Nerea Goti
Kazetaria

Bilbo bete euskaltzale, pizkunde berriaren bidean

24. Korrikak altxatutako euskararen aldeko olatuak Bilboko kaleak bete ditu, hotzarekin eta euripean, baina betiko irudi ederrak utziz. Zazpi gaztek idatzi duten lekukoaren mezua ere utzi du Korrikak airean, euskarak herri hau eman digula gogoratzeko.

AEK-ko kideak eta mezuaren egileak.
AEK-ko kideak eta mezuaren egileak. (Oskar MATXIN | FOKU)

Ekialdetik mendebaldera, Euskal Herri osoa zeharkatuta, 2.175 kilometro eta 3.436 lekuko hartze eginda, festa giroko amaiera izugarria izan zuen atzo 24. Korrikak Bilbon. Goiz osoan zehar une hunkigarriak, irudi ahaztezinak eta euskararen aldeko oihuak nahastu ziren, lasterketak iraun bitartean eta arratsaldeko jai erraldoian ere. Baina amaiera ekitaldia izan zen, zalantzarik gabe, euskaltzale gehien bildu zituen unea, milaka lagun batu baitziren azken mezua entzutera, udaletxe aurreko plaza eta ondoko zubia betez, euskarak behar duen pizkunde berriaren bidean, babes herritarraren argazki indartsu bat emateko.

Atzo goizeko giro bustiak ez zuen korri egitera bultzatzen, eta, hala ere, jendetzak hartu zituen Bilboko kaleak lehen ordutik. Korrikaren unibertsoan, gainera, non ia denak posible dela dirudien, adineko euskaltzaleek petoa jantzi eta harro erakusten zuten «ja ezin dut korri egin, baina babesa adierazi bai. Ni beti Korrikarekin» gisako testigantzak utziz; herri kiroletan zihardutenak «tipi-tapa» ezagunaren erritmora animatu zituen jendeak; eta azken hamaika egunetan milaka irribarre piztu dituzten furgoneta dirdiratsuetatik furgoneteroek eurek euskaltzaleak txalotzen zituztenean agur esanez, milaka euskaltzaleren txalo zaparradak jasotzen zituzten bueltan. Kalean inprobisatutako adin guztietako kantari taldeetan, eszenatoki handien aurrean abesti ezagunak batera kantatuz, NAIZ Gunearen karpa zabalaren babespean, aurtengo edizioko kantua egin duen Zetak taldearen erritmoan dena emanez... inork ez zuen Korrikaren petoa kendu, ez eta euskarara bide ezberdinetatik heldutako zazpi gazteek edizio honetarako osatu duten mezuaren muina atzean utzi ere.

Zazpi gaztek idatzitako mezua

«Euskaraz egin egiten da, baina izatea ez da edozein gauza. Izatea egotea ere bada, nonbait mugimenduan, borrokan», esan zuten Oier Iñurrieta gasteiztarrak, Oihana Arana eskoriatzarrak, Elene Mengyu Txinan jaiotako barakaldarrak, Beñat Jusue tuterarrak, Aitzol Gil de San Vicente hendaiarrak, Xalbat Alzugarai urepeldarrak eta Leire Casamajou sohütarrak. AEK-ko kideek azaldu zutenez, gazte horiek ez dira ausaz aukeratuak izan: «Guztiak euskara dira gaur egun, baina hainbat bide ibili dituzte horretara heltzeko, ez baitute hizkuntza modu berean jaso».

AEK-ko Nazio Kontseiluak utzitako beste ideia bat ere ibili zen airean: «Ez gara folklorea, euskara gara. Milaka eta milaka euskal herritarrok garbi adierazi dugu, hamaika egunez, gutxieneko zein hizkuntza eskakizun nahi duen herri honek: Euskal Herri euskalduna, hori da gure gutxieneko hizkuntza eskakizuna».

Bide horretan, 24. Korrikaren azken urratsak goiz hotz eta euritsuarekin heldu ziren atzo Bizkaiko hiriburura, euri zaparrada handien artean, eta, halere, ohiko irudi ederrak utziz, Euskal Herriaren aniztasun biziaren argazki oso bat eskaintzeko. Lekukoa eskuz esku ibili zen, suhiltzaileek hartu zuten, haien kideek eskailera luzeetara igota goiz iluna argiztatzen zuten bitartean, San Mames barrutik gurutzatu zuen, edizio guztietan parte hartu duen Jose Angel Iribar Txopo omenduz, beste korrikalari batzuek gurpil aulkietan tinko heldu zioten, Euskal Herrira etorritako migratzaileak ere batu ziren, konpartsak... Jai giroa eta jendetza ikusita, esan liteke atzo Bilbon Marijaia bakarrik falta zela.

Babes politikoa eta juridikoa ziurtatzea

Alderdi politikoek ere euren txanda izan zuten atzo Bilbon, eta Imanol Pradales lehendakaria ikusi ahal izan genuen lekukoa eskuan, ikurrin handiz inguratuta. Izan ere, ordezkari politikoei ere zuzendu zitzaien AEK amaiera ekitaldian gogoratzeko euskararen etorkizuna ezin dela borondate hutsaren esku utzi. «Euskara eguneroko erabaki bat da; egunero egiten dugun hautua, egunero aktibatzen dugun konpromisoa», azaldu zuen Lurdes Etxezarreta Artabe AEK-ko Nazio Kontseiluko ordezkariak. «Denon ardura da, herritarrona, eragileena eta instituzioena», baina «ordezkari politikoei dagokie babes juridiko eta politikoa ziurtatzea, baliabideak eskaintzea eta neurri eraginkorrak hartzea. Beharrezkoa da, azken batean, euskara ikastea doakoa eta irisgarria izatea, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioan urratsak egitea eta erabilerarako espazioak sortzea, garatzea eta elkarlotzea», erantsi zuen.

Euskararen herria ere irudikatu zuen atzo Etxezarretak Alfabetatze Euskalduntze Koordinakunderen izenean, eta balio zaharrei eutsiz nabarmendu zuen guztientzako lekua dagoela «gure herrian». «Berdin dio zein diren jatorria, azal kolorea edo euskararekiko ezagutzak. Denon artean eraikita, azkenean aurkituko dugu gizarte zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala, Euskal Herri feminista, antirrazista, goxoa... eta euskalduna». Korrikaren biharamunean zabalik jarraituko dute euskaltegien ateak, «zeren hizkuntzarik ez duen herri bat ez da herri izango».