Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

‘Am3ts Berriak’, duela 50 urteko ametsak oraindik indarrean daudela adierazteko ereserkia

Martxoak 3 elkarteak ‘Am3ts Berriak’ aurkeztu du ostegun honetan, Karmele Jaio eta Idoia Asurmendik egindako abesti berria sarraskiaren 50. urterrenean. «Ametsak oraindik indarrean daudela azpimarratzeko ereserki berria».

Amaiur Arbe eta Karmele Jaio Dazz tabernan egindako agerraldian.
Amaiur Arbe eta Karmele Jaio Dazz tabernan egindako agerraldian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

1976ko martxoaren 3ko gauan bertan, Lluis Llachek ‘Campanades a morts’ kanta epikoa konposatu zuen Gasteizen Poliziak egindako sarraskia salatzeko. 50 urte geroago, Martxoak 3 elkarteak abesti berri bat sortzea bultzatu du, eraildako bost langileak oroitzeko eta adierazteko garai hartako ametsak oraindik indarrean direla.

Hala adierazi du Amaiur Arbe Martxoak 3 elkarteko kideak ostegun honetan Dazz Tabernan egindako agerraldian. Bertan izan da ere Karmele Jaio idazle gasteiztarra, abestia idatzi duena. Musika Idoia Asurmendik egin du eta moldaketak Koldo Uriartek.

Jaiok aitortu duenez, «erronka handia» izan da abestia idaztea, Martxoak 3ak berak duen pisuagatik eta sinbologiagatik. «Hasieratik izan nuen argi abestia oinarritzen zela duela 50 urte gertatutako sarraskian, gertakari ilun batean, eta pentsatu nuen kanta hau izan behar zela argitsua, izan behar zela itxaropentsua, eta jaso behar zuela ez bakarrik gertatu zena, baizik eta 50 urte hauetan sortu diren gauza on eta positibo guztiak», azaldu du.

Izan ere, Martxoaren 3ak «zauri handi bat» eragin zuen, eta zauritik amets berriak jaio daitezkeela irudikatu du Jaiok abestian, «horrelako gertakari latz batetik gauza positiboak eraiki daitezkeela», sortu diren elkartasun sareak adibidez.

Eta memoria mantentzearen beharra jaso du abestian. «Gaur egun gainera, ikusita nola dagoen mundua, inoiz baino beharrezkoa da memoria mantentzea, gogoratzea zer gertatu zen berriz halakoak ez errepikatzeko», nabarmendu du, eta esan du abestiak ere Llachek idatzitako kantari erreferentzia egiten diola. «Kanta hori min kolektiboaren adierazpena izan zen, eta 50 urte igarota nahi nuen abestia itxaropen kolektiboaren adierazpena izatea. Heriotza iragartzen zuten kanpai horiek bihurtu dira bizitza iragartzen duten kanpaiak».

50. urte, 50 abesti

Sarraskiaren urteurrenarekin bat eginez, Martxoak 3 elkarteak binilozko disko bat argitaratu du, ‘Am3ts berriak’ eta ‘Campanades a morts’ biltzen dituena. Serigrafia.eus webgunean eros daiteke, 25 euroen truke, Angel Hellan gasteiztarrak diseinatutako poltsarekin batera.

Honekin 50 dira jada 1976tik martxoaren 3ari begira sortutako kantuak, edo Gasteizko sarraskia aipatzen dutenak. «Beraz, 50. urteurren betean 50 abesti bildu dira», azpimarratu du Arbek.