INFO

Kaltetu guztientzat irtenbidea aldarrikatu dute Grumal eta Edesako langileek

Fagor Etxetresnak kooperatibaren itxierak zuzenean kaltetu dituen enpresetako langile eta bazkideek Mondragon taldearen jarrera salatu dute eta bazkide ez diren beharginentzat ere irtenbideak bilatzeko exijitu diote.

Gasteizko Legebiltzarrean bukatu dute manifestazioa Grumal eta Edesako langileek. (ARGAZKI PRESS)

Grumal eta Edesako langileek manifestazioa egin dute gaur eguerdian Gasteizen, Ama Zuriaren plazatik Legebiltzarren egoitzaraino, Fagor Etxetresnak kooperatibaren itxieraren ondorioz bazkide ez diren beharginen egoera salatu eta Mondragon taldeari eta Lakuako Gobernuari guztientzat irtenbide bat bila dezatela aldarrikatzeko.

Legebiltzarrean agiri bat entregatu dute, bizi duten egoera azaltzeko. Grumaleko enpresa batzordeko Patxi Isasmendi lehendakariak esan duenez, Fagor hartzekodunen konkurtsoan sartu zuenetik «oso gutxi» izan dira Mondragon taldearekin izan dituzten bilerak. «Inor ez da gurekin bildu», salatu du.

Isasmendiren arabera, kooperatibak dio Administrazio konkurtsalak kudeatu behar duela auzia, baina bere esanetan organo horrek «enplegu erregulazioko espedientea kudeatuko du, ez guretzako irtenbide bat».

«Besteren kontura diharduten langileak, taldeko bazkideak, Lagun Aron kotizatzen ez duten bazkideak, aurrez erretiroa hartu dutenak, 55 urtetik gorakoak eta kaltetuen kolektiboa erabateko babesgabetasunean gaude egoera honi aurre egiteko», nabarmendu du.

Horren aurrean, Lakuako Gobernuari «aurrera pausua egiteko» eta Mondragon taldeari diru publikoarekin egiten dizkion ekarpenak «kaltetutako kolektibo guztientzat» konponbidea bilatzeko bidera ditzala eskatu dio. «Bestela, kaleratzeen konplizea izango da», ohartarazi du.

Mondragon taldeari eta erakunde publikoei beste dei bat erecegin die: Bazkide ez diren langileek bazkideen «tratu bera edo antzekoa» izan dezatela beste enpresa batzuetan lana bilatzeko orduan.