NAIZ

Musikeneren Mediateka Bilgunea Liburutegi Sisteman integratuko du Lakuak

Aurrerantzean, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko musika partiturak Bilgunea Katalogo Kolektiboan gordeko dira eta kontsultatu ahal izango dira, Lakuako gobernuaren eta Musikeneren arteko hitzarmen baten ondorioz. 

Musikeneko eraikinaren sarrera.
Musikeneko eraikinaren sarrera. (Maialen ANDRES | FOKU)

Lakuako gobernu kontseiluak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Musikene Fundazioaren arteko lankidetza hitzarmena onetsi berri du, Euskal Herriko Musikako Goi-Ikastegiko Mediateka Euskadiko Liburutegi Sisteman eta Bilgunea –EAEko Liburutegien Katalogo Kolektiboan– integratzeko.

Azaldutakoaren arabera, hitzarmenari esker, Musikeneren funts bibliografikoak Bilgunearen bidez kontsultatu ahal izango dira. Horrela, musikaren inguruko dokumentu funts espezializatu horiek ikusgarritasun handiagoa izango dute, eta herritarrek nahiz ikertzaileek errazago eskuratu ahal izango dituzte. Integrazioa pixkanaka egingo da, funtsen titulartasuna Musikenerena izaten jarraituko duen arren.

Gaur egun, Musikeneren Mediatekak 40.500 bibliografia erregistro baino gehiago ditu, eta Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiako musikaren arloko dokumentazio zentro espezializatu garrantzitsuenetakoa da. Hitzarmenak ez du kostu ekonomikorik ekarriko alderdi sinatzaileentzat. 

Musikenek 20 urte bete zituen 2022ko ikasturtean. Bere ibilbidean zehar ehundaka ikasle pasatu dira bertatik, musikaz biziko diren pertsonei formakuntza eskainiz.