Ikastolak arriskuan
Nafarroako hegoaldeko ikastolen diru arazoak ez dira berriak, baina krisiarekin areagotu baino ez dira egin, inolako laguntzarik bermatzen ez duen lege baten ondorio bezala. Nafarroako Ikastolen Elkarteak ‘aski da’ esan du, laguntzak iristen ez badira ikastola hauek arriskuan daudela azpimarratu du eta era honetan euskararen etorkizuna Nafarroako hegoaldean kolokan dagoela ohartarazi du.
Sei dira osotara Nafarroako hegoaldean –legeak ‘ez euskaldun’ izendatutako eskualdean– kokatutako ikastolak: Tafalla, Zangoza, Irunberri, Fontellas-Tutera, Viana eta Lodosakoak. Denak daramatzate bi hamarkada baino gehiago euskara eskualde horietara eramaten, berrogei urte baino gehiago Tafallako kasuan, adibidez. Gaur egun 1.115 ikasle hezitzen dituzte eredu eleanitz batekin, 105 langileren lanari eta familien ekimenari esker.
Denbora luzez ikastola hauek lege zehatzik gabe funtzionatu zuten, era alegalean. Familien esfortzuak eta dirulaguntza desberdinek bermatzen zuten orduan zentroen funtzionamendua. Euskararen foru legearekin, pixkanaka, ikastetxe hauek legeztatzen joan ziren –Tafalla eta Zangoza lehenengo, beranduago gainontzeko guztiak–. Prozesu horrek defizit ekonomiko estruktural bat utzi zuen agerian.
Azken urteetara iritsi aurretik, defizita estaltzeko Iruñea eta Gasteizko gobernuen dirulaguntzak eta gainerako ikastolen elkartasuna aski ziren, baina dena aldatu da krisiarekin. Gasteizko laguntzak eten diren bitartean, 2007an Nafarroako Gobernuak onartu zuen legea guztiz eskasa da. Baina diru sarreren etetearekin batera, horietako ikastola batzuek inbertsio berriak egin behar izan dituzte azken urteetan, legeak behartuta. Adibidez, Fontellas-Tuterakoaren kasuan kiroldegi bat egin behar izan dute bigarren hezkuntzako zikloa guztiz legeztatu ahal izateko. Era berean, Tafallako Garces de los Fayos ikastolak bere instalazioak handitu behar ditu hemendik gutxira, txikiak gelditu baitira.
Pasa den astean eskeinitako prentsaurreko batean, Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE) azaldu zuenez, Nafarroako hegoaldeko sei ikastolen defizita 863.000 eurora iritsiko da aurten eta hurrengo urteetan gora baino ez du eginen; 2016an 1.036.000 eurora iritsiko da, NIEk egindako kalkuluen arabera.
Lege berezi baten ondorioa
Ikastola hauen egoera ulertzeko ezinbestekoa da 1986an Nafarroako Parlamentuak onartutako euskararen legea aztertzea, orduan erabaki baitzen herrialdea hiru hizkuntza-eskualdeetan banatzea: eremu euskalduna –iparraldea–, mixtoa –erdialdea eta ekialdea– eta ez euskalduna -hegoaldea-. Euskara soilik eremu euskaldunean da ofiziala. Hala ere, gune mixtoetan hizkuntza babesturik dago eta euskara zentro publikoetan ikasteko aukera badago. Eskualde ez euskaldunetan, aldiz, legeak ez du finkatzen euskararen aldeko inolako politikarik eta hori da Gobernuaren aitzakia inolako laguntzarik ez emateko. Hezkuntza mailan, ondorioa gurasoen ekimenaren bidez bultzatutako ikastolen beharra da, hori baita haurrek euskaraz ikasteko bide bakarra gaur egun.
Gauzak horrela, NIEk ikastola hauen defizitarekin bukatzeko irtenbideren bat ematea eskatu zion pasa den astean Gobernu nafarrari, ardatz bezala, hain zuzen ere, legea hartuta. NIEk oroitarazi zuenez, Nafarroako legeak betebehar bat ezartzen dio Gobernuari: «Herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestu eta eginkor bihurtzeko tresnak zehaztea». Era berean, Ikastolen Elkarteak gogorarazi du Konstituzio espainolak zera esaten duela: «Oinarrizko irakaskuntza behartua eta dohainik» da.