«Zaintzaren esperientziak dimentsio asko ditu»
Amaia Arregi Amas psikologoa eta Aubixa Fundazioko koordinatzailea da. Alzheimerra, bertze dementziak eta neuroendekapenezko eritasunak dituzten pertsonen senide zaintzaileen bakardadeaz egin du doktore tesia. Lau profil identifikatu ditu: planifikatua, saturatua, kulpabilizatzailea eta exijentea.

Alzheimerra, bertze dementziak eta neuroendekapenezko eritasunak dituzten pertsonen senide zaintzaileen ikerketak antsietatean eta kargan zentratu ohi dira eta bakardadea bigarren planoan gelditzen da. Horregatik, bakardadea ardatz nagusitzat aztertzea izan da Amaia Arregi Amasen tesiaren lehen helburua. Bakardadea esploratu du, ez hainbertze ondorio gisa, baizik eta errealitate gisa, beti dagoelako hor.
«Ez da zaintzaile rola hartu eta geroko ondorio bat», azaldu du psikologo eta Aubixa Fundazioko koordinatzaileak. Inpaktu emozional handia izaten dute senide zaintzaileek. Bakardadeak ez ezik, kulpak, anbibalentziak, kargak, antsietateak, bizitzan gustura egoteak eta bizi-asmoak ere zuzenean eragiten diete haien osasunari eta bizi kalitateari. Beraz, zainketen ikuspegi zabalago eta osoago bat hartu du ikerlariak.
«Zainketena mundu oso konplexua da. Batzuek modu oso gogorrean bizitzen dute, kulpa eta anbibalentziarekin; beste batzuek, ordea, alde positiboa ere ikusten diote. Zaintzen duten pertsonarekin duten harremana estutzen dute edo bizi-asmo berri bati heltzen diote».
Lau profil
Ezin da bakardadea bera bakarrik neurtu, bertze aldagai batzuekin erlazionatua dago, eta lotura horiek aztertu ditu Arregik. Bakardadea ardatz hartuta eta aldagaiekin uztartuta senide zaintzaileen profilak agertzen ziren edo ez ikertu du, eta lau agertu direla ikusi du. Hala izendatu ditu bere lanean: planifikatua, saturatua, kulpabilizatzailea eta exijentea.
Azaldu duenez, profilik onena planifikatua izanen litzateke, pertsona horiek zainketak eta bizitzako bertze arloak bateratzeko gai direlako. «Bakardade eta kulpa gutxiago sentitzen dute eta zainketen alderdi positiboak hautemateko gai dira. Bizipoz eta bizi-asmo maila altuagoa dute. Era berean, egunean sei eta hamaika ordu bitartean zaintzen dute, lanaldi bat baino gehiago, baina orekatzeko gai dira».
Saturatuena talde zaurgarriagoa da. «Ordu gehiagoz zaintzen dute, egunean hamabi eta hemezortzi ordu bitartean. Bakardade eta kulpa maila oso altuak erakusten dituzte, eta kontrara, bizipoz eta bizi-asmo baxuak. Gainkarga eta neke arrisku handia daukate».
Neke emozionala
Psikologoak agertu duenez, eritasun horiek urte aunitzetarako izan daitezke eta zaintzaileak ez badu bere burua zaintzen, gero ezingo du zaindu. «Hori askotan pasatzen da. Saturatuek neke emozionala sentitzen dute gehienbat, zainketa nola hartzen den, hori baita kontua». Arregiren ustez, beraiena da profilik arriskutsuena, krak egiteko puntuan daudelako.
Kulpabilizatzaileak dira ordu gutxien zaintzen dutenak, ordubete eta bost ordu bitartean egunean. «Bakardade maila oso baxua dute, beren egunerokoa eta bizitza soziala mantentzen dutelako gutxi gorabehera, baina kulpa eta anbibalentzia handia dute. Izan daiteke ezin dutelako beraiek nahi duten adina zaindu, eta hor barne gatazka bat sortzen da. Izan daiteke lan karga oso handia dutelako edo kanpoan bizi direlako. Gaizki sentitzen dira ez dutelako zaintzen, edo zainketekiko gatazka bat dute eta ez dute zaintzen».
Exijenteek 24 orduz zaintzen dute. «Bakardade maila izugarria dute. Beren bizitza bigarren plano batean gelditzen da guztiz. Nekatuta daude, ez dute bizipozik eta isolamendu arrisku oso handia dute, bakardadea eta isolamendua ez baitira berdinak».
Erabat feminizatua
Zaintzaileen adina, generoa eta zaindutako pertsonekiko harremana aztertu ditu Amaia Arregik aldagai gisa. «Gure kasuan, genero aldetik ez da ezberdintasunik agertu, laginak erabat feminizatuak direlako: 234 zaintzailetatik 196 emakumeak dira. Hori bera adierazgarria da. Oraindik emakumeak gara zaintzen dugunak. Aldatzen ari da, joera ona da, baina denbora falta da».
Adinari dagokionez, «gazteak profil saturatuan sartzen dira, pertsona asko gurasoak eta seme-alabak zaintzen ari direlako eta, era berean, beren bizi proiektua egiten. Hori dena uztartzea oso zaila da», baieztatu du ikertzaileak.
Ordea, profil exijentean 70 urtetik gorakoak daude. Adin bateko pertsonak dira eta beren bikotea zaintzen dute. «Zainketen normalizazio bat dago, ez dute zainketa aukeratu daitekeen zerbait bezala ulertzen. Orduan, sufrimendua ezkutuan gelditzen da. Hori ere adierazgarria da eta esku hartze bat egiteko orduan kontuan eduki behar da. Beraiek gaizki daudela edo ez dutela zertan bai ala bai zaindu ikusaraztea zailagoa da. Baina egin daiteke».
Azterketa berri bat
Galdetegien bidez egin du ikerketa Aubixako koordinatzaileak, online edo paperean. Estatu espainoleko populazioan balioetsitako galdetegi psikologikoak dira; aldagai bakoitzerako, galdetegi bat. Valentziako laginak izan dira, eguneko zentroetakoak eta dementzia eta neuroendekapenezko gaixotasunak dituztenen elkarteetakoak.
«Azterketa berri bat egin genuen: ‘Profil latenteen analisia’. Aldagaietan baino, pertsonetan zentratzen da. Populazio heterogeneo batean antzeko ezaugarriak dituzten azpitaldeak identifikatzen ditu eta taldeak egiten ditu. Hortik atera ditugu profilak».
Bizipena ez da homogeneoa
Emaitzek erakutsi duten lehen gauza izan da zaintzen bizipenak ez direla homogeneoak eta ez dagoela zaintzaile estandar bat. «Batzuek hobeto bizitzen dute, alderdi positiboak ikusteko eta eguneroko bizitzarekin uztartzeko gai dira. Beste batzuek, ordea, gainkarga edo gatazka bat dute bizitza proiektua garatzeko».
Argi gelditu da bakardadea dimentsio aunitz dituen aldagai dinamiko bat ere badela. «Ez da kontaktu falta soilik, beste aldagai batzuekin lotuta dago eta aldatu egiten da».
«Alde batera utzi behar dugu homogeneizazioa. Zaintzaren esperientziak dimentsio asko ditu: bakardadea dago, kulpa, antsietatea... eta denek eragiten dute zaintzailearen bizi kalitatean eta ongizatean. Ez ditugu alderdi negatiboak bakarrik ikusi behar, positiboak ere badaude. Ikuspegi osoa izan behar dugu», aldarrikatu du Arregik.
Familian oinarritua
Zainketen sostengu handietako bat familia dela ere azaldu da emaitzetan. «Hegoaldeko Europan daukagun kultura hau familian oinarritua dago eta senideek zainduko gaituztela espero dugu. Horrek ondorioak ditu bakardadearen sentimenduan. Behin zaintzaile rol hori hartzen duzunean, espektatibak daude, bai zureak, bai eta familiarenak ere».
Familiak gero eta txikiagoak dira, eta horrek ere eragiten du gainkargan eta bakardadean.
Aitortza
«Profilak identifikatzeak esku hartze espezifikoak egiteko aukera ematen digu. Hala, profil konplikatuenetik ongizatea babesten duen profil horretara pasa gaitezkeen edo ez ikusiko dugu. Ez dakigu, baina saia gaitezke, eta profil bakoitzeko beharrak asetzen ahalegindu gaitezke», proposatu du ikerlariak. «Eredu bakarrak ez du denentzat balio».
Hirugarren adinarekin lotuta dauden gaixotasunekin ere kontziliazio beharra dagoela agerian gelditu da. «Profil saturatuan kontziliazio arazo bat dago eta hori argi utzi behar da. Zerbait egin behar da hori konpontzen saiatzeko edo, behintzat, arintzeko. Ulertu behar da familiak direla zainketen sistemaren sostengua. Profil bakoitzaren atzean pertsona bat dago eta eskubidea du osasun fisiko eta mentala edukitzeko, baita soziala eta ekonomikoa ere. Zainketak lau ondorio horiek dituelako. Hori aldarrikatu behar da instituzionalki eta sozialki. Ezin dugu egintzat eman zainduko gaituztela, pertsonak gara zaintzen dugunak eta zainduko dugunak. Aitortza sozial eta instituzional bat behar da», defendatu du.
Noranzko aldaketa bat Gaur egun, baliabideak badaudela nabarmendu du. «Beti falta dira denak asetzeko, baina askotan urruti gelditzen dira. Hainbeste ordu zaintzen egon eta gero, agian ez daukazu denborarik baliabide horietara jotzeko, edo ez dakizu hor daudela ere. Orduan, noranzkoa aldatu, eta baliabideak eraman behar ditugu pertsonengana».
«Inork ez du planteatzen haurdunaldi bat etxea prestatu gabe, baina jende gutxik prestatzen du etxea zahartzarorako. Oraindik badago tabu puntu bat zahartzaroarekin. Gero eta gutxiago, baina badago», adierazi du.
Jarraipena
Amaia Arregik nabarmendu duenez, interesgarria izanen litzateke ikerketa hau Euskal Herriko populazioarekin egitea, Valentziako eta hemengo profilak berdinak diren ala aldaketak dauden ikusteko, izaeran ezberdintasunak daudelako. Era berean, epe luzeko ikerketa bat egin nahiko luke, profil horiek denboran mantentzen diren ikusteko eta profilekin esku hartze espezifikoak eginda profilean mantentzen diren edo aldatzen diren ikusteko. «Hoberena denak profil planifikatu batera pasatzea izango litzateke».
2020an hasi zen tesia egiten eta datuak 2023an lortu zituen. Ez da erraza izan, ez daudelako sobera eskuragarri. Lana joan den abenduan aurkeztu zuen, Valentzian. «Familian joan ginen eta oso hunkigarria izan zen. Zentzua hartu nion bost urteko lanari. Jendeari gustatu zitzaion, epaimahaiari ere bai, etorkizuna ikusi zion, ez dagoelako halako ikerketarik Estatu mailan».
Aubixa Fundazioaren lana Arregik Psikologia ikasi zuen Donostian, EHUn, eta master bikoitza egin zuen Bilbon, Deustun: Osasun Psikologia Orokorra eta Gerontologia. Hori bukatu eta gero Aubixa Fundazioan hasi zen lanean. «Bakardadearen gaia gustatzen zitzaidan. Bi amonak dementziarekin eduki ditut eta hurbil dudan gai bat da. Doktoretza egiteko aukera sortu zitzaidanean, hamabost egun eskatu nizkien pentsatzeko, baina erabakia hartua neukan», aitortu du.
Valentziako Unibertsitatean, Sacramento Pinazo irakasle eta ikertzaileak lagundu dio, baita Irene Checa metodologian aditua den irakasle eta doktoreak ere. Valentziako eguneko zentroei ere hagitz eskertua dago.
Aubixan egiten duen lanarekin estu lotua dago tesi hau. Fundazio honetan hirugarren adinari zuzendutako proiektuak egiten dituzte. Koordinatzaile izanik, sortzen dituzten egitasmoak bideratzea eta lurreratzea da Amaia Arregiren zeregina, baita lankideekin batera martxan jartzea eta garatzea ere. Eskubideak, ingurunea, zaintzaileak eta belaunaldien arteko harremanak dira jorratzen dituzten gaiak. Eta jakintza hori ikusaraztea eta ikertzea dute helburu. Jendartea zahartzen doa eta beharrezkoa da.

El exalcalde de Iruñea Enrique Maya denuncia haber sufrido una agresión en Alde Zaharra

El PNV apuesta por Mikel Hidalgo para sustituir a Aburto como candidato a la Alcaldía de Bilbo

PNV y PSE maniobran para modificar el nivel de protección de la Biosfera de Urdaibai

Una operación para disciplinar al PSOE, con toques chabacanos

