Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Material aukeraketa berezi bat, laukote berezi bat omentzeko

Kexarik gabe hautatu zuten materiala nola Altunak eta Ezkurdiak, hala Lasok eta Albisuk. Txapela erdiestea marka litzateke guztientzat ere, bakoitzarentzat arrazoi ezberdinengatik. Hargatik, harro azaldu ziren denak ere Nafarroa Arenako saioan.

Binakako finaleko lau protagonistak, Nafarroa Arenako material aukeraketan.
Binakako finaleko lau protagonistak, Nafarroa Arenako material aukeraketan. (ASPE PILOTA)

Eskuz Binakako Txapelketako lau protagonistek hilaren 29ko finalari begirako materiala hautatu dezaten Nafarroa Arena erabilgarri izatea bera ez da gutxi izan. Laura Pausini abeslari italiarraren kontzertuak (27an da) gorabehera, tartetxo bat pilotariei egitea bera ez da kontu erraza izan, baina atondu zuten atzo Nafarroa Arena pilotalekua eta, horrela, final handiko materiala ere apartatu ahal izan zuten, eta hori ere ez da gutxi.

«Final honetara iristea denontzat ere sari handia da, baina hain justu horregatik nik uste final egunean denok ere maila emango dugula», laburbildu zuen Jokin Altunak. Lau protagonistak gustura geratu ziren apartatutako materialarekin eta, beraz, atzerako kontaketa hasi da finaleko eguna noiz iritsiko.

Izan ere, Altunak eta Ezkurdiak Binakako Txapelketan behetik goranzko bidea eginda puntu onenean harrapatuko dute finala, baina ezin esan halakorik Laso eta Albisuri buruz. Finalerdietaraino ez dute parekorik izan, baina finaletik at geratzear izan ziren joan den igandean, amaiera zirraragarri bezain polemiko baten ostean Elordi eta Zabaletari 21-22 gailendu aurretik.

ARRAZOIAK, NAHI BESTE

«Herrian ilusioa dago», onartu zuen Jon Ander Albisuk. 36 urterekin, finaleko beteranoena da ataundarra, eta oraindik txapelik jantzi ez duen bakarra gainera, 2013ko eta 2021eko finalak jokatu zituen arren. Aurrenekoan bere aurrelari Pablo Berasaluzek orpazurda hautsi zuen Martinez de Irujo eta Zabaletaren aurka markagailua 6-4 zegoela. 2021ean, berriz, Jon Ander Peña lagun zuela, Elezkano eta Zabaleta 22-7 nagusitu zitzaizkion ataundarrari.

Atzelari gipuzkoarrak oso gaizki pasatu du finalerdietan, eskuin eskuko arazoak nozitu ditu-eta. «Orain arte iritsi ez den txapel horrekin amesten dugu eta begiz jota dago, noski», gaineratu zuen.

Bakoitzak bere arrazoiak ditu, baina finalista orok motibazio berezia agertuko du Nafarroa Arenan. Jakina da Laso eta Albisu 2020ko Binakako Txapelketan finalerdietara iritsi zirela, baina Baikok kontratua eten egin zion Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariari, miopearen bista zorrotza lagun. Pilotari nafarrak profesionaletan berriz ere lekua irabazi du eta harrezkero Lau eta Erdikoan eta frontoi osoan Buruz Buru txapeldun izatea zer den badaki; ez, ordea, Binakakoan. 2022an Imaz bizkartzain zuela 22-20 galdu zuen Altuna eta Martijaren aurka. 2023an, berriz, Elordi eta Zabaleta gailendu zitzaizkien Laso eta Imazi.

Txapeldun ateratzea lortuko balu, 2020ko arantza kentzeaz gain «koroa hirukoitza» lortuko lukeen bederatzigarren pilotaria litzateke, Retegi II., Arretxe, Barriola, Martinez de Irujo, Olaizola II., Urrutikoetxea, Bengoetxea VI. eta Jokin Altunaren ostean.

Iaz ere txapeldun izan zen Binaka Joseba Ezkurdia, baina orduan bere ohiko aurrelari postuan jokatu zuen. Aurten Altuna izan du aurrean laguntzaile Arbizuko «iberoak».

Hirugarren finala du nafarrak Binakakoan eta orain arteko aurreko bietan gailendu egin da. «Une zailak bizitzea egokitu zaigu txapelketa honetan, baina partidaz partida joan gara eta une erabakigarrietan onena ateratzen jakin dugu. Gustua ematen du Jokin aurrean dela jokatu ahal izateak eta finaleko egunean, gurea ematen asmatzen badugu, aukerak izango ditugula uste dut», azaldu zuen Ezkurdiak aukeraketaren ondotik.

Jokin Altunak, berriz, hamazazpigarren finala jokatuko du -Lau eta Erdikoa, Buruz Burukoa eta Binakakoa aintzat hartuta- eta hamargarren txapela eskuratuko luke, irabaziz gero. Orain arte jokatu dituen Binakako biak Martijarekin jokatu ditu eta, irabazi zein galdu, 22-20 amaitu dira biak.

«Beste final bat da, baina sekulako ilusioa egiten dit. Asko hunkitu nintzen txartela lortzean. Orain lehiatzeko unea da, bakoitzak berea ematekoa», zehaztu zuen Altunak.