
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa larunbat honetan iritsi da finalaurrekoen lehen itzuliko fasera. Larraun-Lekunberrin ospatu da lehen saioa eta Amets Arzallusek irabazi du 746,5 punturekin. Hasierako agurrean aurreratu du saioko zaharrena dela, baina pentsatu nahi duela ez zegola «estorburako», eta bertso berriak jartzeko asmoz heldu dela Plazaola kirolgunera. Asmatu du, eta jarri dizkio bertso berriak atzoko egunari ere, eta horrela, Bilbon abenduaren 5ean egingo den finalaurrekoan kantatzeko eskubidea irabazi du.
Berarekin aritu dira kantuan, eta sailkatu dira hurrenez hurren: Beñat Gaztelumendi (733 puntu), Saioa Alkaiza (689,5), Xabat Illarregi (674,5), Xabat Galletebeitia (664), eta Gorka Pagonabarraga (624). Gai jartzaile lanak Aizpea Garmendiak egin ditu.
Hasierako agurretik bertsolari bakoitzak kantatu nahi izan du nondik eta nora igo den oholtzara, eta ondorengo lan puntuagarrietan joan dira ale gogoangarriak uzten. Ohi bezala zortziko nagusiarekin abiatu dute saioa, eta akaso saio borobilena Gaztelumendik eta Illarregik ondutakoa izan da. Erreskate talde bereki bi kideren gorputzean jarri ditu gai jartzaileak, mendira joateko baldintza desegokiak iragarrita egon arren, mendizale talde batek gailurrera igo nahi eta haien erreskatetik bueltan zetozen, Gaztelumendi abiatu da: «Belaguan gora elurra hasi/ ta halere gora jarrai / Petretxemara igo nahi zuten/ baina ez dira izan gai/ ez kranpoi ez kasko ere/ nonbait ez zutelako nahi/ haien bizitza jokatu dute/ eta gureak ere bai ». Illarregik zuzen erantzuna: «...Kasurik inoiz ez zaigu egin / aholkutan eta gaian/ baina ondoren deitzen gaituzte/ behar gaituzten garaian».
Arzallus eta Pagonabarragak ere saio txukuna osatu dute zortziko handian, abeltzainak izan dira ofizio horretan eta aurtengo lehorteek eta belar eskasiak eragin zuzena izan dute haien jardunean, urrian gaude eta dagoeneko neguko erreserben erdia gastatu dute. Bigarren bertsoan bota du arrazoi nagusia Arzallusek: «...baina ez dago nonbait dirurik/ finantzaren sabeletan/ dena joan da armagintzan ta/ Belateko tuneletan». Eta iritzi antzekoa izan du Pagonabarragak ere: «iragarkitan ondo geratu/ ohi da abeltzain laguna/ baina bistan da lehen sektorea/ ez dela lehentasuna».
Zortziko txikiko ofiziotara egin dute segidan jauzi, Arzallus eta Gaztelumendik lagunen paperetik kantau dute, herriko gaztetxean militatzen dute biek, eta duela bi aste Ametsek Beñati mezu bat bidali zion pankarta bat egiteko eskatuz, baina oraindik ez du erantzunik jaso, kalean topo egin berri dute. Arzallus: «kalean txistuz zatoz/ kantatatuz kantua/ zure militantzia/ pribilegiatua». Eta Gaztelumendik umorez erantzun: «Pribilegio hori/ didazu somatzen/ besteen aginduak/ ez ditut onartzen/ gora autogestioa/ lelotzat ona zen/ ta ari naiz denbora/ autogestionatzen».
Puntukako saioak azkar, bizi eta umoretsu joan dira, entzulearen belarriak goxatu eta aretoa lehertzeraino helduz zenbait unetan; Alkaizaren eta Arzallusen saio izan da puntuatuena eta algara gehien sortu dituenea ere bai. Eta bakarkako lanak izan dira agian borobilenak, bertsolari bakoitzak beretik uzteko aukera izan baitu bertan.
Bakarkako gaietan, zehaztasuna
«Bizitza guztia daramazu zure herriko kirol klubean sartuta hainbat zereginetan laguntzen, lehendakari izateko eskatu dizute, ezetz esan nahi duzu», esan dio Garmendia gai jartzaileak Alkaizari. Lehen bertsoan arrazoitu du bere ezetza: «lehendakaritzan ez naiz ikusten/ ez bazaizue inporta/ zurikerian ez dut bete nahi/ emakumearen kuota». Eta hirugarren bertsoa goitik behera ekarri du: «Ta ‘bale bale’ erantzun dut hark/ bere zauria orbaintzen/ nik esan diot lanpostu hori/ ez du urreak ordaintzen/ triste nengoke ta txikitua/ nere baitara ebaintzen/ letorkeena badudalako/ urrutitikan usaintzen/ ta dena garbitzen/ erratzaz dena alaitzen/ herriko lanak txikin egin da/ ez inorekin etsaitzen/ nere buruai esaten diot/ ‘jo, Saio, ze ona haizen’ ez dakizue inurri lanez/ ze zoriontsua naizen».
Illarregik bertso bakoitzera ideiak bikain ekarri ditu. «Gaur ordaindu duzu duela 30 urte erosi zenuen etxearen azkeneko kuota» esan diote, puntu motzetan errimarekin jolas egin ondotik lehenengo ideia plazaratu du: «zer paradoxa etxearena/ hau al da giza legea?/ nere etxea deitzen niona/ gaur arte ez zen nerea». Bigarrenean hausnarketara jo du: «azkenerako teilatupe hau/ hartu ahalko dut etxetzat/ baina aukera hau izan al da/ nere seme alabentzat?». Hirugarrena: «Askotan jarri baitiot nere/ buruari nik eskela/ ezin ziteken bestela/ ordaindu ezean etxea bihur/ baitakizuke kartzela/ orain nere da 80 metro/ neurtzen ditun partzela/ lehenago ez zen bezela/ zoriontasun bat sentitzen dut/ agian erdi ustela/ badakit eta famili asko/ kanporatzen dituztela».
Galletebeitia ideia, hausnarketa zein egoera bakoitzari hitzak jartzen espezialista dela ezin da ukatu, eta Lekunberrin ere 40 urterekin lehen aldiz bizitzaren garestitzearen aurka mobilizaziora atera den herritarraren paperetik ederki kantatu du: «Nahiz ta lagunek eman eskua/ gorroto nuen arnas estua/ guztia neukan berez ahaztua/ baina handitu da bizi gastua/ albo batera utzi nahi ditut/ lotsa ta aurre juzkua/ manifa baten parte izango naiz/ bularra gogoz puztua/ urte luzetan izan dut paso/ egiteko apustua/ erosoena izan ziteken/ baina ez da izan justua».
Ohikoena saioa bakarkako lanekin amaitzea bada ere, fase honetan hamarreko txikia izango da azken ariketa. Gaztelumendi eta Alkaiza igeltseroak izan dira, lanez gainezka daude eta eskari guztiei erantzun ezinik, Beñatekin beren lanaren prezioa igotzeko unea dela uste du, Saioak ez du nahi. Alkaizak esan dio nahiago duela jarrita dituzten prezioekin jarraitu beren bezeroen «hezurrak zukutzea» baino. Alternatiba proposatu dio azken bertsoan Gaztelumendik: «biontzat litzateke/ kobratzea hobe/ ez daukanari erdi ta/ daukanari doble»
«Egigun irri baina/ erakutsi hortzak /bertsoa izan dadila/ etxe bat denontzat», esanez amaitu du Amets Arzallusek agurra, eta etxe hori eraikitzen jarraitzeko hurrengo geltokia Eibarrekoa izango da, datorren larubatean.
Sailkapena:
Amets Arzallus 746,5
Beñat Gaztelumendi 733
Saioa Alkaiza 689,5
Xabat Illarregi 674,5
Xabat Galletebeitia 664
Gorka Pagonabarraga 624

Las potentes movilizaciones antifascistas echan atrás al agitador Vito Quiles en Bilbo

Lula cierra la puerta a la ultraderecha y vuelve a ganar en Brasil

Subiranotasunaren bidean urratsak emateko garaia dela aldarrikatu dute ‘Zazpi jauzi’ dantzatuz

Astelehenean Bilbon Vito Quilesen agerraldiaren aurka mobilizatzera deitu dute

