NAIZ

Biriatuko mugan astelehenean istripuz hil zen garraiolaria gogoratu dute euskal sindikatuek

Astelehenean Biriatuko mugan istripuz hildako garraiolaria gogortatu eta instituzioei zein patronalari lan-ezbeharrak serio hartzeko eta neurri eraginkorrak hartzeko eskatu diete Hiru, LAB, ESK, Steilas eta EHNE-Etxalde sindikatuek. Aurten 17 garraiolari hil dira 2025ean Euskal Herriko errepideetan.

Imagen de archivo de una movilización contra los accidentes laborales.
Imagen de archivo de una movilización contra los accidentes laborales. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Hiru, LAB, ESK, STEILAS eta EHNE-Etxalde sindikatuek elkarretaratzea egin dute asteazken goiz honetan, Irungo Behobia auzoko Zaisa eraikinaren aurrean, Biriatuko mugan astelehenean istripuz hil zen garraiolaria gogoratzeko, batetik, eta lan baldintza txarrek horrelako istripuak eragiten dituztela salatzeko, bestetik.

Ohartarazi dutenez, dagoeneko 17 garraiolari hil dira 2025ean Euskal Herriko errepideetan. Istripuen eta heriotzen kopurua urtez urte murriztu beharrean, ugaritzen ari da, izan ere, 2024an 14 garraiolari hil ziren euskal errepidetan.

Sindikatuek uste dute badela garaia instituzioek eta patronalak laneko ezbehar hilgarrien arazoa «serio hartzeko eta neurri eraginkorrak hartzeko».

«30 urte daramatzagu lan-arriskuen prebentziorako planekin, eta ez dute espero ziren emaitzarik eman. Enpresek ez dute betetzen araudia, sarri hausten dute araua eta Administrazioak, aldiz, beste aldera begiratzen du istripu hilgarriak gertatzen direnean. Ez dira zorrotzak, ez diete zigorrik jartzen araua hautsi dutenei», adierazi dute.

Sindikatuek, halaber, Trafikoko arduradunei arduraz jokatzeko eskatu diete muga ixteko erabakia hartzen dutenean. Izan ere, Ipar Euskal Herriko nekazariak egiten ari diren protestak direla eta, astelehen eguerditik kamioiei muga ixtea erabaki zuen Jaurlaritzako trafiko zuzendaritzak.

«Aurretik jakinarazi gabe itxi zen errepidea, nazioarteko garraioan dabiltzan ehundaka kamioiek muga igarotzen duten egunean. Ondorioz, muga inguruko errepidetan ilara handiak izan dira eta ehundaka kamioi geldi bide bazterrean. Ilaretan gertatu zen istripua astelehen arratsaldean, A-8an, Irun parean», azaldu dute sindikatuek.