garaipena kateatzeko itxaropenak 25 minutu eskasen erruz zapuztu ziren. Kanaria Handia Emakumeen Endesa Ligan maila ez galtzeko borrokan arituko den taldea da, baina talde kanariarrean horren ohikoa den moduan, bosteko titular indartsua izaten du eta hauek erregairik duten bitartean, arrisku handia dute. Claudia Contell antolatzaile espainiarrak eta Cecile Merceron hegal-pibot frantsesaren artean 51 puntu pilatu zituen Kanaria Handiak eta 18 puntuko aldea ere izan zuen hirugarren laurdena hasi berritan: 36-54.
Esnatu ziren, hala ere, Kutxabank Araskiko jokalariak eta baita araskizaleak ere. Dominique Toussant, Isabella Jourdain eta Alexandra Mollenhauerren eskutik 64-65eraino gerturatu ziren gasteiztarrak. Contell partidatik ateratzea lortu zuten ere, bost faltarekin, baina Merceron –26 puntu eta 15 errebote honentzat– nahikoa eta gehiago izan zen Kanaria Handiak neurketa ateratzeko.
Larunbat honetan Kutxabank Araskik Estepona talde andaluziarra hartuko du Mendizorrotzan. Bi garaipen baino ez ditu Malagako taldeak eta sailkapen nagusiko atzeko aldean dago eta asteazkenean 70-86 galdu zuen etxean Lointek Gernika Bizkaiaren aurka.
Hala ere, aintzat hartzeko jokalariak ditu. Hasteko, Araskiren elastikoa janztea zer den badakiten Melisa Gretter antolatzaile argentinarra eta Leia Dongue Mozambikeko hegal-pibota. Horrez gain, duela pare bat urte Emakumeen Endesa Ligako saskiratzaile onenen artean lekua egin zuen Sika Kone pibota ere azpimarratu behar da, lanerako prest dagoen taldekideez gain.
Ondorioz, zer-nolako Kutxabank Araskik egingo dio aurre Esteponari? Leganesen eta Kanaria Handiaren aurka piperrik defenditu ez zuen minutuetako Araski horrek? Etsi etsian azken orduan markagailurik desorekatuenak iraultzeko kapaz den Araski horrek, akaso? Mendizorrotzara hurbiltzekoak diren ikusleen bihotzak hainbeste mereziko du ba!
Etxetik kanpo
Igandean jokatuko dute IDK Euskotrenek eta Lointek Gernika Bizkaiak, biek ala biek 18.00etan. Asteazkenean Lugon denboraldiko bigarren porrota jasan zuten Azu Muguruzarenek, Ensino 61-51 nagusitu zitzaielako. Igandean, berriz, Roberto Iñiguez gasteiztarrak zuzentzen duen Gironaren etxean jokatu beharko dute donostiarrek. Lugon lan txarrak izan bazituzten, ez dira hobeak Fontajaun izango dituztenak, 8-1 balantzearekin ligako buruan baitaude katalanak.
«Aste honetako partidak esijentzia handienekoak izango dira, batez ere Gironakoa, ligako liderra baita. Baina galtzekorik ere ez dugu eta lehiatzeko prest gaude», adierazi du Azu Muguruzak kazetarien aurrean.
«Jakina, guk gure bertsiorik onena eman beharko dugu eta beraiek egunik onena izan ez dezaten lan egin beharko dugu. Ensinoren aurka garbi geratu zen topera atera behar dugula lehiakor izateko. Hori egin ezean, askoz gehiago kostako zaigu», gaineratu du entrenatzaile donostiarrak.
Lointek Gernika Bizkaiak, berriz, Esteponan irabazi ostean Ferrolen kantxan jokatu behar du. Araski, Jairis eta La Seurekin batera, Gernika eta Ferrol 4-5 balantzearekin berdinduta daude. Masa Jankovicek min hartu ostean, zortzi baliabide baino ez ditu Lucas Fernandezek neurketei aurre egiteko, eta ikusi egin behar hiru egun ez behin jokatuta fisikoki mailarik eonena emateko moduan izango ote den, datorren astean Emakumeen Eurocupeko final-hamaseirenetako kanporaketa hasi behar duela ahaztu gabe.
Lucas Fernandezen zorionerako, aurten Gernika etxean bezain ondo –edo txarto– ari da kanpoan eta erregulartasun horrek lehiakor izatera darama kanpoan jokatzen duenean ere.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
