NAIZ
Baiona

Lizarran egingo du aurten Aberri Eguneko ekitaldia Euskal Herria Baterak

Euskal Herria Baterak Lizarran egingo du aurtengo Aberri Eguneko ekitaldia, martxoaren 28an. Plataforma gogoeta prozesu bartean murgilduko da.

Euskal Herria Batera ekimenak iaz Kursaalen egin zuen ekitaldiaren une bat.
Euskal Herria Batera ekimenak iaz Kursaalen egin zuen ekitaldiaren une bat. (Gorka RUBIO | FOKU)

Euskal Herria Batera plataformak Lizarran egingo du 2026ko Aberri Eguneko ekitaldi bateratua, heldu den martxoaren 28an, ‘Bagara eta badugu’ lelopean. Los Llanos kulturgunean izango da. Hala iragarri du ostegun honetan, ohar batean.

Agerraldian jakinarazi dutenez, plataforma hausnarketa prozesu batean murgilduko da eta Lizarran emango dute bukatutzat, non «Aberri Egunak behar duen instituzionalizazio mailaren inguruko gogoetaren ondorioak» partekatuko dituen.

Aipaturiko hausnarketaren baitan Euskal Herriko eragile nagusiekin erronda bat egiten hasiko direla iragarri dute. «Aberri Egunaren instituzionalizazioan jauzi baten beharra» partekatzeko. Hori guztia, Euskal Herria Baterak azken bost urteetan egin dituen ekitaldian balantzetik abiatuta, hau da, 2020an konfinamenduan; 2021ean Euskal Herriko plazetan; 2022an Urruñan, 2023an Donostiako Miramar Jauregian; 2024an Bilboko Campos Eliseos Antzokian eta 2025ean Donostiako Kursaalen egindakoak aintzat hartuta.

Instituzionalizazio hori, Euskal Herria Bateraren ustez, «Aberri Egunari balioa emanda hasten da, norbera parte aktiboa izanda». Finean, ondorioztatu du, «keinu eta ospakizun ugalketak» ekarriko du instituzionalizazioa.

Efemeride garrantzitsua

Aurtengo ekitaldirako Lizarra hautatu izanaz plataformak adierazi du Lizarra askorentzat Euskal Herriko hegoaldeko «hiriburu sentimentala eta udalerri erreferentziala dela», eta gainera aurten efemeride garrantzitsua ospatzen dela.

Izan ere, aurten 150 urte beteko dira foruak indargabetu zituztenetik. «Euskal pentsamendu nazionalean eklosioa ekarri zuen hark, eta horri aurre egiteko emandako formulazio ideologiko arrakastatsuen artean nabarmentzekoak dira ‘Zazpiak bat’ mapa-ideia formulatzea eta ‘Euzkotarren aberria Euzkadi da’, Sabino Aranak egindako ekarpena».

Horretaz gain, gogora ekarri du Lizarra «harrera eta babeslekua» ere izan zela Espainiaren mendeko lau lurraldeetarako Lizarrako Estatuturako, «zeina abolizioaren ondorioei aurre egiteko instituzionalizazio ahalegin politiko garrantzitsuenetako bat izan zen», eta Estatutu hark zera zioela: «Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko egungo probintziek osatzen duten Euskal Herria entitate natural eta juridikoa da, berezko nortasun politikoa duena».

Euskal Herria Baterak nabarmendu du bere helburu nagusia hauxe dela: «Nazio bat garela gogoratzea eta, gainerako nazioak bezala, gure egun nazionala elkarrekin ospatu nahi dugula. Elkarrekin azaldu behar dugu zer garen eta zer izan nahi dugun».