«Haiyan» tifoiak hildakoak zenbatzeko lanek astiro-astiro egiten dute aurrera
Filipinetako iturri ofizialek jakinarazitakoaren arabera, gutxienez 1.744 hildako eragin ditu «Haiyan» tifoiak herrialde horretan. Hala eta guztiz ere, ofizialak ez diren beste datu batzuek diote hamarka mila lagun hil direla. Laguntza humanitarioa banatzea da orain lehentasunetako beste bat.
Nazio Batuen Erakundeak, esate baterako, duela lau egun artxipelagoa kolpatu zuen tifoiak 10.000 lagunen heriotza eragin duela baieztatzen du.
Filipinetako Hondamendien Kudeaketarako Kontseilua ari da zenbaketa ofiziala egiten, eta kaleratutako azken informazioen arabera, 1.744 lagun hil dira eta beste 2.487 zauritu.
«Haiyan» tifoiak hamar milioi lagunei eragin diela kalkulatzen du Gobernuak, eta gutxienez 660.000 pertsonek beren etxea utzi behar izan dutela uste dute.
Horrez gain, kaltetutako lagunei laguntza humanitarioa helaraztea da lehentasunetako bat, baina lana ez da erraza. Izan ere, Leyte uhartean inkomunikatuta gelditu diren herrixka ugari daudelako.
«Zona berrietara heltzea lortzen dugun heinean, tifoiak hildako lagun gehiago aurkitzen ditugu», azaldu du NBEetako sail humanitarioko kide den John Gingek.
Bitartean, beste talde batzuk ere ari dira errepideak garbitzeko lanetan, laguntza daramaten kamioiek beren betebeharra egiteko aukera izan dezaten.
Deforestazioak, legez kanpoko meatzeak, azpiegituren eskasiak eta txabolismoak modu ikaragarrian areagotzen dituzte Filipinetan ohiko diren eurite eta tifoien ondorioak.