NAIZ

Euskal Hirigune Elkargoak Estatus Berezirantz urratsa ematea eskatu du Baterak

Euskal Hirigune Elkargoaren sorrera aurrerapausoa izan zela nabarmendu ondoren, Estatus Bereziko Lurralde Kolektiboa bilakatzeko urrats berria ematea eskatu du Batera plataformak erakundearen egoitzan egindako agerraldian.

Baterak Baionan egin duen agerraldia.
Baterak Baionan egin duen agerraldia. (Guillaume FAUVEAU)

Euskal Hirigune Elkargoaren Kontseilu berria karguan ezarri aurretik, Baterak agerraldia egin du erakunde honen atarian hautetsiei eskaera zuzena egiteko: agintaldi honetatik bertatik, Estatus Bereziko Lurralde Kolektiboa osatzearen bidean pausuak eman ditzatela. 

Peio Jorajuriak gogoratu duenez, hauteskundeetan bilakaera instituzionalari buruzko galdetegia eman zieten hautagaiei. 247k erantzun zuten, horien artean 39 zerrendaburuk, 43 herritako 54 zerrenda ordezkatuz. Horien artean, 175 Elkargoa Estatus Bereziko Kolektibitate bilakatzearen alde agertu ziren osoki. Beste 44 alde azaldu ziren eta 28k ez zuten iritzirik eman. Inor ez zen kontra agertu. 

«Emaitza hauek joan den udan IFOP-RPS institutuak egin sondeoaren emaitzak berresten dituzte; hots, euskal herritarren %62 bilakaera instituzionalaren alde direla. Herritarren atxikimendu hori da gure oinarria», azpimarratu du Peio Jorajuriak. 

Dei zuzena Elkargo berriari

Hortik abiatuz, Batera gaur egungo Kontseilu berrian bilduko diren hautetsiei zuzendu zaie. 2017an Euskal Hirigune Elkargoa sortu izana lurraldearen ezagutzarako urrats historikoa izan bazen ere, plataformaren ustez, gaur egungo estatutua ez da aski gaurko erronkei buru egiteko.

«Euskal Elkargoak agintaldi honetatik bertatik hartu behar du bere gain Estatus Bereziko Lurralde Kolektibitaterako bilakaeraren gaia», gaineratu du Juliette Bergouignanek, plataformaren izenean.

Horretarako, Baterak proposamen zehatzak egin ditu: gaiaz arduratuko den hautetsi bat ofizialki izendatzea, lantalde bat sortzea, baliabide gizatiar eta finantzarioak esleitzea eta alde juridikoa zein teknikoa lantzeko «azterketa kabinete» bat misionatzea.

Gaurdanik baliatu beharreko Estatuko testuingurua

Plataformak gogorarazi du mementoa bereziki egokia dela Estatu mailan. Estatu frantsesean deszentralizazioaren lanak berriz abiatu dira, eta Alsaziako adibideak –atzo eta gaur Asanblada Nazionalean eztabaidatua izan den Alsaziako Europar Kolektibitatearen estatus aldaketa– erakusten du bilakaera instituzional anbiziotsuak posible direla lurralde batek ahots bakarrez hitz egiten duenean.

«Bertze lurralde batzuk aitzina doaz. Eztabaidak zabaltzen ari dira bazterretan. Orain, agintaldi honetan, mugitzen ez bagara, aukera historikoa galtzeko arriskua dugu. Erantzukizun handia litzateke karguan sartzen diren hautetsientzat», nabarmendu dute.

Batera etorkizunera begira

Erakundeetaz harago, Baterak fase berri bat iragarri du: jendarte zibil osoa mobilizatzea (ekonomia, elkarte, sindikatu eta kultur eragileak) Estatus Bereziko Lurralde Kolektibitatearen aldarrikapenaren inguruan.

Dinamika hori indartzeko, Batera plataformak bere hurrengo biltzarra antolatuko du maiatzaren 9an, larunbatarekin, Itsasuko Sanoki gelan. Bertara gonbidatu dituzte hautetsiak, erakundeak, elkarteak eta herritarrak.