Olaso Dorreak ez ohiko arpilatze eta berreskuratze istorio bat jasotzen du barnean. Monzon Olaso Etxe Museoak “Olaso Dorrearen arpilatzea, itxura ofizialeko lapurreta” izenburua duen txostenaren bidez jaso ditu arpilatzearen eta berreskurapenarekin nondik norakoak eta sekretuak.
Historia eta sustrai luzeak ditu Olaso Dorreak, baina arpilatu aurreko bere azken biztanleak Eskoriatzako Maria Josefa Ganuza eta Telesforo Monzon izan ziren, euskal abertzaletasunean ibilbide luzeko kide eta sinbolo.
«Arpilatzea: Guda eta hondamendi egoeretako nahasmena aprobetxatuz egindako lapurreta da», hori da hiztegiak jasotzen duena. Eta Xabier Irujo Ametzaga historialariak zehaztasun handiagoa gehitzen dio: «Kasuistika zabala izanik ere kasu guztietan lapurreta da. Eta garrantzitsuena: ez da lapurtzea lapurtzeagatik, baizik eta pertsona jakin batzuei lapurtzen da: eta hori genozidioa da». Estatu espainolak 1936ko irailean arautu zuen konfiskatzea, «Defentsa Nazionaleko Juntak altxamenduari aurre egin zieten pertsonen eta alderdien ondasunak konfiskatzea arautzeko 108 dekretua jaulki du», jaso zen.
Urtebete berandurago arte ordea ez zen hasi Bergarako arpilatzea. Matxinoak uztailaren 18an altxatu ziren, eta irailaren 22an sartu ziren Bergaran. Bi hilabeteko tarte laburra izan zuten monzon-ganuzatar senar emazteek beren etxeko ondasunekin zer egin erabakitzeko. «Pentsatzekoa da Maria Josefa Ganuzaren eskuetan geratu zela ziurtasunik gabeko egoera horretan ondasunak babesteko badaezpadako neurriak hartu eta horiek egikaritzeko ardura», diote adituek. Eta gerora jakin da Dorreko sabaiaren azpian gordeleku bat zutela, eta Trinitarioen ordenako seroren komentura, Donibane Lohizuneko etxera eta senide eta lagunen etxeetara ere eraman zituztela ondasun batzuk.
1937ko apirilaren 5ean abiatu zen Olaso Dorrearen arpilatzea ofizialki, 1.031 zenbakia zeraman Telesforo Monzoni zegokion espedienteak. Badago gako bat arpilatzea eta berreskurapena ardazten dituena: inbentarioa. Garaian ez zen ohikoena inbentarioa egitea, eta etxe askotan ez dago, baina Irujoren esanetan inbentarioa isunaren zenbatekoa neurtzeko egin zuten: «Pertsona baten atzetik zihoazenean bere ondasunak bahitzeko aitzakia legal bat bilatzen zuten: isuna. Lapurtzen denean jakin behar da zer den lapurtutako eta zenbat balio duen». Zentzu horretan inbentarioa lapurretaren froga litzateke; eta lapurretaren pistari jarraitu ahal izan zioten monzon-ganuzatarrek.
Hiru ataletan banatutako prozesua
Ezin da jakin arpilatzearen aurretik etxe horretan zegoena, ez eta inbentarioa egin aurretik eta bitartean lapurtutakoa zer izan zen, baina jasotakoari erantzunez, hiru ataletan banatu dituzte arpilatzea eta berreskurapena bera: objektu, altzari eta artelanak; artxibo, liburu eta dokumentuen konfiskatzea; eta dorretxearen beraren okupazioa.
Arpilatzeari hasiera emateko aitzakia, epaitegira iritsitako «zurrumurru» bat izan zen, Telesforo Monzonen etxean hormen artean zilarra eta baliozko objektuak ezkutatuta omen zeuden. Bilaka hasi eta azken solairuko sabaian topatu zuten gordelekurako sarrera, bertan hainbat pakete, artelan eta zilarrezko objektu zeuden. Zazpi egun eman zituzten inbentarioa egiten, zilarrezko objektu eta artelanez osatutako 168 elementuko zerrenda egin zuten, gehienak gordelekuan bazeuden ere dorretxeko gela eta armairuetan sakabanatuta ere topatu zituzten batzuk.
Epailearen interesa bere aginduetan argi islatzen zen: «Balio artistikorik gabeko zilarrezko objektuan eraman Banco de Españak Donostian daukan bulegora, eta gainontzekoak San Telmo museora». Tartean, zenbait ondasun Burgosera ere igorri zituzten. Eta bada esanguratsua bihurtu den beste leku bat ere, Aieteko Jauregia. Francisco Francok bertan igaro zituen udaldiak 1939tik 1975era, eta Olaso Dorreko altzari eta objektu batzuk tarte horretan bertan egon ziren.
Korapilatsua izan zen berreskurapena, arpilatutakoaren kopuruagatik eta sakabanaketagatik, batez ere. Objektu eta artelanen berreskurapena Maria de la Sotari esker hasi zen, 1946an hain zuzen ere, Sota bere senideei konfiskatutako ondasunen bila joan zen Burgosko epaitegira, eta bertan ikusi zitun monzodarren ondasunak ere. Gutun bat idatzi zien jakinaraziz eta Olaso Dorreko sendia eta lagunak berreskurapen lanetan hasi ziren.
1947an abiatu zen «berreskurapen praktikoa», San Telmon lanean zebiltzan lagun batzuk bertan zeuden objektuen inbentarioa egin zuten, eta objektu horiek eskuratzen hastearekin batera Burgosko Audientziatik berrreskuratutako objektu batzuen zerrenda ere agertu zen. Urteak iraun zituen leku guztietatik objektuak biltzeak, eta lau hamarkada beranduago Donibane Lohizuneko etxetik, Ignacioren etxetik, Tolosako zabalatarren etxetik eta Eskoriatza zein Bergarako lagunen etxeetatik ere berreskuratu zituzten Olaso Dorreko objektuak.
Ezberdina izan zen artxibo, liburu eta dokumentuen konfiskatzea. Izan ere, matxinoek interes gutxiago adierazi zuten hauekiko, ziurrenik balio ekonomiko gutxiago zutelako, eta ondorioz, hauei lotutako inbentariorik ez dago. Olaso Dorreko kideek jaso dute ezarian bezala aipatzen direla «familiaren artxiboa, hirugarren gela, edota solairu nagusiko jantokiko kristalezko armairua». 40 urtez etxean bertan egon ziren hainbat dokumentu eta baita liburutegia ere, baina zaindu gabe, geletan eta armairuetan sakabanatuta.

Arpilatzearen istorioa jasotzen ari zirela, 1947an egindako inbentario bat eskuratu zuten, zigilu ofizialik gabea baina zenbait artxiboren berri ematen duena: Frantsesezko eta gaztelaniazko hainbat liburu, zuhaitz genealogikoak, familiaren artxiboko 161 paper-sorta.
«Familiaren artxiboa» deitutakoa 1938an San Telmo museora eraman zen. Borja Aginagaldek kontserbatu zuen dokumentazioa, artxiboa garbitu eta atontzeaz arduratu zen. Bere ibilbidean zehar Maria Josefa Ganuza ezagutu zuen eta berarekin eta monzondar Isidrorekin hizketan, artxiboa San Telmotik atera eta Olaso Dorrean kontserbaziorako baldintza egokiak prestatu arte bere iloba Luis Zavalajkjaso zuen.
Bitarte horretan Lakuaren Kultur Sailak sustatutako artxibo pribatuen berreskurapen eta katalogaziorako diru laguntzen programaren bidez Bergaran katalogatu eta digitalizatu zuten artxiboa, eta egun ikusgai dago Dorrean bertan.
Dorrea matxinoen esku
Badago inbentariorik behar ez duen beste elementu bat: Olaso Dorrea bera. Izan ere, 1976an jabeak itzuli ziren arte okupatuta egon zen. Matxinoek Bergarako Komandantzia Militarra ezarriz okupatu zuten dorretxea 1938ko urtarrilean, behe solairua okupatzeko eskaera eginez. Urte bereko uztailean ordea, bigarren solairua ere okupatzeko eskera egin eta militarren esku geratu zen dorrea.
Gerra amaitutakoan Komandantzia Militarra lekualdatu zuten, baina dorretxeak okupatuta jarraitu zuen, entitate frankisten egoitza bihurtu baitziren solairu ezberdinak: nakazarien sindikatua, Circulo Carlista, Falangearen Seccion Femenina eta Espainiako Guardia Zibilaren ostatu ere izan zen.
Berreskuratzeaz Maria Josefa Ganuza bera arduratu zen, diktadura frankista amaitu eta egoera politiko guztiz ezegonkorrean etxera itzuli zen, 40 urte beranduago, eta bertan zeuden guardia zibilak kanporatu zituen, esaten denez, zerbitzuko atetik ateratzera behartu zituen, ez zien utzi ate nagusitik ateratzen.
Telesforo beranduago itzuli zen, 1977ko udan, Askatasunaren Ibilbidean ‘Martxoak 3’ zutabearen erritmoan. Itzuli zirenean etxea ez zegoen bizitzeko moduan, baina lehen gaua ere bertan igaro zuten, lo-zakuetan lo eginez. Etxearen jabetza ofizialki berreskuratzeaz Isidro Monzon arduratu zen, Telesforo ez baitzegoen ados: «Ez dut zertan erreklamatu indarrez ebatsia izan zaidana, berreskuratu besterik ez dut egin behar», esan zuen.
Berreskurapenerako azken urratsa Olaso Dorrea Fundazioak eman zuen, 1988ko urtarrilean Espainiako Ogasun Ministerioak jabetzaren itzulketa ofiziala jakinarazi baitzion.
Ebatsi zieten guztia berreskuratu ote zuten? Ez dago jakiterik. Eskuratutako dokumentazioaren arabera badirudi San Telmo Museora eta Aieteko Jauregira eramandako gehiena eskuratu zutela, baina Donostiako Banco de Españara eta Burgosko Entzutegira eramandako objektuekin ez dago hain argi.
Olaso Dorrean aipaturiko objektu, altzari, artelan eta artxiboak ahalik eta modu egokienean jasota daude egun, hiru esparruak berreskuratuta, museoa osatu baitute eta kultur ekimenetarako egoitza bizia ere bada. Ondare pribatua ondare publiko bihurtzea zen mozon-ganuzatarren nahia, eta guztia fundazio baten eskuetan uztea, hala agindu omen zuen Telesforok: «Testamentuan agindu zuen kultur fundazio abertzale bat osatzeko, bere ondasun guztiak jasoko zituena». Anaia Isidrok ere salatu zuen frankismoak «museo bat izan zena hondakin izugarri bihurtu» izana, eta berriro ere museo bilakatzea izan da berreskurapen lan handiena. Iragana berreskuratzea etorkizuna konfiskatuta ez geratzeko.

Una cornada en la cara en Mercaderes, un corredor épico y otro grotesco

‘La Roja’ divide a la Plaza de Toros de Iruñea: «Puta selección» y «Yo soy español»

Terror en la curva de Estafeta y Telefónica con seis bólidos de Gibraltar

Familias de Sestao presentan quejas por la visita de un campus infantil a la Guardia Civil

