CONTENIDO PATROCINADO

Algortak eta Azpeitiak merezi duten bezala ospatuko dituzte saninazioak

Uztailari amaiera ezinhobea ematen dioten jaiak izan ohi dira saninazioak. Bizkaian eta Gipuzkoan famatuenak, nola ez, Algortakoak eta Azpeitikoak dira, eta bietan igandera arte luzatuko dira. Azpeitian pasa den asteburutik ari dira jaiak ospatzen.

Aurten ere bertso saioak izango dira, eguerdian, Algortako Kasino plazan. Argazkian, iazko irudia.
Aurten ere bertso saioak izango dira, eguerdian, Algortako Kasino plazan. Argazkian, iazko irudia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Algortako jaietako txupinazoa asteazken honetan (uztailak 29) botako dute, arratsaldeko 18:00etan liburutegiko balkoitik eta aurten protagonismoa herriko kuadrillena izango da. Lehenik eta behin, 2025eko kuadrilla-txapelketan irabazle izan ziren Habemus Abuorkitxe taldeak pregoia irakurriko du San Nikolas plazan eta, ikurriñari omenaldia egin eta gero, suziria botako dute Getxo Rugby taldeak, Itxartu taldeak, Kala dendak eta Eskubeltz Eskaut taldeak. Ondoren, kuadrillen jaitsiera irekia abiatuko da San Nikolas plazatik Telletxeko plazaraino.

Iluntzean, jota eta arin-arin txapelketa jokatuko da, eta ondoren suzko akerra izango da Telletxeko errepidean eta kontzertuak Katean, Amezti zonaldean, Kasino plazan, Sanikon eta txosnagunean.

Ostegunean, uztailak 30, dianak zabalduko du jai-eguna eta bertan ez dira faltako kuadrilen herri-kirolak eta herri-bazkaria, bertsolariak, arratsaldeko jaitsiera tradizionala Lau Bidetik Ereaga hondartzako barraketaraino, pilota eta futbito txapelketak, kalejira, kantu-poteoa eta gaueko kontzertuak.

Ostiralean, uztailak 31, San Inazio eguna ospatuko dute. Egun honetako ekitaldi nagusiak hauexek izango dira: ume eta gazteei zuzendutako ekintzak, meza nagusia eta aurreskua, Euskarabenturako gazteen kalejira, euskal dantzak eta zumba solidarioa, bertsomaratoia, erralodi eta buruhandiak, nagusien dantzaldia, sardina-jana, larraindantza eta kontzertuak.

Jai-egitaraua, esan bezala, igandera arte luzatuko da. Egun horretan, abuztuak 2, txapelketa gastronomiko baten mende laurdena ospatuko dute, hain zuzen ere, txipiroi txapelketaren 25. urteurrena. Biotz Alai enparantzan izango da eta izen-ematea goizeko 8.30ean egin beharko da. Aurkezpena eguerdiko 13.30etik 14.30era egin beharko da eta sari banaketa arratsaldeko 17.00etan izango da.

Jai Batzordeak eskerrak eman nahi dizkie urte honetan jai batzordean parte hartzera animatu diren kide guztiei, baita herriko jaiak posible egiten dituzten norbanako, eragile eta kolektibo guztiei ere: kuadrillak, txosnak, herriko kultura, euskara, kirol eta aisialdi elkarteak, eragile sozialak, herriko dendari eta ostalariak, udal teknikari eta langileak… «Urtean zehar egiten duten lanaz gain, Algortako jai zabalago, parte hartzaileago eta herrikoiagoen alde egiten duten lana ezinbestekoa zaigu», nabarmendu du batzoerdeak.

Algortako. jaietako informazio honen babesleak: Aberasturi heladosIñaki bitxitegiaGaurko modaAjuria tabernaSalsidu tabernaBaserri taberna, Aingara bordatuak.

Euskal Herri osotik etorritako erraldoien konpartsen desfile ikusgarria ohiko ekitaldia bihurtu da Azpeitiako jaien atarian. (Jon URBE | FOKU)

Azpeitiko txupinazoa, San Inazio bezperan

Gipuzkoan, bestalde, Azpeitia izango da San Inazio jaietako «zero gunea». Urola bailarako herri honetan, ostegun eguerdian hasiko dira ofizialki jaiak, baina ospakizunak aurreko asteburuan hasi zituzten larunbateko baserritar egunarekin. Igandean, Euskal Herri osotik etorritako 22 erralodi konpartsen desfile ikusgarria izan zen eguneko ekitaldi nagusia.

Txupinazoa, beraz, ostegun honetan eguerdiko 12etan izango da eta herriko festa batzorde desberdinek botako dute suziria, herritarrek hala erabakita. Ondoren, marea arroxa zabalduko da herriko kaleetan eta Azpeitiako Musika Bandak, Izarraitz Txistulari taldeak, Arrasateko gaiteroek, erraldoiek eta buruhaundiek kalejira egingo dute.

Jai herrikoien aldeko batzordeak herri-bazkaria antolatu du eguerdirako eta arratsaldeko 17.00etan txosnagunearen irekiera eta jolasak egingo dituzte. Ordu erdi beranduago Bergarako zezenak ganadutegiko bigantxak askatuko dituzte eta iluntzean txaranga eta DJ emanaldiak izango dira. Eguna amaitzeko, su artifizialak, Gozategiren kontzertua plazan eta, txosnagunean, Balantza taldearekin erromeria izango dira.

San Inazio egun haundia musika banda, gaitero eta txistularien goiz eresiarekin zabalduko dute. Eguerdian entzierro txikia eta musika bandaren kontzertua izango dira. Arratsaldean, Lopene ganadutegiko zezen txikiak, dantzariak, txaranga, eskuzko pilota partida profesionalak, bigarren su festa eta Neomak taldearen kontzertua izango dira. Jai herrikoein egitarauan, arratsaldean poteo musikatua eta parrillada izango dira, eta gauean Leihotikan eta Streetwise taldeen kontzertuak.

Larunbatean (abuztuak 1), meza nagusia egingo dute Loiolako basilikan, bakailao txapelketa plaza nagusian eta Arno ganadutegiarekin entzierro txikia Done Jakue kalean. Arratsaldean, zezen txikiak, zesta-punta jaialdia Izarraitz pilotalekuan, erromeria eta Los Zopilotes Txirriaos taldearen kontzertua izango dira. Jai herrikoen egitarauan, aldiz, kuadrillen arteko olinpiadak, eta Tapia eta Leturia, Hazas eta Kaparrak taldeen kontzertuak iragarri dituzte. Igande goizean txaraga eta bigantxak izango dira jai-giroan jarraitzen dutenentzat.

Azpeitiko jaietako informazio honen babeslea: Bordatxo taberna.