INFO

Olentzero kantari dator GARArekin asteburuan

Aurten kantu kantari eta kontu kontari dator Olentzero, GARArekin batera. Menditik jaisteko falta zaizkion egunak ia bi eskuetako hatzekin zenbatu daitezkeen honetan, larunbat eta igandean ikastoletan eta haurren jolasetan kantatuenak diren 60 abestiak eskuratzeko aukera dakar, bilduma koloretsu batean.

Liburuaren ilustrazio bat.

‘Txiki, txiki, txikia’, ‘Pintto Pintto’, ‘Maite zaitut’, ‘Jon Braun’, ‘‘Ran rober ran’... urtee-tan zehar osatzen joan da kantutegi hau, kasu batzuetan belaunaldi ezberdinen artean ahotik belarrira pasaz eta beste batzuetan duela oso urte gutxitatik hona. Guzti-guztiak dira oso kantu ezagunak eta arrakasta handikoak. Atzoko eta egungo musikari eta egileek bat egiten dute bilduman: Imanol Urbieta, Josu Txapartegi, Pirritx eta Porrotx...

Musikatik harago doazen kantuak dira, barnean biltzen dituzten milaka istorio eta konturengatik. Horri guztiari forma irudimentsu eta alaia eman dio Eider Eibar ilustratzaileak (aurretik ‘Katixa katu botaduna’ bilduma egin zuena).

Familia giroan gozatzeko lana da GARAk asteburuan dakarren hau: umeek marrazkiak dasta ditzaten, gurasoek eta aiton-amonek letrak ikas ditzaten... Etxeko guztiak asebeteta uzteko moduko Gabonetako oparia, alegia.

Kantuen letrak biltzen ditu liburuak, baina musika ere eskuragarri dago, propio prestatutako web orri berezi batean: www.naiz.info/haurkantak hain zuzen ere. Ikusi, ikasi eta, batez ere, abestu!