Naiz

Sarak hartuko du ‘Miñan’ antzezlanaren azken emanaldia, hilaren 28an

Saran hasi eta Saran bukatuko du bere bidaia Artedramaren ‘Miñan’ antzezlanak. Urtebeteko biraren ostean –32.000 ikusle eta 119 emanaldi, guztira–, «agur egiteko unea iritsi dela» dio konpainiak eta abenduaren 28an eskainiko du azken emanaldia Sarako kiroldegian. 

‘Miñan’ antzezlaneko irudi bat.
‘Miñan’ antzezlaneko irudi bat. (ARTEDRAMA)

2019an idatzi zuten ‘Miñan’ liburua Ibrahima Balde Konakrytarrak eta Amets Arzallus lapurtarrak, Ibrahimak berak bizitako migrazio abenturaren kronika latza eta poetikoa. Ordutik, ‘Miñan’ liburu salduenen zerrendan mantendu ohi da eta hainbat hizkuntzatara itzuli da. Artedrama arte eszenikoen plataformak antzerki formatura egokitu zuen eta 2024ko urrian ekin zioten izen bera zuen, ‘Miñan’ alegia, antzezlanaren birari, Saran bertan

Zuzendaritza Ander Lipusena da eta egokitzapena, Timberlake Wertenbaker dramaturgoarena. Sambou Diavy aktorea sartu da oholtzaren gainean Ibrahimaren larruan. Zumaiarra da eta protagonista anaiaren bila abiatu izana egin zitzaion deigarria: «Nire aita bizitza hobe baten bila etorri zen. Ibrahimak Alhassanen bila hasten du bidaia. Anaia berandu baino lehen aurkitu nahi du eta etxera bueltatzeko esan nahi dio. Libian dagoela esaten diote anaiari zer gertatu zaion. ‘Beranduegi, etxea urrunegi dago’, dio berekiko Ibrahimak. Errudun sentitzen da, pentsatzen du ez duela merezi amaren begiek bera berriz ikus dezaten. Kristoren pisua dauka, ilun-iluna. Eta aurrera egiten du».

Guztira, 32.000 ikusle izan ditu antzezlanak, taldearen datuaren arabera 

 

Estreinatu zutenetik 119 emanaldi eman dituzte guztira, bi Madrilen, bat Korsikan eta beste guztiak Euskal Herriko 81 antzoki eta plazatan. Nerabeentzako 30 eskola emanaldi egin dituzte antzoki ezberdinetan. Eta, antzokiak aparte, kultur gela, kartzela eta frontoietan ere jokatu dute Amets Arzallusen liburuan oinarritutako antzezlana. 

Asteartean iragarri dutenez, abenduaren 28an itxiko dute ‘zirkulua’, ‘Miñan’-en azken emanaldia Saran emango baitute. 17.00etan hasiko da emanaldia herriko kiroldegian, Sarako elkarteek eta Herriko Etxeak antolaturik.

Sarrerak 12 euroan daude eta hemen eskuratu daitezke. Bertan edateko eta jatekoa izanen da, argitu dutenez.

«2026an beste proiektu batzuen bueltan elkartuko gara berriz. Eta ez ahaztu Ibrahima egunero-egunero iristen dela Euskal Herrira»

 

«Ibrahima 2018ko urrian iritsi zen Euskal Herrira. Ametsek Ibrahima ezagutu eta bere historia kontatu zigun. Eta guk, Artedramako lantaldekook, antzerkira eraman genuen», gogorarazi du taldeak. «Bidaia hunkigarria eta ederra izan bada ere orain agur esateko unea iritsi da. Eskerrak eman nahi dizkiogu proiektuan konfiantza izan duten eta konplize izan diren eragile, norbanako, elkarte, enpresa eta administrazio publiko guztiei. Eta nola ez, eskerrak eman nahi dizkiogu, antzerkiaz gozatzera hurbildu diren 32.000 ikusleei», argitu dute.

Joan den maiatza eta ekainaren artean, Londresen antzeztu zen Timberlake Wertenbaker dramaturgo berak eginiko ‘Little Brother’ bertsioa, Stella Powll-Jonesek zuzenduta.