Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

‘Camping Las Reinas’-en atseden hartu, borrokatu eta barre egin daiteke

La Cuerda Teatro Nafarroako konpainiak eta Ttipia Kulturak indarrak batu dituzte Gayarre antzokian gaur estreinatuko den ‘Camping Las Reinas’ komedian. Oso gertukoak egingo zaizkigun hiru emakume, gentrifikazioaren kontra borrokan. 

Maitane Perez, Maider Lekunberri eta Olatz Beobide aktoreak.
Maitane Perez, Maider Lekunberri eta Olatz Beobide aktoreak. (Iurre ARANBURU)

Iruñeko Gayarre antzokiak ‘Camping Las Reinas’ antzerki-komediaren estreinaldia hartuko du gaur (20.00, gaztelaniaz). Ondoren, otsailaren 1ean Berriozarren egongo dira, 15ean Murchanten eta martxoak 20an Getxon estreinatuko dute euskarazko bertsioa.

«Urteak generamatzan formatu txikiko lanak egiten eta gogoa geneukan formatu handiagoko zerbait egiteko», argitu du Maitane Perez aktoreak, La Cuerda Teatroko partaideak, estreinaldiaren aurreko nerbioen korapiloa lausotzen duten bitartean. «Kaudimen handiko zerbait» egitea otu zitzaien eta, horretarako, Ttipia Kulturarekin indarrak batu eta ‘Donde el hielo se rompe’ (2018) antzezlanaren ekipoa bildu dute berriz: Eva Redondo dramaturgo eta zuzendari salamankarra –hari eskatu zioten testua idatzi zezan– eta Maitane Perez eta Maider Lekunberri iruindarrak eta Olatz Beobide aktore donostiarra. «Aurreko lana Siberian zegoen kokatuta eta hotz handiko atmosfera transmititzen genuen; oraingo honetan, udako camping batean gaude. Oso polita izan da kontraste hori», dio Perezek.

Javi Traperok sinatu du eszenografia, ‘Handia’ filmagatik soinu-banda onenaren Goya irabazi zuen Pascal Gaignek musika-konposizioa, Julen Ariztegik jantzitegia –zinemaren mundutik datorren diseinatzaile honen lana «aurkikuntza bat» izan dela ziurtatu du Olatz Beobidek–, Pato Rotherrek argiztapena eta Maitane Domenechek bideo-proiekzioak.

Eva Redondo salamancarrak idatzi eta zuzendu ditu Maitane Perez, Maider Lekunberri eta Olatz Beobide aktore euskaldunak, geruza asko dituen komedia ironiko eta arin honetan. Gayarren gaztelaniaz estreinatuko da eta martxoak 20an, Getxon, iritsiko da euskarazko bertsioa.

Tonu ironiko eta arin baten bidez, atsedena/lana binomioari, hierarkien errepikapenari eta nagusikeriari buruzko gogoetak planteatzen ditu Eva Redondoren lan honek.

Protagonistak hiru emakume dira, urtean behin kanpinean elkartzen direnak. «Pertsonaiak ez dira estraordinarioak, ezaguterrazak dira oso», argitu du Beobidek.

Eva Redondok idatzi du lan hau, konpainien enkarguz, eta baita zuzendu ere. «Emakume hauek askatasun eremu bat aurkitu dute kanpin horretan, beraiek izateko aukera dute bertan. Kanpinen beraien eguneroko gatazketatik ihes egin dezakete, adiskidetasun sakon bat aurkitu eta batzuetan, noski, botere mekanismoak erreproduzitzen dituzte beraien artean. Hirurak elkartu egin dira kanpinak bizirik jarrai dezan, mehatxu bat sortu delako: antzezlanaren trama nagusia hortik abiatzen da, betidanik kanpin horren jabe izan denaren semeak hain modan dagoen glamping-a bihurtu nahi duelako. Kanpin bat bezalakoa izango da, baina ‘cuqui’-agoa, eta horrek dakar prezioen igoera bat eta bertan oporretan izan direnak kanporatzea».

Geruza asko ditu lan honek: gentrifikazioaz ari dira, baita denbora librearen mitifikazioaz ere, beti ironia eta umorea erabilita. «Hiru protagonistek egiten duten espazio horren aldarrikapena, berezkoa balitz bezala kontsideratzen dutelako, gure hirietan eta gure auzoetan ematen ari den egoeraren metafora da», dio Redondok.

Desobedientziari, adiskidetasunari eta erresistentziari, beraz, egindako kantua da lan hau. «Kontua da, jada, ez dituztela auzokideak nahi, kontsumitzaileak nahi dituztelako –gehitu du zuzendariak–. Gure sustraiak eta gure identitatea izan diren gune horietatik kanporatu egiten gaituzte, periferiako auzoetara migratzera behartuz, eta jada ezin dugu erdigunea okupatu. Oso sinbolikoa da, halaber, erdigunetik periferiara kanporatzen gaituztenen metafora, erdigunean jartzen ari direna, hain zuzen, kontsumoa eta kapitalismoa delako».