NAIZ

AEBk petrolio-ontzi venezuelar bat hartu du, eta Trumpek Petro mehatxatu: «Hurrengoa izango da»

Donald Trumpek Venezuelako petrolio-ontzi bat konfiskatu duela iragarri du, Karibeko herrialdearen aurkako oldarraldia areagotuz; Gustavo Petro Kolonbiako presidentea ere mehatxatu du, «hurrengoa» izango dela ohartaraziz.

Donald Trump AEBko presidentea eta Gustavo Petro Kolonbiakoa.
Donald Trump AEBko presidentea eta Gustavo Petro Kolonbiakoa. (Andrew CABALLERO-REYNOLDS | AFP)

Donald Trump AEBko presidenteak asteazken honetan iragarri duenez, petrolio-ontzi bat konfiskatu dute Venezuelako kostaldean, Karibeko herrialdearen kontrako oldarraldia areagotuz.

«Dakizuen bezala, petrolio-ontzi bat konfiskatu berri dugu Venezuelako kostaldean, handia, oso handia. Izatez, inoiz konfiskatu den handiena da», esan die Trumpek komunikabideei Etxe Zurian, azalpen gehiagorik eman gabe; «egun interesgarria» izan da, besterik ez du esan.

Ondoren, Pam Bondi fiskal nagusiak operazioa justifikatu du, konfiskatutako petrolioa «atzerriko erakunde terroristei laguntzen dien legez kanpoko petrolio-garraio sare batean parte hartzeagatik zigortuta» dagoela esanez.

Bondik azaldu duenez, Venezuelatik Iranera zigortutako petrolioa garraiatzeko erabiltzen den ontzia da, eta FBIk, Segurtasun Nazionalak eta Kostazainek «modu seguruan» konfiskatu dute, Pentagonoaren laguntzarekin; gaineratu duenez, «zigortutako petrolioaren garraioa saihesteko» ikerketak aurrera jarraitzen du.

X sare sozialeko bere profileko mezuan eman ditu azalpenak Bondik, eta militarrak helikoptero batetik itsasontzira igotzen erakusten dituen bideo bat ere argitaratu du.


Baieztapen hori Trumpek Nicolas Maduro Venezuelako presidenteari «egunak zenbatuta» dituela ohartarazi eta egun eskasera iritsi da; Trumpek berretsi du eskualdeko uretan ustezko narkotrafikatzaileen aurkako erasoak «laster» lehorrez ere egingo direla.

Petro ere mehatxatu du

Bestalde, Trumpek mehatxu egin dio Gustavo Petro Kolonbiako presidenteari, «Ameriketako Estatu Batuekin nahiko oldarkor» jokatu duela egotzi ostean.

«Entzuten egongo dela espero dut. Hurrengoa bera izango da», ohartarazi du magnate estatubatuarrak.

Horrenbestez, Latinoamerikan narkotrafikoari aurre egitea aitzakia hartuta agindu zuen Hegoaldeko Lantza operazioaren testuinguruan, Kolonbia ere jomugan jarri du Trumpek, Venezuelarekin egin bezala.

Irailetik, AEBko indar armatuek hogei ontzi baino gehiago suntsitu eta 80 pertsona baino gehiago hil dituzte Kariben eta Ozeano Barean, inolako frogarik gabe narkotrafikatzaileak zirela argudiatu eta gero.

Madurok Kolonbiarekin batasun bolivartarra proposatu du 

Petrok jasotako mehatxuaren ondoren, Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak adierazi du Kolonbiarekin bat egiteko garaiak datozela, «Hego Amerika osoa emantzipatzeko eta batzeko benetako iraultza bolivartarra» egiteko.

«Berandu baino lehen» Kolonbia Handia birsortu beharko dela adierazi du agintariak, 1819 eta 1831 artean Venezuelak eta Kolonbiak osatutako estatua, zertarako eta «Hego Amerika osoa emantzipatzeko».

Delcy Rodriguez Venezuelako presidenteorde exekutiboak ere bere herrialdearen eta Kolonbia, Brasil eta Mexiko bezalako nazioen arteko batasuna eskatu du, AEB Karibe itsasoan airez eta itsasoz aurrera eramaten ari den hedapen militarraren aurrean.