«Nafarroan zaila da memoria lantzea, jende aunitzek ez du arbasoen ardura ikusi nahi»
Fernando Mikelarena Peña (Bera, 1962) historialari erreferentea da, Zaragozako Unibertsitateko irakaslea duela 34 urtetik. 1936ko Gerraren 90. urteurrenarekin bat eginez, Altzatetarren Dorrearen Akademia eta ‘¡Al rescate de Baroja!’ nobela aurkeztu ditu oroimen historikoaren lanketa hauspotzeko.

Historialari estimatua dugu Fernando Mikelarena Peña. Hamabost historia liburu eta 160 artikulutik goiti idatziak ditu eta 2016an Euskadi Literatura Saria irabazi zuen ‘Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936’ saiakeragatik. Iaz literaturara egin zuen jauzi ‘Líneas de frontera’ nobelarekin. Jarraian ‘Asesinato en la conspiración’ argitaratu zuen eta orain, 36ko Gerratik 90 urtera, ‘¡Al rescate de Baroja’, Errandonea Saileko hirugarrena, gerrako lehen egunetako gertakariak kontatzen dituena.
Zaragozako Unibertsitateko irakasle titularra da eta segur aski erretiroa hartuko du aurten, baina irakasle lanetik bakarrik, proiekturik ez zaio falta-eta. Elkarte bat sortu du askotariko gaiei buruzko dibulgazio jarduerak egiteko eta horren baitan oroimen ibilbideak eginen ditu Beran uztailean eta abuztuan (izena emateko academiadelatorredelosalzate@gmail.com-era idatzi behar da).
Altzatetarren Dorrearen Akademia du izena elkarteak eta halaxe sentitu gara elkarrizketa egitean, dorre batean, historialariaren etxeko terrazan, mendiei, Zia errekari eta herritarren joan-etorriei so, kafea eta gailetak dastatuz bidaia historiko zirraragarri batean. Etorri nahi?
Altzatetarren Dorrea inguru honetan zegoen...
Pio Barojak erraten zuen dorrea zegoen inguruan egin zirela hiru etxe hauek, tartean gurea, Tantal baita. Dokumentuetan ere ageri dira hirurak. XVII. mendean Altzateko jaunak Berako sutean parte hartu zuen Frantziako armadarekin. Sua eman zion Berako etxe pila bati eta suposatzen dut mendeku bezala beratarrek bere dorrea bota izanen zutela. Erreferentzia hori berreskuratu nahi izan dut, erabat ahantzia baitago. Bertzalde, Barojak orain dela 110 urte argitaratu zuen ‘La leyenda de Jaun de Alzate’. Bere garaian arrakasta izan zuen eta gaur egun erreferente bat da. Txantxa puntu bat ere badu elkartearen izenak.
Irudiak ere bai, ezta?
Altzatetarrek otsoak zituzten beren armarrian eta nik ardi bat paratu dut otso baten parean.
Harritzekoa da bi aldeetako jendea nahasia bizi zela. Beti interesatu zait jendea non bizi zen begiratzea. Irudi hori aberatsa da
Dagoeneko hasi zara lehen jarduerekin, guztiak doakoak. Memoria ibilaldiak egiten ari zara Beran, azken nobelako paisaietan barna. Zer moduz?
Ongi, hogei lagunetik gora bildu ginen lehen ibilaldian. Udaberrian, bigarren nobelarekin Iruñeko Alde Zaharrean egin nituen oroimen ibilaldiak eta ehun bat pertsona elkartu ginen. Izan ere, gauza bat da leitzea eta bertze gauza bat agertzen diren pertsonaiak non eta nola bizi ziren irudikatzea. Gainera, harritzekoa da bi aldeetako jendea nahasia bizi zela. Nire lan historikoetan beti interesatu zait jendea non bizi zen begiratzea. Irudi hori aberatsa da. ‘Dora Bruder’ lanean, Patrick Modianok bere buruari galdetzen dio nola erreskatatzen ahal duen pertsona horren historia eta ohartzen da arrastoak bakarrik dituela. Aukera bakarra jende ezezagun eta ahantzi horri bizi bat imajinatzea da.
Berako kasuan iturri historiko pila bat maneiatu ditut. Adibidez, barojatarrek argitaratutako oroimenak eta Santos Etxeberria beratarrak Jose Miguel Barandiarani emandako txostena, non hemen gertatutako gauzak kontatzen diren. Berako Udaleko artxiboko dokumentazio guztia ere baliatu dut eta bertze iturri garrantzitsu bat sumario militarrak izan dira. Karabinero pila bat epaitu zituzten, baita beratar zibil batzuk ere. Adibidez, Felix Rodrigo Solanilla eta Esteban Pabolleta.
Familia guztietan gertatzen da. Eta ezin da jakin desoroimena eta ahanztura erabaki kontziente baten ondorioz sortzen diren
Eraildako baten birbiloba, Ezequiel Garcia Rodrigorena, Berara etorri zen orain dela hamar urte, bere birraitatxi non lurperatua zegoen jakin nahian. Bilaka aritu nintzen, ez nuen aurkitu, baina non bizitu zen erakutsi nion. Bere alaba Ismael Garcia Hernandorekin esposatua zegoen. Karabinero ezkertiar bat zen eta bera izan zen kuartelean tenientearekin eztabaidatu zuena. Errepublikaren alde kokatu zen, bertako karabinero guziak bezala. 70eko hamarkadan liburu bat idatzi zuen Garcia Hernandok, ‘Memorias de mis años en prisión’. Beran zer gertatu zen eta bere bizitza nolakoa izan zen kontatzen du bertan.
Cesareo Seminarioren eta Faustino Martinezen sumarioetan ere informazio pila bat dago. Biak fusilatu zituzten. Informazio aunitz biltzea gustatzen zait, batez ere ikuspegi ezberdinak izateko.
Kontraste hori egin duzu barojatarren idatziekin ere.
Horietan hagitz ongi ikusten da zein diren memoria pertsonalaren mugak. Beti dago baldintzatua, pribatua baita. Nik bi kontzeptu erabiltzen ditut: desmemoria eta ahanztura. Familia guztietan gertatzen da. Eta ezin da jakin desoroimena eta ahanztura erabaki kontziente baten ondorioz sortzen diren ala ez. Batzuetan erabaki neurtu bat dela ikusten da, baina bertzetan giza prozesu bat da.
‘Unos carabineros se amotinaron al teniente’ aipatzen dute barojatarrek. Baina Endarlatsara joan ziren karabineroen kopurua ikaragarria izan zen: 80 izan ziren, Berako guztiak eta Lesakakoak eta Etxalarkoak ere bai. 80 karabinero horietako aunitzek emaztea eta seme-alabak zituzten, eta Irungo frontean borrokan segitu zuten, baita Kataluniakoan eta Madrilekoan ere. Egun bateko erabakiak izugarrizko ondorioak izan zituen beraientzat.
Gauza berbera gertatu zitzaien Endarlatsara joan ziren Berako bost edo sei gazteri ere. Felix Rodrigo Solanilla, Ramon Balza, Esteban Pabolleta... gehienak CNTkoak. Bitxia da halako gertaerek adierazten dutelako nola jokatzen duen jendeak momentu historiko baten aitzinean. Batzuek momentu historiko bat bezala bizitzen dute eta bertze batzuk ez dira bere garrantziaz ohartzen eta ez dute parte hartzen. Aunitzi horren ondoren olatua heltzen zaie eta beharturik joaten dira gerrara. Berako kasua nahiko adierazgarria da, nola eraiki ziren gero hemen memoria, desoroimena edo ahanztura.

Nobelan gertaera historikoak eta fikzioa harilkatu dituzu. Zein abantaila eman dizkizu horrek?
Nire ikerketa historikoetan beti izan dut kezka nagusi bat: edozein gauza aipatzeko gibelean dokumentu bat izatea. Ez dut ahantzia orain dela zazpi urte Del Burgotarren familiak paratu zidan kereila, nahiz eta azkenean ez zen deus ere gertatu. Nobeletan gauzak aipatzen ahal dituzu gibelean dokumentu zehatzik izan gabe, baina bai zantzuak. Bada bertze abantaila bat. Nire liburu historikoak nahiko ongi saldu badira ere (adibidez, ‘Sin piedad’-en 3.000 ale baino gehiago), jendeak erran izan dit lan mardulak direla. Nobelak arinagoak dira eta bide bat izaten ahal da memoria historikoaren edukiak zabaltzeko. Bi bideak osagarriak dira eta liburu historikoak argitaratzen ere segitzen dut. Joan den urtean Eladio Esparzari buruzko bertze liburu bat atera nuen eta aurten berri bat plazaratuko dut, Nafarroako Diputazioak eta Iruñeko eta Tuterako udalek 36ko Gerran izan zuten paperaren inguruan, nola izan ziren golpisten sostengu.
Memoria historikoarekiko interesa apaltzen ari dela uste duzu?
Uztail honetan 90 urte bete dira 36ko Gerra hasi zenetik eta ez dut inolako oihartzunik ikusten. Orain dela hamar urte oihartzun handiagoa izan zuen eta orain dela hogei urte, mende honen hasieran, gizarte osoan ez, baina zati handi batean oroitu zen. Liburuen solmentetan ere islatzen da interesaren apaltze hori.
Faktore bat da adineko jendea hil dela edo hiltzen ari dela eta gerrako seme-alabak jada desagertu direla. Nire hitzaldi eta liburu aurkezpenetara ez da gazterik etortzen. Gazteenak 50 urte edo gehiago ditu. Batzuek erraten didate jende gazteari ez zaizkiola liburuak interesatzen, nahiago dituela bertze formatu batzuk. Baina, nire ustez, pelikula gehienek ez dituzte gertatu ziren gauzak behar den bezala kontatzen, errelato nahiko neurtu eta partziala egiten dute.
Zaragozako Unibertsitatean egiten dut lan eta orain dela urte batzuetatik sumatu dut nire ikasleen artean badaudela Vox-i botoa ematen diotenak
Memoria elkarteek, nahiz eta presentzia izan, nire ustez, beren ahuleziak ere erakutsi dituzte. Finean, ez dute Memoriaren Legearen edukia baldintzatu eta ez dute deus handirik lortu Valle de los Caídos-en eta Iruñeko Monumento a los Caídos-en inguruan, beren aldarrikapenak egiten ari badira ere. Gainera, memoria historikoa instituzionalizatzen bada, bere indarra galtzen du. Nahiko garbi ikusten da hori Nafarroan. Ea zer egiten duen Gobernuak Monumento a los Caídos-ekin. Bertze erranahi bat eman nahi diote eta interpretazio zentro bat egin, baina hori osatzeko errelato oso bat egin behar da eta biktimak, biktimarioak, zergatiak eta ondorioak sartu behar dira. Nire ustez, Nafarroan hagitz zaila da hori egitea.
Zergatik?
Nafarroako gizartea hagitz tematia da horretan, jende pila batek ez du bere aitaren edo aitatxiren ardura ikusi nahi.
Nola jorratzen ahal da memoria historikoa eta lanketa horrek zer ematen ahal digu guri?
Ultraeskuina zabaltzen ari da Europa osoan. Zaragozako Unibertsitatean egiten dut lan eta orain dela urte batzuetatik sumatu dut nire ikasleen artean badaudela Vox-i botoa ematen diotenak, bai mutilak eta, azkenaldian, baita neskak ere. Europan memoria historikoaren kudeaketa nahiko neurtua eta motza izan da nire ustez. Lan gehien egin duena Alemania izan da. 1970 arte memoriako politika hagitz ahula izan zen, baina gero epaiketak hasi ziren eta azken hamarkadan kontzentrazio esparruetako zaindariak epaitu dituzte, zigor handiekin gainera.
Baina Italian, adibidez, Mundu Gerra bukatu zenean Amnistia oso bat egin zen eta oraindik ez da kolaboratzaileen papera ongi landu. Frantzian ere ez. Espainian, oztopo inportanteena Amnistiaren Legea izan da. Horren ondotik ezin dira biktimarioak epaitu eta ezin da sakondu 36ko Gerran eta Frankismoan gertatu ziren krimenetan. Biktimarioen papera Espainian ez da historialariek maite duten gai bat, beldurra ematen die. Orain atera dituzte zenbait gauza, baina nire iritziz hagitz ahulak.
Europan memoria historikoaren kudeaketa nahiko neurtua eta motza izan da nire ustez. Lan gehien egin duena Alemania izan da
Memoria historikoa jendea sendoagoa izateko erabiltzen dela aipatzen da, baina gero ultraeskuinak erabiltzen dituen argudioek arrakasta itzela dutela ohartzen zara. Umberto Ecok orain dela 30 urte erran zuen bezala, faxismoaren ezaugarri inportanteena da egokitzeko izugarrizko gaitasuna duela. Espainian, faxismo historikoak aldaera batzuk izan zituen: nagusia, falangismoa; karlismoa ere bai, bere antisozialismo, antiliberalismo eta antiseparatismoarekin; eta nazional-katolizismoa. Frankismoa ez zen diktadura faxista arrunt bat izan, baizik eta diktadura nazional-katoliko faxista bat. Analisi zehatz bat egiteko gauza horiek kontuan hartu behar dira.
Kazetari izan nahi zenuen arren, azken unean Historia ikastea erabaki zenuen. Historia ekonomikoa, soziala eta nekazaritzarena jorratu ondoren, orain dela hogei bat urte memoria historikoari heldu zenion. Zerk bultzatu zintuen?
Memoria historikoari buruzko nire lehenengo liburua Sartagudakoa izan zen. Nire aita eta bere aldeko familia kontrabandoan ibiltzen ziren Errepublika garaian, baita 36ko Gerran ere. Izeba bat, Gloria Lopez, maistra errepresaliatua izan zen eta harreman oso estua izan nuen berarekin. Hezkuntzako inspektore baten lehengusina zen eta istorioak aditzen nizkion. Juan Zabaleta osabari ere bai. Beti izan dut interesa. Oroitzen naiz, adibidez, 1985 inguruan Doneztebeko bidegurutzean autostop egiten ari nintzela, leiho batetik emakume bat atera zela. Izugarrizko errieta egin zidan. Osabari kontatu nion. Andrea ez zen hemengoa eta nor ote zen galdetu nion, eta Amelia Zarola zela erran zidan, Julio Ruiz de Alda falangistaren alarguna!
Gelditzen zaizkigun esparruak nahiko bazterrekoak direla iruditzen zait. Segitu behar da. Baina instituzionalki nik uste borroka galdu egin dela
Nahiko ezkorra zara memoria historikoaren kudeaketarekin, baina zure aldetik saiatzen ari zara.
Bai, baina tokiko ikuspegi batetik. Gelditzen zaizkigun esparruak nahiko bazterrekoak direla iruditzen zait. Egiten ditugun gauzek ez dakit zer ondorio izanen dituzten. Segitu behar da. Baina instituzionalki nik uste borroka galdu egin dela. Bitxia da. Orain dela urte eta erdi Espainiako Gobernuak 2025a Frankismoa oroitzeko urtea izanen zela iragarri zuen eta ekitaldi ugari antolatu zituen. Hasieran bai, zabaldu ziren, baina gero oharkabean pasatu ziren. Franco Valle de los Caídosetik atera dute. Espazio horri erranahi berri bat emateko lehiaketa irabazi du proiektu batek, baina egitasmoaren gibelean ez dago deus mamitsurik. Ikusiko dugu zer gertatuko den Iruñeko monumentuarekin ere, baina uste dut hor ere ez dela deus eginen.
Irailean udako ikastaro bat emanen duzu.
Xehetasunak aitzinerago emanen ditut, baina segur aski presentzialki eta online eskainiko dut dena. 36ko Berako eta Bortzirietako gertaerak, Iturengo hiru fusilatuak eta Gazteluko hilketa ankerra, hiru gai horiek landu nahi ditut. Zonalde honetan gurutzatu ziren gerra bera, kontrabandoko sarea eta Endarlatsako gertaerak. Erresistentziako puntu inportante bat izan zen Endarlatsa. Basakeria gailendu zen eta emakumeak giza ezkutu gisa erabili ziren.

Fallece Aitor Agiriano ‘Toro’, exguitarrista de Doctor Deseo y compositor de música para teatro

Una transición energética justa, pública y renovable para Euskal Herria

EH Bildu pide explicaciones por la última intervención violenta de la Ertzaintza en Donostia

Policía Foral y Guardia Civil investigan los hechos de Berriozar, sin consenso en el Parlamento


